AFGANISTAN

Gutxienez 40 hildako Afganistanen gertatutako eraso batean

Gutxiengo xiitaren meskita batean izan da atentatua, Kunduz probintzian, herrialdeko ipar-ekialdean. Dozenaka zauritu eragin ditu. EI Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa.

Meskitaren barnealdea, erasoaren ondoren. EFE
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 8a
16:12
Entzun

Ekintzaile suizida batek bonba bat leherrarazi du Jan Abaden, Afganistan ipar-ekialdean, eta gutxienez 40 lagun hil dira eztandaren ondorioz. Zaurituak dozenaka dira. Erasoa gutxiengo xiitaren meskita batean gertatu da. Kunduz probintziako Kultura eta Informazio zuzendariak nabarmendu du hildakoak 43 direla; Ariana Afganistango telebista kateak probintziako beste iturri ofizial batzuk aipatuz adierazi duenez, 50 dira zendutakoak. EI Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa.

NBE Nazio Batuen Erakundeak herrialdean duen misioaren arabera, hildakoak ehundik gora dira. Nazioarteko tropek herrialdetik alde egin eta talibanek abuztuaren erdialdean boterea hartu zutenetik Afganistanen gertatutako bosgarren erasoa da gaurkoa. Aurrenekoa abuztuaren 26an izan zen, Kabulgo aireportuan: 170 bat hildako eragin zituen EIren atentatuak. Joan den irailaren 18an, bi izan ziren. Jalalabad hirian bi autok eztanda egin zuten, eta horren ondorioz hiru pertsona hil ziren eta 20 bat zauritu. Hildakoak militante talibanak ziren. Egun berean beste auto bat lehertu zen Kabulen, baina ez zen hildakorik izan. EIk bere gain hartu zituen atentatuak.

Eta joan den igandean beste eraso bat izan zen hiriburuan, meskita batean. Talibanen buruzagi baten amaren omenezko zeremonia bat egiten ari ziren, bonba batek eztanda egin zuenean. Gutxienez zortzi pertsona hil ziren, eta hogei zauritu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.