Nobel sariak

Ressa eta Muratov kazetariek jaso dute Bakearen Nobel saria

Bi kideek adierazpen askatasunaren alde eginiko lana txalotu du epaimahaiak.

Maria Ressa, artxiboko irudi batean. JUSTIN LANE / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 8a
11:34
Entzun

Maria Ressa eta Dmitry Muratov kazetariek jaso dute aurtengo Bakearen Nobel saria, «adierazpen askatasuna, eta, honenbestez, demokrazia eta bakea, babesteko eginiko lanagatik». «Baldintza gero eta zailagoetan» prentsa askatasuna defendatzen duten profesionalen eredu gisa aurkeztu ditu epaimahaiak: «Kazetaritza aske, independente eta oinarridun batek babes gisa funtzionatzen du, boterearen abusuei, gezurrei eta propagandari aurre egiteko».

Zehazki, Errusian eta Filipinetan eginiko «borroka ausarta» goraipatu dute. Izan ere, estatuen jazarpena jasan duten hedabideetan egin dute lan biek ere. «Adierazpen eta prentsa askatasunik gabe oso zaila izango da herrialdeen arteko senidetasuna, desarmatzea eta munduko ordena hobeago bat sustatzea», gehitu du epaimahaik.

Ressa jatorri filipinar-estatubatuarra duen kazetari eta idazlea da. Besteak beste, Rappler hedabidearen sortzaileetako bat. Aurrez, CNN katerako berriemaile lanak ere egin ditu Asia hego-ekialdean. Duela bi urte, atxilotu egin zuten Filipinetan, herrialdeko ziberkrimenaren aurkako legea aplikatuta, eta haren eta Rappler komunikabidearen aurkako hainbat auzi daude irekita. Atxiloketa hura prentsa askatasunaren aurkakotzat jo zuten nazioarteko hainbat erakundek, argudiatuta herrialdeko presidente Rodrigo Duterteren jardunaz eginiko kritiken ondorio zela; batez ere, «drogen aurkako gerraren» inguruan argitaratutakoengatik. Egun, Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltza ari da afera hori ikertzen. Ressa Time aldizkariaren urteko pertsonen zerrendan ere agertu zen 2018an, besteak beste, Jamal Khaxoggi eta Wa Lone kazetariekin batera, «albiste faltsuen aurka» eginiko lanagatik.

Muratov, berriz, Errusiako Novaya Gazeta egunkariko editorea izan zen 1995etik 2017ra arte. Karguan zela, 2007an, «Errusian influentzia nazionala duen egunkari kritiko bakar» gisa definitu zuen egunkaria Kazetarien Babeserako Batzordeak, eta Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Saria eman zion Muratovi. Sariaren helburua erasoak, mehatxuak eta espetxea jasan arren, prentsa askatasuna defendatu duten kazetariei ematen diete. Nobel Sariko epaimahaiak, berriz, Errusiako agintarien ustelkeria kasuak, balizko hauteskunde iruzurrak eta giza eskubideen urraketen inguruko informazioak argitaratzeagatik txalotu du Novaya Gazeta, egunkariko langileen «zintzotasun profesionala» goraipatu. Era berean, nabarmendu du, 1993an egunkaria sortu zutenetik, bertako sei kazetari hil dituztela: besteak beste, Anna Politkovskaia.

Bakearen Nobel Sariaren 102. edizioan, 329 hautagaitza aurkeztu dira; 234 norbanako eta 95 erakunde. Adierazpen askatasunaren aldeko kazetariez gain, OME Osasunaren Mundu Erakundea eta ingurumenaren defentsarako ekintzaileak ziren saria irabazteko faboritoetako batzuk. Gauzak hala, Ressak eta Muratovek Munduko Elikadura Programari hartu diote erreleboa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.