Eusko Jaurlaritzaren eskaerak
Eusko Jaurlaritza txosten bat eratzen ari da argindarraren igoerari aurre egiteko proposamenekin, eta Espainiako Gobernuari eta Europako Batzordeari helaraziko die. Hauek dira Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuak azaldutako neurri nagusiak:
Espainiako Gobernuari
Zerga eta tasak murriztea. Energiaren ekoizpenarekin eta haren distribuzioarekin harremana ez duten zergak eta karguak indargabetzea, behin-behinean atzeratzea, edo Espainiako Gobernuak bere gain har ditzala. Tapiaren kalkuluaren arabera, fakturaren zenbatekoaren %40 edo %45 dira kargu horiek: energia berriztagarrien sariak, uharteetara argindarra banatzeko kostuak, iraganeko tarifaren defizita estaltzea... Enpresei eta kontsumitzaile arruntei eragingo liekeen neurria da, argindar enpresek zerga horiek fakturara eramaten dituztelako.
Dekretua leuntzea. Gaur bozkatuko den argindarraren inguruko dekretua leuntzea eskatu dio Espainiako Gobernuari. Tapiaren ustez, badago tartea.
Europako Batzordeari
Neurriak ahalbidetzea. Espainiako Gobernuak argindar fakturako tasak murriztuko balitu, erabaki hori estatu laguntzatzat ez jotzeko eskatu dio Europari.
Argindar enpresei
Prezio finkoagoak enpresentzat. Enpresen argindar kontsumoa prezioaren bilakaeren menpe dago. Jaurlaritzaren ustez, konpainiek prezio finkoagoak eskaini beharko liekete. Esaterako, kontsumoaren %60 aurrez zehazturiko prezioan saltzea. EBn badaude antzeko kasuak.
Euskal gizarteari
‘Energiaren herri ituna’. Jaurlaritzak ‘Energiaren herri itun’ bat nahi du, erakundeak, alderdiak eta enpresak elkartuko dituena. Helburua energia gehiago sortzea, eta kontsumo eraginkorragoa lortzea da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren %8,6 baino ez da ekoizten bertan.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.