TXIRRINDULARITZA

Osagai askoko ibilbidea izango du 2022ko Frantziako Tourrak

Gizonezkoen Tourrak mendiko etapa motz eta gogorrak izango ditu, baita harbideak eta bi erlojupeko ere. Emakumezkoak lehian ariko dira hamahiru urte geroago. Zortzi etapa jokatuko dituzte, gizonezkoen lasterketa amaitutakoan  

2022ko Frantziako Tourraren ibilbidearen aurkezpena, gaur. YOAN VALAT / EFE
enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 14a
14:37
Entzun

Igoera mitikoak, haizea, bukaera bortitzak, harbideak, erlojupekoak... Denetarik izango du 2022ko Frantziako Tourrak. Eta denentzat, emakumezkoek ere lehiatzeko aukera izango baitute. Zortzi etapa jokatuko dituzte, uztailaren 24tik 31ra bitarte. Haien lasterketa hasten den egun berean finituko da gizonezkoena, Parisen. 24 egun lehenago, uztailaren 1ean emango ditu tropelak lehen pedal kolpeak, Kopenhagen. Danimarkan lehiatuko dira lehen hiru etapak, eta geroago, Belgikatik eta Suitzatik ere igaroko dira txirrindulariak; ez, ordea, Euskal Herritik.

Erlojuaren kontra 53 kilometro osatuko dituzte guztira; lehen hamalauak, Tourra abiatuko duen etapan, Kopenhagen zehar. Haizearekin kontu handiz jokatu beharko dute biharamunean, azken hogei kilometroetatik hemezortzi Itsaso Baltikoaren gainean eraikita dauden zubietan egingo baitituzte. Laugarren etapan ere haize babesak sor litezke, Dunkerque eta Calais artean.

Lasterketako etapa nagusietako bat izango da bosgarrena, Lilletik Arenbergera bidean topatuko dituzten harbidezko 11 zatirekin. Horietatik bost ez dituzte sekula igaro Paris-Roubaixen. Guztira, 19,4 kilometro egingo dituzte harbideetan. Bizirik irauteko proba izango da faborito nagusientzat. Akaso, kolpea ematen ere ausartu liteke norbait, Vincenzo Nibalik 2014an egin bezala.

Mendiko sei etapa jokatuko dira guztira, eta horietatik bostek mendate batean izango dute amaiera. Hasteko, zazpigarrenak La Planche des Belles Fillesen izango du helmuga. Goraino igoko dute, 2019an Dylan Teunsek irabazi zuenean bezala. Alpeetan, Granonen bukatuko da 11. etapa. 36 urteren ostean igoko dute mendate hori. Etapa gogorra izango da, aurrez Telegraph eta Galibier igoko baitituzte; ez, ordea, luzea, 149 kilometrokoa baita. Antzekoa izango da 12. etapa: Galibier, Croix du Fer eta Alpe D'Huez kateatuko dituzte 166 kilometroko ibilbidean.

Pirinioetako etapa handiak 17.a eta 18.a izango dira. Bata Peyragudesen bukatuko da, aurrez Aspin, Ancizan eta Val Louron gainditu ondotik; eta besteak Hautacamen izango du helmuga, Aubisque eta Spandellesekin kateatuta. Oraindik ezer erabakitzeko balego, erabakigarria izango da azken-aurreko etapan jokatuko den 40 kilometroko erlojupekoa. Saio laua izango da oro har, baina bi koska labur igoko dituzte amaieran. Nahikoa, ordura arte pilatutako neke guztia azaleratu dadin.

Erlojupekoak faltan

Parisen bukatuko dituzte lanak gizonezkoek, eta han bertan ekingo diote lehiari emakumezkoek, 82 kilometroko etapa batekin. Hamabi bira emango dizkiote Eliseoko Zelaietako zirkuituari. Bigarren etapa aldapa labur batean erabakiko da, eta hirugarrenak bukaera bihurriagoa izango du. Laugarrenean, berriz, lau lurbide eta hainbat muino izango dituzte; Strade Bianche klasikoaren itxurako etapa izango da. Hurrengo bi etapetan esprinterrak agertuko dira. Eta azkeneko bietan, berriz, igotzaileak: Petit Ballon, Piatzerwasel eta Grand Ballon kateatuko dituzte zazpigarrenean, eta Ballon d'Alsace eta Planche des Belles Filles zortzigarrenean. Maldan gora erabakiko da lasterketa; ez da erlojupekorik izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.