Futbola

«Pandemia osteko egoerarako, Reala ondo kokatuta dagoela uste dut»

Realaren une gozoan, «lanean» segitzeko beharrari egin dio azpimarra Jokin Aperribai. Mandatari debarrak «pertsonei eta metodologiari» garrantzi handia ematen dio, eta kluba aurrerako bidean dagoela esan du: «Helburu handiak ditugu lortzeko».

Jon Ander De la Hoz-Ainara Arratibel Gascon
2021eko urriaren 8a
08:37
Entzun

Jokin Aperribaik (Deba, Gipuzkoa, 1966) Anoetako estadioan duen bulego dotorean orri gutxi ikus daitezke. Gogoan du dena. Argi du nolako Reala nahi duen, eta helburu hori lortzeko bidea zein den. Ia bi orduko jario etengabean, klubarekin lotutako gai guztiak aletu ditu BERRIArekin, alerik bazter utzi gabe.

Bi talde nagusiek liderrek adina puntu dituzte, gizonezkoak Europa ligan daude, Reala B bigarren mailan… Kirol arloan, zure agintaldiko unerik onena al da?

[Gizonezkoen] bi talde nagusiak ez dira egon aldi berean bi maila gorenetan 1962az geroztik, eta emakumezkoak izugarrizko lana egiten ari dira. Oso une ona da. Pertsonek egiten duten lanari garrantzi handiagoa emango nioke, ordea: metodologian, astelehenetik ostiralera onenak izatean. Azken hori funtsezkoa da; ez da igandeetan ez dugula lehiakor izan nahi. Realak jakin behar du bere aurrekontua kudeatzen, pertsonekin eta egiteko moduekin eraginkorra izaten. Horretarako, ezinbestekoak dira metodologia, datuen kudeaketa, digitalizazioa, eta abar. Argi izan behar dugu entrenamenduak zertarako diren. Hori guztia igandeko paseetan islatzen da.

Presidenteak zer hausnarketa egiten du sasoi hasieraz?

Nik informazioa dut, klubaren barruan nagoelako. Uste dut Reala norabide egokian dagoela, astelehenetik ostiralera gauzak egiteko duen moduan. Ez naiz hortik mugituko, baina igandeari soilik helduta, hausnarketa bakarra dut: zer pena, urrian gaudela, eta ez maiatzean. Gustatuko litzaidake maiatzean egotea! Oso ondo hasi ditugu txapelketa guztiak. Ikusi beharko dugu noiz arte heltzen diogun: ahal duguna eta apur bat gehiago izango da, dena emango dugulako.

Sarri esan ohi duzu Realak astelehenetik ostiralera «onena» izan behar duela. Roberto Olabe futbol zuzendariak gauza bera esan zuen orain asko ez dela. Zuen egiteko modua laburtzen du horrek?

Bai. Guk ezin dugu bermatu igandeetan onenak izatea. Eliteko futbolaz ari gara, gaitasun handiko jendeaz. Guk gehienbat harrobiko jokalariez hornitzen den klub bat dugu, mugagabeko aurrekontu bat ez duena. Aste barruan onenak izaten saiatu behar dugu: entrenamenduan, ezagutzan, metodologian. Arlo bakoitzean hobetzen badugu, eta jokalariak geroz eta erabaki hobeak hartzeko prestatzen baditugu —azken finean horixe baita partidetan egiten dutena—, lehiakorragoak izango gara. Astelehenetik ostiralera arlo horiek landuta, emaitzak lortuko ditugu igandeetan.

Realaren egiteko modu hori besteen desira bilakatu al da?

Ez dakit hala den. Realak dena digitalizatua du: hiru urteko lan zikloak ditu, eta zazpi asteko azpizikloak. Oinarrizko futbolaz ari naiz, Bigarren Mailara artekoaz. Jokalarien hobekuntza da xedea, eta ariketa bakoitza horretara bideratuta dago. Onena ote den? Agian, besteentzat ez. Realak hori exijentziarekin uztartu behar du, eta eredu horrek seriotasuna eta planifikazioa eskaintzen dio garai bakoitzari. Horrek kontzentratuago aritzea ekartzen du. Bide hori jorratzen badugu —momentu txarrak ere biziko ditugula jakinda—, uste dut Realarentzat eredu ona dela.

Realaren gorengo taldeak sailkapenetan horren goian ikustea espero al zenuen?

Ez dakit aditza espero izatea den. Desioa eta ilusioa banituen, eta gai ginena ustea ere bai. Uste dut gai garela: orain bi urte, [gizonezkoen] Reala jardunaldi batez izan zen ligako lidergoan. Iaz, sei jardunalditan. Orain zortzigarrenean gaude, eta lidergoan berdinduta gaude. Hiru sasoitan hor egoteak zerbait esan nahi du, baina esan nahi du ezin dugula luzaroan geldirik egon, oraindik hobetzen segi behar dugula. Etapa bakoitzean pertsona on-onak ditugu, eta azkenengoan, lehen taldean, ezagutzaren, exijentziaren eta eboluzioaren ideiak argi dituen entrenatzaile bat daukagu [Imanol Alguacil]. Astelehenetik ostiralerako prestakuntza oso ona da, partidena ere bai, eta horrek emaitzak lortzea ekarri du. Noski, jokalariek ere badute meritua, entrenatzaileak eta klubak nahi duten horrekin bat egiten baitute. Azken hiru urteetan, Reala ez da seigarren postutik asko aldendu. Europan irudikatzen dugu, bosgarren edo seigarren postu horien lehian, eta, tarteka, laugarrengoan ere bai. Ea gehiago hobetzerik dugun: eredu ekonomikoan, kirol arloko kudeaketan eta halakoetan pentsatu behar da. Ez da kasualitatea Futbolaren Zuzendari Orokor bat edukitzea [Roberto Olabe]. Garrantzi handia ematen diogu horri, ez dugu ahaztu behar futbol klub bat dela.

Anoetako edukiera osoa bete daiteke atzotik. Zer balorazio?

Poza da. Pandemian zehar bakoitzak berea bizi izan du, eta gizarte bezala ere bai. Lastima izan da hau bizi behar izatea. Orain irribarretsu gaude. Reala bere zaleentzat da, eta taldeak asko irabazten du zaleei esker. Azken partidan, %60 beteta, asko igarri zen. Ilusio handia dugu. Esan egingo dizut: taldeak [Espainiako] Kopako garaikurra eskainiko die zaleei hilaren 16ko partidan, Mallorcaren aurkakoan. Oraindik lotzeke dugu erabat, baina partidaren aurretik izango da. Sevillako finalean falta izan zen gauzetako bat txapeldunak, txapeldunak! abestea izan zen. Realeko zaleek denbora asko zeramaten hori abestu gabe, eta ziur nago oraingoan gertatuko dela.

Estadio eraberrituko lanak, zelaiaren jirakoak behintzat, ia amaituta daude. Zein aho zapore utzi dizute?

Bikaina. Batetik, Donostiako Udaleko alderdi politikoen adostasunak. Uste dut denen keinu on bat izan zela. Gero, lana egiteko moduengatik: hasi eraikuntza enpresetatik, ingeniariak, Donostiako Udaleko langileak… Denak batera aritu gara. Esfortzu handia izan da. Baita zaleen jarrera ere, batzuk hiru aldiz ere aldatu behar izan ditugulako. Ez dugu kexarik izan. Jendearen konpromisoa erabatekoa izan da, proiektu zail bat asko erraztu digute. Akaso norbaitek esango du ez dudala tutik ere jakin, baina uste dut baietz, bertan egon naiz eta.

Arlo estetikoan aldaketa handia izan da. Zer sentipen utzi dizu?

Uste dut ezinbestekoa izan dela. Realak estadioa eraberritzeko aukera une onean izan du. Udalak oniritzia eman zuenean dirua zuen, ia orobat Realak ordaindu baitu kostu hori. Epe labur, ertain eta luzera har genitzakeen erabakiak. Uneko etekinetan inberti genezakeen, baina azpiegituran inbertitzea hobetsi genuen. Uste dut antzeko ikusmira bateratua izan dugula guztiok: nora doan futbola, nola merka daitekeen, pertsona gehiagorengana nola ailega, Realaren inguruko sentipenak nola bil. Uste dut estadioa eta Zubieta oso garrantzitsuak direla Realarentzat. Realak zaharkituta geratzeko arriskua zuen, iraganeko lorpenei begira geratzekoa. Uste dut klubak 2020ko eta 2030eko hamarkadak etorkizunera begira hasiko dituela, indar handiz hasi ere. Eta estadioa gako da horretarako.

Estadioaren kanpoaldeko lanek asko falta dute amaitzeko. Zein fasetan daude?

Bi gauza gertatzen dira. Batetik, estadioaren izkina batean jatetxe bat irekiko da, eta Udalaren baimenen zain daude. Azken fasean daude horiek. Bestetik, Donostiako Metroaren lanek eragindakoa da. Lan horiek eragina dute Topoan, geltoki berri bat egingo delako. Inguru hori eraberritu egingo da, urbanizatuz; Metroaren lanek atzeratu egin dituzte estadioaren kanpoaldea amaitzeko lanak.

Estadioa eraberritzeko prozesuak utzi al dizu arantzarik?

Ez dakit esaten. Ziur egon direla erabaki ñimiño batzuk gaizki hartu direnak, baina, oro har, ez dakit esaten.

Bere gaian, pandemiak eragindako galera 30 milioi eurotan zenbatu zenuen. Nola egiten zaio aurre horri

Kontuak koadratzen ari gara. Litekeena da galera txikiren bat izatea. Auditoreek esaten digutenaren araberakoa izango da. Arlo ekonomikotik esfortzu handiko garaia izan da. Bi sasoi garrantzitsu izan dira, eta garaikur bat egon da jokoan. Alde horretatik, Kopako finala oso partida zaila zen, urtebete lehenagotik bagenekielako jokatuko zela. Pandemia hasi zenetik genekien jokatzeko zegoela, final berezi bat gainera [Athletici oparitutako eskultura baten erreplika erakutsi du. Futbola eta laguntasuna du izena]. Nire familiari begiratu besterik ez dago: Ondarroako lehengusu ia denak Athleticekoak dira, eta, nire emaztea bilbotarra denez, haren familia ere bai. Gatozen harira: urtebete lehenagotik genekien partida berezi bat jokatu behar genuela, eta ekonomikoki hanka sar zitekeen, lehen taldearen inguruan behar ez genuen tokira geratuko bagina. Alde horretatik, pandemiako bi urteak kontuak orekatuta uztea zaila izan da. Eragin handia zuten diru sarrera asko izan ditugu: babesletzak, UEFAkoak, telebistakoak… Uste dut bi urteetako kudeaketa ona izan dela, lehen taldearen lehiakortasuna mantenduz. Hori, jakinda 34 urteetako lehen finala zutela gizonezkoek, eta final hori irabazi egin behar zela jakina. Batura asko eman dira: estadioarena, Zubietako metodologiarena, Kopako ilusioarena, beste taldeetara joateko aukera izanagatik Realean geratu diren jokalariena, 35.000 bazkideena… Horrekin, Gipuzkoak Realarekin gozatu ahal izan du, eta hori oso argi edukitzen saiatu gara pandemian zehar. Nik gogoan dut finala irabazi eta hurrengo eguneko afarikoa. Seme batek galdetu zidan zer sentitzen nuen, eta esan nion irabazi beharreko partida irabazi genuela. Hori zen nire sentipena. Pandemia modu askotara kudeatu zitekeen, guk era bat hautatu genuen, eta zuhurki esanda, pozik nago: 35.000 bazkide ditugu, Kopa etxean, jokalariak ere bai, Europan, taldeak gora begira… Horrekin ez dut esan nahi aurre egiteko modurik onena denik. Bat hartu genuen, eta honaino heldu gara.

Nolakoa izango da pandemiatik berreskuratzeko aldia? Klubak kokapen ona al du berriz martxan jartzeko?

Guri klubaren gaiek eragiten digute, baina baita gai kolektiboek ere. Gurean, esaterako, bazkideen gaia dugu. 35.600 dira, eta horrek ilusio eta indar handia sortzen du. Europan jokatu arren, aurrekontuan ez dugu klubari laguntzeko egun erdirik. Lehen halako bi ere izaten zituen Realak. Lehen bazkideei 21 urtera arte egiten zitzaizkien beherapenak; orain, 30 urte bete arte. Kontzeptualki, sarrerak merkatu egin ditugu. Apurka, futbola geroz eta eskuragarriago jarri nahi dugu. Gainontzean, babesleei dagokienez azken hilabetea oso ona izaten ari da datozen hiru edo lau urteei begira. Enpresa garrantzitsuekin ari gara lanean. Bada gehiago: Alex Sorlothek eta David Silvak Realera etortzeko zalantzarik ez izatea. Horrek guztiak erakusten digu Realak ondo berreskuratzeko gaitasuna izango duela. Arlo kolektiboan, telebistako eskubideen negoziazioa helduko da laster, eta ligako buruek berdintzea espero dute. Ingalaterran, Alemanian, Frantzian eta Italian jaitsi egin dira diru sarrerak. Une garrantzitsuan gaude CVC inbertsio funtsarekin egindako akordioari dagokionez ere. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Nik uste dut, oro har, Reala ondo kokatuta dagoela. Atzera begiratuz gero, orain hamahiru urte 40 milioi euroko funts negatiboak zituen Realak. Orain, 65-70 milioi euroko funts positiboak. Urtebetean bizpahiru miloi galtzeak ez du eraginik. Orain pixkanaka egin behar da lana.

Akziodunen batzarra abenduan izan ohi da. Reala nolako egoera ekonomikoan dago?
Bai, noiz egin aztertzen ari gara, partida asko daudelako tartean. Ondare aldetik egoera kaudimentsua da. Diruzaintza aldetik, pandemiaren eta estadioan egindako inbertsioaren arteko baturak une zailagoa izatera behartu gaitu, baina beste klub askorekin alderatuta egoera ona da. Gauza batengatik oso pozik nago: diruzaintza lehengoa ez bada, dirua estadioan sartu dugulako da, hura ordaindu dugulako. Beste zerbait egin izan bagenu, tira, baina Realak 2016-2017koan estadioko inbertsioari aurre egitea onartu zuen, eta gero pandemia etorri zen. Halere, neurrian esanda, ondo gaude. Ez suziriak jaurtitzeko moduan, baina bai etorkizunari lasai heltzekoan.

Gizonezkoen lehen taldeko elastikoak ez du babesle nagusirik. Izango al du aurki?

Lehen esan dut azken hilabetea oso garrantzitsua izan dela datozen urteetako babesletzetarako. Mallorcaren aurkako partidan elastikoan babeslea edukiko du Realak. Patxadaz hartu ditugu negoziazioak, nahiz eta jakin sasoia babeslerik gabe hasi genezakeela. Egia da azken urteetan halako ezegonkortasun bat izan dugula elastikoko babesletzaren gaian, baina gurearen moduko klubei gertatzen zaiena da sektore jakin batekoak gerturatzen direla, eta kluba haietakoren batekin lotzen dela. Azken hiruzpalau urteetan apustu etxeak izan dira, eta guk uko egin genion horri. Horrek ezegonkortasuna ekarri du, garai hartan aukera eduki arren baztertu egin genuelako. Aurten eduki genuen enpresa batekin ekainean sinatzeko aukera, baina bestelako zerbait nahi genuen. Gustura gaude: lotu ditugu hurrengo urteetarakoak, eta hiru edo lau urteetan egonkortasuna emango digute.

CVC funts inbertsoreak eta La Liga erakundeak hitzartutako akordioaren alde ez egiteak «solidariotik gutxi» duela esan zenuen. Zergatik?

Uste dut funts inbertsorearen inguruko analisiek norbere aldekotasunekin zerikusi handiagoa dutela. Nire ustez, bi arlo ditu. Liga da bata: lehiakorragoa izango da, irekiagoa. Eta zaleak dira besteak: akordio honen bidez, zaleengana gehiago gerturatu ahalko dugu, inbertsio teknologikoaren bitartez. Malgutasunera jo behar dugu, hala eginda futbolak irabaziko duelako. Bi arlo horietan soilik oinarritu behar dugu, ez beste ezertan. Pertsonen eztabaidengatik, gaia funtsa nahitaez erabakitzera murriztu da, baina hortik harago doa: akordioak liga lehiakorragoa egingo al du? Bai. Zaleentzat onuraduna al da? Bai.

Orain hilabete batzuk esan zenuen hurrengo inbertsio handia Zubietan egingo dela. Zertan datza?

Instalaziok hobetzea, digitalizazioa, birtualizazioa, eta ikuspuntu berdinzalea. Egia da, une honetan ez dugu begirada bera gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeekiko, eta hori hobetu nahi dugu. Inbertsio bat egin nahi dugu emakumezkoen eraikinean. Gero, Zubieta irekiago bat egin nahi dugu. Goitik sartuko da, eta eraikin bat ikoniko bihurtu, erreferentzialtasuna izan dezan. Bi sail jorratuko ditugu: emakumezkoena, eta zaleena. Nahi dugu zaleak eroso egotea, eta horretarako behar diren tresnak jarri nahi ditugu. Beste berritasuna Gorabide eta lehen taldearen eraikinak eraberritzea da, eta baita klub itunpekoentzako eremu bat egitea ere. Asmoa pertsonentzako berdintasuna eta ekitatea bilatzea da.

Zubieta da Realaren itsasargia. Bistan da bolada onean dagoela.

Etorkizunari begira ari gara. Esaterako, hausnartzen badugu gizonezkoen lehen taldeak sailkapenari nola eutsi dion horrenbeste jokalari min hartuta izanda ere, erantzuna argia da: Reala B funtsezkoa izan da. Bigarren Mailan egotea garrantzitsua izan da; bestela, orain igo diren jokalarietako asko beste taldeetan utzita egongo ziren, eta ezingo litzateke haien jokoa probestu. Kate bat da.

Xabi Alonsok zein rol jokatzen du lotura horretan?

Bigarren taldea koroaren perla da, eta lehen taldea, lantzaren punta. Gizonezkoen futbolaz ari naiz. Bigarren taldeko entrenatzaileak Zubieta osoa ulertu behar du. Xabirekin dugun zortea da etxeko jokalaria dela, eta futbola bere zirrikitu guztietatik ezagutu duela: jokalari batek lor ditzakeen garaikur denak eskuratu ditu, ligarik garrantzitsuenetan jokatu du, eta mundu mailan erreferente diren taldeetan aritu da. Badaki zer den irabaztea, zer galtzea, eta badaki zer den Reala. Luxu handia da hura hemen edukitzea. Xabi Realean egon daiteke berak nahi duen artean eta nahi duen moduan. Kasua da entrenatzaile oso onak ditugula lehen hiru taldeetan, eta horrek Reala aberasten du. Xabi gazteen hezte prozesuarekin oso lotuta dago, eta eskertuta gaude.

Beste helburu profesional batzuk bilatu nahiko balitu, nola kudeatuko luke presidenteak?

Oso erraza da, pertsona argiez ari garelako. Xabi Alonso da Imanol egiten ari den lanaz jabetzen lehendabizikoa. Horrek ez digu kezkarik sortu behar. Ez gara ziklo aldaketan pentsatzen ari, denek harreman izugarri dute elkarren artean. Ez da arduratzen gaituen zerbait. Imanol bikain ari da, eta Xabi ere bai.

Imanol bikain ari dela esan duzu. Taldea lortzen ari denaren zein zati dagokio oriotarrari?

Azken kilometroaren zuzendaria da. Realak ezin du ibilbide bat prestatu, eta azken kilometroko zuzendari orokorrak [lehen taldeko entrenatzaileak], Zubietarekin ez konektatzea: kontrako norabidean joatea eta aurreko kilometroak aldatzea. Ez baitu emaitza onik lortuko. Akaso, onena izango da, baina hori ez da Zubietaren definizioa. Entrenatzailearen lana azken kilometroaren zuzendaria izatea da. Eta Imanol, lan horretan, bikain ari da, aurrez bigarren taldean egin zuen moduan. Gainera, futbolarekiko duen ikuspuntu ebolutiboa oso jakina da, eta uste dut Olabek zerikusi handia duela horretan. Gehitu horri bere exijentzia maila, grina, eta lorpenak lortzeko ilusioa… Oso gustura nago Zubietan ari diren guztiekin, oso ondo egiten dute hori.

Azken kilometro horren une onaren arrazoia zein da?

Asko daude. Egonkortasuna, elkarrekiko konfiantza, helburuak lortzeko grina. Ez dut ezkutatuko: orain hamar-hamabi urte, Realean beldurra eragiten zuen irabazteaz hitz egiteak: «Eta galduz gero, zer?». Lor dezakezula pentsatzen ez baduzu, ez duzu lortuko. Entrenamenduetan ere irabazten saiatu behar da. Azken kilometroan profesional gazteak daude, klubari lehiakortasuna eman dietenak: Ander Gebara, Luca Sangalli… Jokalariek beren helburuak bete ditzaketela sinestea ezinbestekoa da. Minutu bat ere galdutzat ez ematea —eta horretan garrantzitsua da Imanol—, jokoan une oro hobetzea, erabakiak hartzen ikastea… Horiek oso garrantzitsuak dira: aurkariekiko zaintzak eta trantsizioak dira horren adibide. Jendeak konfiantza handia du azken kilometro horretan: entrenatzaileak, jokalariek eta Olabek osatzen dute. Eta konfiantza dago —klubaren barruan eta kanpoan— horretarako datuak ditugulako.

Eindhovenen (Herbehereak) jokatu aurretik, goiz hartan, esan zenuen: «Galtzeko, etxean geratuko nintzen». Europa liga irabaztea Realaren helburuetako bat al da?

Dudarik ez izan: Reala Europa liga irabazten saiatuko da. Eta baita liga ere. Mallorcaren aurka zelairatuko gara pentsatuz irabaziz gero liderrak izan gaitezkeela. Gero hamabigarren bukatzen badugu ere. Baina ez dugu engainatuko: saiatu egingo gara. Ez dakit noraino helduko garen, gure mugak baditugulako, baina besteek ere badituzte. Eindhovenen bina berdindu genuen, eta jokalariei, aldagelan, galdetu nien ea galdu egin ote genuen. Anbizio handiko jokalariak ditugu, eta gustatzen zait ikustea ez daudela lokartuta. Eta zaleengan pentsatzen dutela: nola hitz egiten duten haiek zelaian ikusten dituztenean… Exijentzia handia dute, eta behar du: Realaren gisako aurrekontua duen talde batek, aurrera ez badu begiratzen, beste multzoan geratzen da. Zaila da lokartuta helburu mardulak lortzea.

Jokalariak erakusten ari diren maila kontuan izanda, haiek galtzeko beldurrik ba al duzu?

Lehen orain baino gehiago. Hasteko, jokalariek geratu egin nahi dutelako. Bigarrenik, gertutako balitz ere ordezkoak ekartzeko prestatuta gaudelako. Hirugarrenik, harrobikoak sendo daudelako. Laugarrenik, badakigulako gerta daitekeela. Joanez gero, erantzuna emateko prestatuta egon behar dugu. Willian Joseren irteera da adibide bat: ostegun batez deitu zuen Betiseko presidenteak, eta bi ordu eskatu nizkion. Imanolekin eta Olaberekin hitz egin nuen, eta baiezkoa erabaki genuen. Ordezkoen inguruan hasi, eta izen bat alde egin genuen. Arratsalderako baietza eman zigun: Alex Sorloth zen. Prest egotea da gakoa. Oxala ez gertatzea, baina jazo daiteke. Eta horretarako denok egon behar dugu prestatua. Agian, halakoetan bide luzea da hoberena, ez uneko erantzuna. Imanol Agirretxek eta Sergio Canalesek Madrilen min hartu zutenerako erabakita genuen Chory Castro saltzea. Hiru jokalari horiek gabe geratzea ez da txantxa bat. Eta segituan errendimendu ona eskainiko zukeen bat ekarri ordez, Mikel Oiartzabal lehen taldera igotzea pentsatu genuen. Epe laburrera, agian, ez zen erabakirik ulergarriena izango, baina ertain-laburrera… Batzuetan, biderik hoberena ez da laburrena izaten.

Emakumeen taldean, denborak erakutsi al du Natalia Arroyo fitxatzea erabaki zuzena izan zela?

Natalia gaitasun handiko pertsona da. Urte hartan bi erabaki egon ziren. Lehena, emakumezkoen saila ere futbol zuzendaritza orokorraren barnean sartzea. Bestea, Natalia ekartzea. Profesionalizaziorako urratsa izan zen. Horretan pauso garrantzitsuak ematen ari gara, eta gehiago egingo ditugu: eraikin berria, esaterako. Administrazio Kontseiluan ados gaude emakumezkoena ere zuzendaritza orokorraren barnean sartu izanarekin.

Zein da Garbiñe Etxeberriak egun egiten duen lana?

Lehengoaren antzekoa. Futbol zuzendaritzaz ari garenean, ez gara fitxatzeaz soilik ari. Metodologiaz, etengabeko hobekuntzaz, kirol analisiaz, eta abar ari gara. Zenbait alor biltzen ditu; proiektu polit bat abiatu da elikaduraren inguruan, gaitasun fisikoarena, gorputz eredu bakoitzaren egokitzearena, lesioena… Kirolarien hobekuntza alorrean zenbait gai ditugu, horiek lantzen ari gara, eta emakumezkoen saila ere hor integratzearen alde egin dugu. Profesionalizazioaren aldeko beste urratsa da. Realak orain hiru talde ditu, aspaldi ez dela bakarra zuenean, eta emakumezkoek beren espazio propioak dituzte.

Uda zaila izan zen emakumezkoen taldean. Hasiera onak balio handiagoa du?

Uda bilatutakoa izan zen. Ez zen ezustekorik izan. Jakin behar dugu aginte kate bat dagoela: jokalariak jokalari dira, entrenatzaileak entrenatzaile, eta futbol zuzendariak, zuzendari. Hori oso argi dugu. Jokalariek jokalari izan behar dute. Talde bateko jokalari izateagatik ez duzu kirol zuzendari izan behar, ez entrenatzaile, eta ez egokitzen ez zaizun ezer. Realak argi du pertsonarik onenak jarri behar dituela dagozkien lekuetan. Proiektu indartsua eduki nahi dugu epe ertain-luzean, eta gazteenak ondo hezi. Eta bide horretan, bakoitzak bere onena eskaini behar du bere arloan, eta jokalariena entrenamenduetan eta partidetan egitea da.

Gustura zaude orain artekoarekin, ordea?

Lehen partidei begiratuta erantzungo banizu, bentajista izango litzateke, eta ez dut nahi. Nik uste dut hartu ditugun erabakiak epe luzerakoak izan direla. Ez dut pozik egon behar orain, nahiz eta hala egon. Egiturazko erabakiak hartu ditugu, eta ondorioak aurrerago ikusiko ditugu. Jokalari batek esan zuen: «Egon nahi dugunok gaude hemen», eta hala da. Ezin da pentsatzen aritu kanpoan hobeto egon naitekeela, edo kezkatuta egon lehia eduki dezakedalako. Hemen argi dugu zertarako gauden: egunetik egunera profesionalagoak izateko, eta Reala egunetik egunera hobeagoa egiteko.

Emakumezkoek jokatuko al dute aurten Anoetan?

Une jakinetan, bai, gustatuko litzaiguke. Partida asko ditugu Anoetan, baina ziurrenik jokatuko dute. Tartea aurkitu nahian ari gara. Aukerak badaude, eta hori jorratzen ari gara.

Askotan errentagarritasunaz hitz egiten da ez zabaltzeko orduan, baina Reala B ikustera joaten direnen adina ez al lirateke joango?

Oro har, Reale Arenako ateak gehiagotan ireki izan ditugu emakumezkoentzat. Aurten, bigarren taldea Bigarren Mailan dago, ordea, eta horrek betebehar batzuk gehitzen ditu. Haietako batzuk lehiaketak ezarritakoak dira: telebista, komunikabideak, VARa… Bete beharrekoak dira, bestela ez igo Bigarren Mailara. Bigarren taldeak Zubietan jokatzea zaila da. Gaia ez da Sanse ala emakumeen taldea, lehiaketarekin lotutakoa baino. Zubietako eraikin berriarekin egin nahi dugun gauzetako bat estadioa izatea da, bigarren taldearentzat eta emakumezkoentzat. 4.000 lagunentzako lekua izango luke, eta etorkizunera begirakoa litzateke.

Anoetako soropila aldatu egingo duzue. Kezkatzen zaituzteten gaia al da?

Estadioa eraberritu zenetik urtero aldatu dugu. Eguzki argi gutxi dago, euria… Iaz, aldatu genuenean, urtebeterako jarri genuen, manta moduko bat. Beheko aldeak ez dio belarrari hazten uzten, eta hil egiten du. Uste genuen Gabonetara arte eutsiko ziola, baina ez. Gero, gu oso exijenteak gara: Getafera joan ginenean jokalariak asko kexatu ziren. Eta horrek aldatzera eraman gaitu. Ikusiko dugu estrukturalki zelai iraunkorra jarriko ahal dugun, edo urtero aldatu beharko den.

Realak 92 klub itunpeko ditu. Nolakoa da harremana?

Ona. Erlazio historiko bat da, denboran zehar aldatu dena. Esaterako, lehen ez zegoen euskarri ekonomikorik, eta orain bai. Halere, beste alderdi batetik begiratzea atsegin dut: ez exijentziatik, hezkuntzatik baino. Zenbat lagun ote dabiltzan Gipuzkoako klubetan musu truk lanean. Klub horietan hezi egiten da, kirolean erakutsi, talde lanean, elkarbizitzan… Izugarrizko lana dago Gipuzkoako oinarrizko futbolean. Realak izan zezakeen jokalariak biltzeko beste modu bat, baina gureak harreman zuzena du eskola kirolarekin, eta Foru Aldundiak dituen helburuekin. Eskola kirolean neskek eta mutilek elkarrekin jokatzen dute. Eredu hori ez dut nik ezarri, baina bat egiten dut. Realak horretara egokitu behar du. Kosta egiten zait Realak Gipuzkoako nerabeak erakartzeko zailtasuna duela ikustea: Athleticek egiten du, Eibarrek ere bai, Bartzelonan ere badaude gipuzkoarrak… Jokalari gehienek Realera etorri nahi dute, baina Reala da jokalariak biltzen berantiarrena. Alde txar bat du horrek, batzuek ihes egin dezaketela, eta ona, haiekin asmatzea errazagoa dela. Baina ez dugu horregatik egiten; ez lehenago geureganatzearren, ezta asmatzearren ere. Gipuzkoako kirolaren ereduarekin bat egitegatik da, gure gizartearekin koherente izatearren.

Izan ere, Realak 12 urte baino gazteagokorik ez du, eta gutxienez, bi urte egiten dituzte Zubietan.

Hori da. Egiturara hamabirekin heltzen dira. 11 urterekin teknifikazioa egiten dute, eta gero batzuk Zubietara igarotzen dira. Lehenago fitxatu nahiko genituzkeela? Bai. Haur mailako taldeak izan nahiko genituzkeela? Bai. Haiek entrenamendu gehiago edukitzea nahiko ote genukeen? Bistan da baietz. Baina gure ingurura egokitu behar dugu, eta, gainera, ados gaude, ona dela uste dugulako.

Gaitasunaren garapena da zuen jardunaren zehar lerroa. Nola laburbilduko zenuke?

Guk astelehenetik ostiralerakoaz hitz egiten dugunean, gaitasunaren garapenaz ari gara. Konpromisoa dugu horrekin, eta ez du baloi bat jaurtitzearekin zerikusirik. Alderantziz, pertsona moldeaz, eskolako bideaz, adimen emozionalaz, jan ohiturez, Realaren kamiseta janztean duzun jarreraz eta abarrez ari gara. Hori da gaitasunen garapena, eta horretan onenak izan nahi dugu. Realetik ateratzen den nerabe sartzerakoan baino hobea izatea da helburua. Esaterako, Realak zortzi irakasle dauzka, eskolak emateko. Gaztetxoak Zubietan lau orduz egoten badira, lehendabizikoa ikasten ematen dute, hala behar badute.

Realak olinpiar kirolariak ditu. Zer esan nahi du zuretzat?

Handia da. Hori egin genuen aldaketetako bat izan zen. Gutxi gorabehera, Realak 1000 haur ditu. Haietatik 500 atletismoan ari dira, 250 hockeyan, eta beste 250 futbolean. Garai batean, atletismoko eta hockeyko arduradunekin genuen harremana urrunekoa zen. Egun Realean egiten dute lan. Jauzia egin dugu, eta emaitzak hor daude: hor dago Tessy Ebosele, luzera jauzian eta jauzi hirukoitzean etorkizun oparoa duena. Uste dut egun arlo horiek hobeto prestatuta daudela. Eguneroko harremana da oraingoa, eta eboluzioa ona dela uste dut. Gero, garapen bidean zenbait urrats egin ditugu; esaterako, Lasarteko hockey zelai berriko adjudikatzaile izateko aurkeztu gara, besteak beste.

2022. urtean amaitzen da zure agintaldia. Ordutik aurrera, zer?

Ez naiz horretan jarri, eta, gaur-gaurkoz, ez dut ezer aztertu. Ikusi beharko da indarrez nola nagoen eta jendeak zer nahi duen.

2008an sartu zinen, eta 2021ean gaude. Realaren egoera asko aldatu da.

Bai, asko. Azkar igaro zait denbora. Erabaki txiki asko hartu behar izan ditut, eta merezi duen zerbait izan da. Reala jendea batzen duen enpresa bat da, Gipuzkoa batzen duena, eta hala izan behar du beti.

Kaudimen ekonomikoa, Kopako bi garaikur lortzea, Europan jokatzea, bigarren taldea Bigarren Mailan… Orain arteko balantzeak ona behar du ezinbestean.

Bai, positiboa da. Baina garrantzitsuagoak dira pertsonak: Realaren jiran dagoen batasuna, estadioko giroa, haur pila bat eta helduak elastikoarekin ikustea…

Arlo pertsonalean zer moduz moldatu zara?

Astindu handia da. Lan asko egin behar da, baina, tira, jende asko dago lan asko egiten duena ere, eta Realeko presidentea izatea ohore bat da.

Etxekoek nola bizi dute?

Boladaka.

Kopako bi garaikurrak izan al dira unerik onena?

Agian, baina ni epe ertain-luzera begiratzearen zalea naiz. Galdetzen badidazu garaikur horien edo Gijonen (Espainia) eskuratutako ligaren artean zein hautatuko nukeen, esango nizuke ezberdina dela. Agian hobeak ez, baina okerragoak ere ez. Ezberdinak izan dira. Bestelako begiradarekin ikusten ditut.

Une txarrak ere bizi izango zenituen.

Jainkoari eskerrak, ahaztuak ditut. Nahiago izaten dut etorkizunera begiratu. Une gogorrak izan dira, baina, oro har, Realaren indargunea jendea da. Momentu txarretan eta onetan jendea Realekoa da, eta hori oso garrantzitsua da.

Oraindik helburu handiak betetzeko al dago Reala?

Bai, astelehenetik ostiralera onenak izatea [barrez]. Realak liga irabaziko du. Ez dakit noiz, baina bai. Klubak helburu handi asko ditu lortzeko: Zubieta hobeago bat, emakumeen futbolarekiko begirada hobeago bat, pertsonekiko begirada hobeago bat, ekitate eta berdintasun hobeagoa… Pertsonekin lotuta dagoen guztiak Reala hobetuko du, Gipuzkoa hobetuko du, eta gero helduko dira garaikurrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.