Haur eta nerabeentzako erietxe psikiatriko bat inauguratu du Osakidetzak

Bilbon dago, eta hamabost adingaberentzako lekua du; gaur inauguratu dute Buru Osasunaren Mundu Eguna delako igandean

Gotzone Sagardui eta Iñigo Urkullu, zentrora egindako bisitan, gaur. IREKIA
2021eko urriaren 8a
13:53
Entzun

Buru Osasunaren Mundu eguna da izango da igandean, egun seinalatua da osasunaren arlo horri erreparatzeko, eta gogora ekartzeko ekitaldiak eta adierazpenak ugariak dira. Bat egin nahi izan du Osakidetzak ere, eta gaur inauguratu dute Bilbon haur eta nerabeentzat martxan jarriko duten erietxe psikiatrikoa. Saralegi plazan dago, hamabost adingaberentzako tokia du, eta hilaren 13an jarriko dute martxan.

Zentro berria martxan jartzeko 250.000 euroko inbertsioa egin dutela jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko iturriek. Oihartzuna eman nahi izan diote albisteari, eta inaugurazioan Iñigo Urkullu lehendakariak ere parte hartu du. 290 metro koadroko eremu bat hartuko du zentroak; hiru kontsulta ditu, eta orotariko jarduerak egiteko balio duten hainbat areto. Lehendakariak esan du izurrian ikusi dela buruko osasunak «arta handiagoa» behar duela, eta horri erantzuteko era emango duela zentro berriak. Oroitarazi du buruko nahasmendu asko 18 urteak bete aurretik agertzen direla, eta goiz diagnostikatzea oso garrantzitsua dela: «Era horretan. aurre egin dakieke kronikotasunari eta horren ondorioei».

Eguneko zentro bat da; buruko eritasun larriak dituzten adingabeak artatuko dituzte bertan, ahal bada ospitaleratuta egiten dituzten tarteak laburtu ahal izateko baliabide berri honekin. Buruko osasunaren arloan ari diren eragileen partetik aspaldiko eskea izan da tankera honetako baliabideak indartu behar direla. Osasun sistemak indartu egin nahi du gaurko urratsa egin eta gero ere, arta emateko ehundura: Bilbon bertan 30 leku dituen beste zentro bat irekitzekoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.