Ekialde Hurbila

Palestinarren sumina eragin du Al-Aqsan otoitz juduak baimentzeak

Jerusalemgo epaitegiaren erabakia «gerra deklarazio bat» dela salatu dute PANek eta Hamasek

Palestinako fededun musulmanak otoitzean, Jerusalemgo Al-Aqsa meskitan. ATEF SAFADI / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 8a
20:01
Entzun

Otoitzak ez du barealdirik ekarri. Errezo kontuek hauspotu dute oraingoan Israelen eta Palestinaren arteko gatazka. Otoitza ez baita adierazpen erlijioso hutsa Jerusalemgo Hiri Zaharrean, 1967tik Israelek nazioarteko zuzenbidearen kontra okupatuta duen lurretan egiten denean. Hiri Zaharreko murruen barruan daude Al-Aqsa meskita eta haren inguruko Meskiten Zelaigunea —musulmanentzat balio sakratu handikoak—. Bada, musulmanek ez ezik, juduek ere gune horretan otoiz egiteko eskubidea dutela ebatzi du aste honetan Jerusalemgo epaitegi batek, aurrekaririk gabeko erabakian. Baldintza bakarra ezarri du: errezoa isila izatea. Erabakiak PAN Palestinako Aginte Nazionalaren eta Hamasen sumina eragin du. Horien esanetan, Israelek «gerra deklarazio bat» egin dio Palestinari.

Epaitegiaren ebazpena gune erlijiosoaren estatusa aldatzeko eta «errealitate berri bat ezartzeko» urratsa dela ohartarazi du Mohammad Xtayyeh PANeko lehen ministroak. AEBei galdegin die Meskiten Zelaiko statu quo-a babesteko, eta herrialde arabiarrei Palestinarekiko elkartasuna adierazteko.

PANeko Atzerri Ministerioak, berriz, «erlijio gerra batera» deitzeko erabakitzat jo du, eta «gune sakratua zatitzeko» helburua duela ziurtatu du.

Hamasek protestara deitu du iganderako, Palestina osoan. «Erresistentzia prest dago erasoei erantzuteko eta eskubideak babesteko». Hark ere musulmanen gune sakratua erdibitzeko asmoa ikusi du epaitegiaren erabakiaren atzean, eta kolonoei «Al-Aqsaren kontrako krimenekin jarraitzea» ahalbidetuko diela nabarmendu du. «Israelena izango da ekarriko dituen ondorioen ardura osoa».

Al-Aqsa meskitaren inguruari Santutegi Noblea deitzen diote musulmanek, eta hirugarren tokirik sakratuena da beraien erlijioarentzat, Mekaren eta Medinaren (Saudi Arabia) atzetik. Juduek, aldiz, Mendiko Tenplua izenez ezagutzen dute ingurua, eta kanpoaldean dagoen Erosten Harresia erabili ohi dute otoitzerako.

Oinarri juridikorik ez
Gune sakratua Waqf Jerusalemgo Ondare Islamikoak kudeatzen du, Israelek eta Jordaniak hala adostuta, 1994an sinatu zuten bake itunean. Kanpoko segurtasunaz, berriz, Israelgo indarrak arduratzen dira. Musulmanak ez direnek eremura sartzeko aukera dute bisita orduetan, baina debekatuta dute bertan otoitz egitea.

Epaitegiak ezin du itun horretan jasotakoa bere kabuz aldatu, Khaled Zabarqa Al-Aqsako auzian aditua den abokatu palestinarraren iritziz, eta, beraz, ez dio balio juridikorik aitortu ebazpenari.  

Erabakia «baliogabea» dela nabarmendu du Jordaniako Gobernuak ere. Hura nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa dela adierazi du.

Turkiak eta Egiptok eremu sakratuaren «estatus historikoa» errespetatzeko eskatu diote Israeli. Izan ditzakeen ondorioez ohartarazi dute: Al-Aqsako statu-quo-a higatu nahi duten taldeak hauspotzeko arriskuaz. Hori dela eta, Turkiak nazioarteari galdegin dio «legez kanpoko erabakia» baztertu eta salatu dezala.

Azken urteetan, «judu fanatiko taldeen erasoak» salatu ditu Waqfk. Jordaniaren eta Israelen arteko itunak jasotakoaren kontra, Al-Aqsa ingurura sartu izan dira, eta bertan ekitaldiak eta otoitzak egin dituzte. Israelgo Gobernuak talde horiek babestu ditu, Meskiten Zelaigunea kudeatzen duen elkartearen arabera.

Al-Aqsako meskitaren auziak palestinarren eta muturreko talde juduen arteko liskar ugari eragin ditu. Joan den apirilean, Israelgo Polizia Al-Aqsan zeuden palestinarrei oldartu zitzaien. Istiluak izan ziren, eta azkar hedatu ziren Palestina osora. Gazatik lehergaiak jaurti zituzten puxika bidez Israelera, eta Israelek Gaza bonbardatzeari ekin zion maiatzean. 256 palestinar hil zituen 11 eguneko erasoaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.