Salatu dute Jaurlaritzak infekziosoen sei anbulantziak kendu dituela eta 60 langile kaleratu

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek ohartarazi dute langile eta anbulantzia horiek beharrezkoak direla pandemiarekin edo pandemiarik gabe.

COVID-19arekin eri den gaixo baten lekualdatzea anbulantzia batean. GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 11
10:32
Entzun

ELA, LAB,UGT eta CCOO sindikatuek ohar bateratu bat kaleratu dute gaur, salatzeko Eusko Jaurlaritzak infekziosoen sei anbulantziak kendu dituela eta 60 langile inguru kaleratu. COVID-19aren pandemia lehertu zenetik gaitzarekin gaixotutako erien lekualdatzeaz eta bestelakoaz arduratu dira langile horiek, eta lau sindikatuek diote pandemia egon ala ez 60 langile horiek eta sei anbulantziak beharrezkoak direla; horregatik, Jaurlaritzari eskatu diote langile horiek berriro har ditzala.

Infekziosoetan aritu diren langile horiek COVID-19ari aurre egiteko «lehen lerroan» aritu direla gogoratu dute sindikatuek, eta zeregin horretan egon direnean, haiek eta haien senideak askotan kutsatu direla, eta «antsietate» eta «estresarekin» egin behar izan dutela lan. Horrez gain, azpimarratu dute izurria baino lehen agerian geratu zela larrialdiak eta anbulantzien larrialdiko zerbitzuak «gainezka» zeudela, «lan karga izugarriarekin»: «Pandemian, politikariek esaten ziguten zerbitzua babestu eta indartu behar zela, baina hori guztia zaku batean erori da». Anbulantzien kudeaketa esku pribatuetan uztea leporatu diote sindikatuek Jaurlaritzari, eta eskatu diote berriro kontratu ditzala langile horiek, COVID-19rako edo griperako beharrezkoak izango direlako, eta haien bitartez bermatuko delako hitzartutako garraio sareak behar bezala funtzionatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.