Austria

Kurzek dimisioa eman du, ustelkeriarekin lotutako akusazioengatik

Bere tokiak Alexander Schallenberg Atzerri Gaietarako ministroak hartuko du. Kantzilerraren alderdiaren koaliziokide diren Berdeek haren kargu uztea exijitu zuten gobernuan jarraitzeko.

Sebastian Kurz dimisioa eman berri duen Austriako kantzilerra, artxiboko irudi batean. CHRISTIAN BRUNA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 9a
21:52
Entzun

«Gure koaliziokideek nire kontrako jarrera hartzea erabaki dute», azaldu du Sebastian Kurzek erabakiaren berri ematerakoan. «Kale itsu batean» dago, haren iritziz, eta ez zaio dimisioa ematea beste aukerarik gelditzen. «Nahiz eta oraindik pandemia ez den amaitu, krisi ekonomikoa hasi besterik ez da egin eta arduragabea litzateke hilabeteetan kaosean noraezean ibiltzea».

Kurzen oso gertukotzat jotzen den Elisabeth Koestinger Nekazaritza ministroak nabarmendu du kantzilerra politikatik aldenduko dela epe batez, «akusazioak argitzen diren artean».

Kurzi leporatzen diote funts publikoa bideratzea haren irudi politikoa sustatzeko helburua duen komunikazio enpresara. Austriako Fiskaltzak hainbat egoitza miatu ditu azken astean, auzi horrekin lotuta.

Akusazioa publiko egin zenean, Kurzen dimisioa eskatu zuten Berdeek, eta zentsura mozio bat iragarri zuten datorren astearterako. Kurzek kargua utzi duenez, ekologistek erabaki beharko dute Austriako Alderdi Popularrarekin duten koalizio gobernuan jarraituko duten ala ez.

Oposizioan ere mugimenduak eragin ditu auziak. Alderdi Sozialdemokrata koalizio bat eratu nahian ari da egungo koalizio gobernua kanporatzeko. Lau indarren arteko akordioa lortu nahian ari da; tartean, da Askatasunaren Alderdia ultraeskuindarra.

Sozialdemokratek konpromisoa hartua zuten Askatasunaren Alderdiarekin elkarlanean ez aritzeko, baina Pamela Rendi-Wagner sozialdemokraten buruak jarrera aldatzeko aukera babestu zuen, «salbuespenezko egoerek salbuespenezko neurriak» behar dituztela argudiatuta. Indar ultraeskuindarraz gain, koalizioak barnean hartuko lituzke liberalak eta egun Alderdi Popularrarekin agintean diren Berdeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.