AFGANISTAN

G20ak adostu du Afganistanera laguntza humanitarioa bidaltzea

Munduko herrialde industrializatuenen taldeak NBEren esku utzi du diru funtsak bideratzeko ardura. Europako Batasunak 1.000 milioi euro agindu ditu. AEBek laguntzeko «konpromisoa» hartu dute

Afganistango desplazatu talde bat, tartean adingabeak direla, joan den larunbatean Kabul hiriburuan. EFE
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 12a
19:32
Entzun

G20koen taldea osatzen duten herrialdeek eztabaidagai bat izan dute, gaur, Afganistani buruz telematikoki egindako goi bileran: nola bideratu hara krisi humanitariori aurre egin ahal izateko dirua, eta funts horiek ez daitezela geratu talibanen esku. Munduko potentzia industrializatuenen taldeak diru laguntza batzuk adostu ditu, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen esku utzi du horiek bideratzeko ardura. «Bide orri bat ezarri beharko du [NBEk], ahalik eta azkarren jokatzeko», adierazi du Mario Draghi Italiako lehen ministroak —Italia dago orain taldearen presidentetzan—, bilera bukatu eta gero Erroman egindako agerraldian. Zehaztu du talibanekin hitz egin beharko dutela asmoak gauzatu ahal izateko—«ez badigute sartzen uzten, ez gara sartuko»—, baina nabarmendu du horrek ez duela esan nahi aitortza bat dagoenik. Talibanek esana dute laguntza humanitarioa jasotzeak ezin duela «auzi politikoei» lotuta egon; hau da, ez dutela laguntza jasotzearen truke aldaketa politikorik egingo emirerrian.

Kopuruei dagokienean, Europako Batzordeak proposatu du laguntzetan 1.000 milioi euro inguru ematea Asiako herrialdeari, eta Draghik jakinarazi du Joe Biden AEBetako presidenteak hartu duela Afganistanera 300 milioi dolar —260 bat milioi euro— bideratzeko konpromisoa.  

Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak bileraren aurretik azaldu duenez, bada modurik diru hori afganiarrengana iristeko, nazioarteko zuzenbidea eta printzipioak errespetatuz. «Afganistango ekonomiari diruz lagundu behar zaio, bestela kolapsatu egingo baita. Eta azkar egiten ez badugu, haiek soilik ez, mundu guztiak ordainduko du prezio altu bat», ohartarazi du. Nazioarteko tropek herrialdetik alde egin eta abuztuaren erdialdean talibanak boterera heldu eta Emirerri Islamikoa ezarri zutenetik, funtsak blokeatu zituzten potentzia ekonomikoek eta nazioarteko erakundeek, argudiatuta, hain zuzen, bidaltzen jarraituz gero horiek talibanen esku gera zitezkeela.

Eta funts horiek afganiarren zerbitzura jartzen ez diren bitartean herrialdean gertatzen ari dena argitu du Pierre Peronek, NBEren Auzi Humanitarioetarako Koordinazio Bulegoak Asia erdialdean duen bozeramaileak: «Jendea, literalki, esku dirurik eta janaririk gabe geratzen ari da». Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsaren arabera, talibanen iritsierak areagotutako krisi humanitarioak hemezortzi milioi pertsonari eragiten die, hau da, Afganistango biztanleriaren erdiari, eta milioi bat haur inguru hiltzeko arriskuan daude, desnutrizioagatik. «Laguntza humanitarioa eman behar da, beranduegi izan baino lehen», ohartarazi du Peronek.

Nazioartetik iritsitako dirua ezinbestekoa zen talibanak boterera heldu aurretik ere; herrialdearen urteko BPG barne produktu gordinaren %42 inguru zen, Munduko Bankuaren datuen arabera. Hain zuzen erakunde horretako buruzagiek, NDF Nazioarteko Diru Funtsekoek eta NBEkoek ere, besteak beste, G20koen ezohiko bileran parte hartu dute.

Urgentziazko abagune bati irtenbide bat bideratze aldera eta «katastrofe humanitario bat» saihesteko, munduko potentzia industrializatuenek egindako bilera«ezinbestekotzat» jo du Unicefek Afganistanen duen bulegoko bozeramaile Salam-al-Janabirentzat. Gogoratu du, hori bai, nazioarteak 1.000 milioi euro inguruko laguntza bat agindu zuela irail erdialdean —hori iragarri zuen Guterresek berak—, eta funts horien portzentaje txiki bat baino ez dutela jaso.

Bideokonferentziaz egindako bileran hizpide izan dute, gainera, nola «ziurtatu» Kabulgo aireportua, migrazioen arrastoaren jarraipena nola egin, inguruko herrialdeak inplikazioa, eta «kolapso ekonomikoaren» eragozpena,, besteak beste, Italiako lehen ministroak aipatu duenez.

Draghiren hitzetan, AEBek diru kopuru jakin bat emateko konpromisoa hartu dute, baina bilera baloratzeko Etxe Zuriak bidalitako oharrean ez dago kopururik zehaztuta. «AEBek nazioartearekin estuki lan egiteko konpromisoa dute, eta Afganistango egoerari aurre egiteko baliabide diplomatikoak, ekonomikoak eta humanitarioak erabiliko ditu».

Bilera gehiago
AEBek gaurko bileran parte hartu dute G20ko kide moduan, baina aurrez, asteburuan, bi eguneko ofizial bat eduki zuten talibanekin, Dohan (Qatar); bien arteko aurrenekoa, AEBek Afganistandik tropak erretiratu zituztenetik. Washingtonentzat, «zintzoak» izan ziren asteburuko elkarrizketak, eta talibanek antzeko iritzia dute. Batik bat, laguntza humanitarioan jarri dute arreta, eta eskatu dute, gainera, Dohako Akordioa, iazko otsailean sinatutakoa, ezartzeko. Horretan zehaztu zuten nazioarteko tropak herrialdetik ateratzeko egutegi bat —bete dute—, baita, besteak beste, talibanen lider batzuei ezarritako zigor ekonomikoak kentzea ere.

G20koek edo AEBek eta talibanek egin bezala, Errusiak ere goi bilera batera deitu du urriaren 20rako, Moskun: Pakistan, India eta Iran gonbidatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.