POLONIA

EBn jarraitu nahi dutela adierazi diote gobernuari dozenaka mila herritarrek

Donald Tusk oposizioko buruak nabarmendu du gobernuak 'polexit'-eranzko bidea hartu duela. Konstituzionalak Europako Batasuneko zuzenbidearen nagusitasuna auzitan jarri eta hiru egunera egin zituzten mobilizazioak, atzo, herrialdeko hainbat hiritan.

Varsovian atzo egindako mobilizazioa. ALBERT ZAWADA / EFE
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 11
12:50
Entzun

Poloniako Auzitegi Konstituzionalak EB Europako Batasuneko zuzenbidearen nagusitasuna auzitan jarri eta hiru egunera, dozenaka mila herritar kalera atera ziren atzo, herrialdeko hainbat hiritan, eta batasunean jarraitu nahi dutela adierazi zioten PiS Legea eta Justizia alderdi kontserbadorea buru duen gobernuari. Donald Tuskek, oposizioko alderdi nagusi Plataforma Zibikoko liderrak eta 2007 eta 2014 artean lehen ministro izandakoak, deitu zuen mobilizaziora, eta berak hartu zuen hitza Varsovian egindako manifestazioaren amaierako ekitaldian: «Nahi dugu Polonia independente bat, europar bat, demokratiko bat, eta legea eta justizia errespetatuko dituen bat. Ez kontzientziarik, ez moralik ez duen botereak zanpatzen ditu orain printzipio horiek». Udaleko bozeramaile baten arabera, hiriburuko manifestazioak 80.000 eta 100.000 pertsona artean bildu zituen.

«Polonia EBn dago, eta harro gaude» eta, besteak beste, «gu gelditu egingo gara», oihukatu zuten bildutakoek mobilizazioaren amaieran, Gazteluaren plazan. Eskuin muturreko taldeak protesta oztopatzen ahalegindu ziren, baina Poliziak eragotzi egin zien sartzea. Agenteek hamabi ultra atxilotu zituzten hiriburuko manifestazioa hasi aurretik.

Tusk Europako Kontseiluko presidente ohiaren ustez, «inflexio puntu kritiko batean» dago herrialdea. «Epaile arroparekin jantzitako pertsona batzuek Poloniako Konstituzioa bortxatu dute, gobernuan dagoen alderdiko presidentearen aginduz [Jaroslaw Kaczynsk], eta modu horretan Europako Batasunetik atera nahi dute gure aberria». 2019an gauzatutako justizia erreforma baten ondorioz, gobernuak epaileak aukeratzeko baimena dauka, esaterako. Erreformarekin batzorde bat eratu zuten Poloniako Auzitegi Gorenean, epaileen independentziaz ebazteko EBren legeak kontuan hartu gabe: eskumena du horiek behin-behinean kargutik kentzeko, soldata murrizteko edota immunitatea kentzeko, adibidez. Salaketa horren gaineko epaia eman artean, erreformaren hainbat puntu indargabetzeko agindu zion Europako Justizia Auzitegiak Poloniari, kautelazko neurri gisa.

Brexit-a gauzatu eta zenbait hilabetera, Poloniako oposizioa polexit-az mintzo da. Tuskek esana dauka jada PiSek edonoiz abiatu dezakeela herrialdea EBtik ateratzeko prozesu bat, bere garaian Erresuma Batuak egin bezala. Kaczynski PiSeko buruak ukatu egiten du, «propaganda» egitea leporatu dio oposizioari, baina nabarmenduz Poloniak «herrialde subiranoa» izaten jarraitu nahi duela. Eta horren harira, Tuskek atzo egindako ohartarazpena: «Polexit-eranzko bide horretan serio doaz. Benetan, gerta liteke». Horretarako nahikoa lukete parlamentuko gehiengo soila.

Gorena ere, ados

Poloniako Auzitegi Goreneko presidente MaÅ‚gorzata Manowskak Konstituzionalak joan den astean ebatzitakoa defendatu du, argudiatuz EBko legediak ezin dituela «konstituzioren printzipioak zulatu». Poloniako Dziennik Gazeta Prawda egunkariak gaur kaleratutako elkarrizketa batean nabarmendu duenez, Poloniak eskumen batzuk transferitu dizkio EBri, «baina eremu oso mugatu batean bakarrik, Bat-egite Hitzarmeneko 5. puntuak oso argi adierazi bezala». Horrek zehazten du, Manowskaren esanetan, EBk soilik dituela eskumenak, horiek «espresuki transferituak» izan direnean. Horrenbestez, Goreneko presidenteak interpretatu du botere judizialaren antolaketa ez zaiola EBri eman.

Bruselaren eta Varsoviaren arteko harremanak ez dira batera onak, eta EBk sarri esan dio klubaren legeen aurka ari dela hainbat arlotan: sexu askatasunaren, prentsa askatasunaren eta botere judizialaren independentziaren aurkako neurriak egotzi dizkio, besteak beste. Bruselarentzat eztabaidaezina da EBko zuzenbidearen nagusitasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.