Sexu bereizketa egiten duten eskoletako armairua ireki eta aniztasuna aldarrikatu du Steilas sindikatuak

Ikasleak sexuaren arabera bereizita daude oraindik, eta legea betetzen ez bada ituna «berehala» eten behar dela esan du Steilasek.

Steilas sindikatuak El Redin ikastetxearen aurrean, Iruñean, egindako performancea. IñIGO URIZ / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2021eko urriaren 8a
13:39
Entzun

Performance bat egin dute Steilas sindikatuko kideek. Salatu dute sexuaren araberako bereizketa egiten duten ikastetxeetan ezinezkoa dela aniztasun afektibo-sexualari eta genero identitateari buruzko gaiak «behar bezala» lantzea. El Redin ikastetxearen aurrean egin dute, Iruñean. Segregazioaren armairutik atera! lelopean, zisheteropatriarkatuaren armairua ireki eta aniztasuna aldarrikatu dute. Salatu dute lesbianak, gayak, trans pertsonak, ez-binarioak, bisexualak eta intersexualak, besteak beste, «itxi» eta «ito» egiten dituela armairuak, eta «ikusezintasunera» eta «autozentsurara» kondenatzen dituela.

LOMLOE hezkuntza legearen arabera, ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten eskolek ezin dute diru publikorik jaso. Nafarroan lau zentrok ematen dute sexu bereizketa bidezko hezkuntza: Miravalles-El Redinek Zizur Txikian eta Iruñean, eta Irabia-Izagak Iruñean eta Cordovillan. Joan den astean Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak iragarri zuen «mailaka» amaituko dutela bereizketa. Steilas horren kontra agertu da: «Dena bat dator PSOEren ideologiarekin; status quo-ari eusten diolako, eta legeen aldaketak itxura hutsean gelditzen direlako». Beraz, legea betetzen ez bada ituna «berehala» eten behar dela esan dute sindikatuko kideek.

Horrez gain, salatu dute sexu bereizketa egiten duten ikastetxeetan ez direla betetzen bi lege; Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Legea eta LGTBI+ Gizarte Berdintasunari buruzko Foru Legea. Hortaz, «doktrinamendu fundamentalista katolikoak» ikasleen zenbait eskubide mugatzen dituela salatu dute; hala nola hezkidetzarako, genero autodeterminaziorako eta sexualitatea askatasunean garatzeko eskubidea.

Sexu bereizketaz gain, bereizketa sozioekonomikoa ere egiten dutela salatu dute: «Familia pobreetatik datozen ikasleak ez matrikulatzeko, kuotak, materialak, jarduera osagarriak eta abar ordaindu behar dituzte».

Euskal Herriko beste toki batzuetan ere badira sexu bereizketa egiten duten ikastetxeak, eta horietan ere bereizketa ekonomikoa egiten dutela salatu du Elkarrekin Podemos alderdiak; besteak beste, itunpeko ikastetxeetan ikasleek hilero 84 euroko kuota ordaindu behar dutela. «Badakigu ez dela deus berria, eta uste dugu errotik moztu behar dugun ohiko praktika bat bihurtzen ari dela», esan dute Isabel Gonzalez eta Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos alderdiko parlamentariek. Legez kanpokoa da kuotak ordainaraztea, eta Gonzalezek legebiltzarrean adierazi du jakin nahi dutela ea Hezkuntza Departamentua afera ikertzen ari den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.