Txile

Maputxeen lurraldera militarrak bidali ditu Piñerak, eta salbuespen egoera ezarri du

Wallmapu lurraldean defentsa nazionalerako militar buruak izendatzea jaso du dekretuak.

jon ordonez garmendia
2021eko urriaren 13a
11:16
Entzun

Sebastian Piñera Txileko presidenteak Wallmapu maputxeen lurraldea militarizatzeko agindu zuen atzo, dekretu bidez, ordena publikoaren izenean, eta salbuespen egoera izendatu du Bio-Bio, Arauco, Malleco eta Cuatin probintzietan, hegoaldean. «Terrorismoa, narkotrafikoa eta krimen antolatua borrokatzeko ezarri dut larrialdiko salbuespen egoera, eta ez dago bideratuta ezein herri edo herritar baketsuren aurka», argudiatu du.

Hamabost egun iraungo du hasieran aginduak, baina beste bi astez luzatu ahal izango du. Hortik aurrera luzatu nahi izanez gero, Kongresuaren onespena beharko du Piñerak. Azaroaren 27an, baina, beste presidente bat aukeratzeko hauteskundeak egingo dituzte Txilen, eta, egun horretatik aurrera, jarduneko presidentea izango da Piñera. Oraintxe, herritarren %80 ditu bere kontra Piñerak.

Txileko Poliziaren arabera, urteko lehen sei hilabeteetan %94 ugaritu dira istiluak eskualde horretan. Jakinarazi du atzo goizaldean bi eliza erre zituztela Tiruan (Santiagotik 700 kilometro hegoaldera). Piñeraren dekretuak maputxeen lurraldean defentsa nazionalerako militar buruak izendatzea aurreikusten du, baina militarrek polizien aginduetara egon beharko dutela dio, eta ez dituztela horiek ordezkatuko, ez eta polizia operazioetan parte hartuko ere. Maputxeen buruek ohartarazi dute erantzun egingo dietela erasoei.

Sektore kontserbadoreek txalotu egin dute agindua, baina oposizioak eta jatorrizko herrien ordezkariek gogor gaitzetsi dute, eta maputxeek eta estatuak duten gatazka nahastea leporatu diote. Egun seinalatua da urriaren 12a Ameriketan, espainiarren konkista abiatu zela gogoratzen delako, eta hainbatek ekarri du gogora maputxeen kontrako erasoa egun horretan hasi izana. Beste batzuek, ordea, salatu dute agindu horren helburua Pandoraren paperen eskandalua estaltzea dela. Hala egin du Daniel Jadue Alderdi Komunistako kideak, beste batzuen artean. Munduko hainbat hedabidek egin duten ikerketa batek azaleratu du Txileko presidenteak Minera Dominga enpresaren salmentan parte hartu zuela bere lehen legegintzaldian, Birjina Uharteetako zerga paradisua baliatuz. Txileko Gobernuak gezurtatu egin du.

Azken urteetan, areagotu egin da Txilen maputxeen kontrako jazarpena, eta, 2019ko erreboltaz geroztik, haien borroka are eta ikusgarriagoa bilakatu da. «Maputxeek ez diete uko egin beren identitateari eta beren eskubideei. Hori ikusi du Txileko herriak, eta 2019ko urriko errebolta hasi zenean bere egin zuen hori. Maputxeen banderak norberaren eskubideen defentsa islatzen du. Herriak bere egin ditu beste borroka batzuk, abandonatuta sentitu denean», adierazi zion Elisa Loncon Biltzar Konstituziogileko presidenteak BERRIAri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.