Etxebizitza

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoa alokairu prezioak tenkatutako eremutzat jotzea exijitu dute

Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Salvador Gonzalez Etxe Kaleratzeak Stop plataformako ordezkariak adierazi du 2015eko Etxebizitza legeak ez duela garapenik izan: «Ez da aplikatu»

Iruñeko Alde zaharrean, alokatzeko eskaera egiten duten etxebizitzak. IñIGO URIZ
joxerra senar
2021eko urriaren 8a
14:25
Entzun

Asteon, Espainian, PSOEk eta Unidas Podemosek etxebizitza legearen inguruko akordioa hitzartu dute. Oraindik xehetasunak ezagutu zain, Hego Euskal Herrian ez du zuzeneko eraginik izango printzipioz, etxebizitza politiken gaineko eskumenak dituztelako bi gobernuek. Dena den, gaia hizpide izan dute gaur Eusko Legebiltzarrean, Salvador Gonzalezek, Etxe Kaleratzeak Stop plataformako eledunak, egindako agerraldian.

Gonzalezen irudiko, etxebizitzaren arazoaren «konponbidea da alokairua», eta politika publikoen erreminta izan beharko luke. Haatik, plataformaren irudiko, alokairu prezioak gaur egun oso garesti daude, «batik bat hiriburuetan». Donostian, kasurako, batez besteko errenta 1.200 euro dela salatu du: «Ez dago hori jasango duen familiarik». Horregatik, plataformak exijitu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoa alokairu prezioek tenkatutako eremutzat jotzea.

Espainiako etorkizuneko etxebizitza legeak proposatzen du hiri, auzo edo herriak eremu tenkatutzat jo ditzakeela erkidegoetako gobernu batek, baldin eta alokairuaren batez besteko errenta KPIa baino bost puntu gorago igo bada eta batez besteko errentaren %30 gainetik badago. Gonzalezek ohartarazi du pandemia garaian hiru hiriburuetan alokairuak bost puntu igo direla; eta, aldiz, Euskal Herritik kanpo, beste hiri batzuetan jaitsi egin direla gogorarazi du.

Gonzalezen arabera, prezio horiekin famliek eta norbanakoek batez beste diru sarreren %40 bideratzen dute etxebizitzara, «eta hori bestelako gastu arruntak aintzat hartu gabe». Azaldu du azken hilabeteetan 416 etxe kaleratze izan direla; gehienak alokairuetan, baina hipotekei loturikoak handitzen ari direla eta hipoteka maileguak arautzen dituen lege berriarekin egoera «okertu» egingo dela ondorioztatu du.

Etxe kaleratzeen aurkako plataformak «positibotzat» jo du, hain zuzen, «estatu mailan lege batek alokairuaren prezioak» arautzeko neurri batzuk ezartzea. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio lege hori onartzen denean, aintzat hartzeko, Kataluniako edo Balearretako gobernuek iragarri duten bezala. Orain arte, politika publikoek etxebizitzaren salerosketaren alde apustu egin dutela nabarmendu du, eta hori aldatu behar dela uste du.

«Itxaropenak jarriak genituen EAEko etxebizitza legean, baina etsiak jo gaitu. Sei urte dira onartu zela, eta legea apenas aplikatu den. Abian jartzea galarazi egiten da». Gonzalezen arabera, gobernu barruan EAJk ez zuen lege hura babestu 2015ean eta orain ez du borondate politikorik abiarazteko, «bankuen eta etxebizitza lobbyen presiopean dagoelako».

Sei urtetan lege hori garatuko duten bi dekretu egin dira. Azkena etxe hutsen gainekoa. Bi urtez erabili gabeko etxeei metro koadroko hamar euroko tasa bat jartzea ezarri du Jaurlaritzak. Gonzalezen arabera, etxe jabeen interesak «gehiegi» aintzat hartu ditu gobernuak, salbuespenen bidez etxe huts multzo bat kanpoan geratzen delako eta dekretua aplikatzeak gutxienez beste bi urte bete beharko dituelako. Tasa hori ezartzea udalen esku uztea ere kritikatu du.

Plataformaren arabera, Vienan (Austria) etxebizitzen hiru laurdenak alokairu babestuak dira, eta beste hainbat diruz laguntzen dira. Etxebizitza eskubidea bermatuko duen neurriak ezartzeko eskatu du, kalean gera daitezkeen pertsonak «ez daitezen boluntarioz osatutako plataforma batera joan laguntza eske». Egoerari konponbidea emateko hainbat proposamen azaldu ditu: hala nola eremu tenkatuetan udal planak aurkeztera behartzea; etxebizitza erosteko kenkariak murriztea; alokairu prezioa mugatzeko indizeak ezartzea; eraiki daitekeen zorua gizarte alokairura eta babes ofizialera bideratzea...

Legebiltzarkideen erantzuna

Gobernuko bi bazkideek, PSEk zein EAJk, nabarmendu dute ekainean onartutako etxe hutsen dekretua instrumentu baliagarria izan daitekeela etxe hutsak merkaturatzeko. PSE-EEk erantzun du Jaurlaritzak baduela aukera udalak behartzeko erabili gabeko etxeen tasa hori ezartzera.

EH Bilduk, berriz, «interesgarritzat» jo du asteon Espainian iragarri den akordioa, baina onartu du oraindik orain alokairua arautzeko bidea dagoela. Akordioak proposatzen du hamar etxebizitza baino gehiago dituzten enpresei prezioak mugatzea. EH Bilduren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baldintza hori betetzen duten 34 enpresa daude, eta 1.110 etxe dituzte. Orotara 110.550 etxebizitza daudenez, etorkizuneko lege horrek berez etxebizitza parkearen %10ari eragingo liokeela zehaztu du.

Elkarrekin-Ahal Dugu-k bat egin du plataformak egindako azterketarekin, eta azaldu du eskubideak bermatuko dituen neurrien alde lanean ari direla. PPk, berriz, onartu du etxebizitzaren arazoa larria dela, baina kritikatu du, Europan proposatutako neurri batzuk aplikatu arren, ez dituela emaitzak lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.