Tuberkulosia

Tuberkulosiak eragindako heriotza kopuruak gora egin du pandemiaren eraginez

OMEren arabera, diagnosi eta tratamendu egoki bat jasotzeko zailtasunak dira gorakadaren arrazoia. Datozen urteetan bilakaera bera izan dezakeela uste dute.

Indiako tuberkulosiaren aurkako programaren lanak. SANJAY BAID / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 14a
16:56
Entzun

COVID-19ak eragindako pandemiak hainbat albo kalte eragin ditu azken urte eta erdian. Horietako bat da tuberkulosiaren aurkako borrokak jasanikoa: iaz, gora egin zuten gaixotasun horren ondorioz hildakoek. Heriotza kopurua beheranzko joera argian zegoen 2005etik, baina diagnosi eta tratamendu zehatzak jasotzeko zailtasunek atzerapauso bat eragin dute. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gainera, litekeena da kopuruak are okerragoak izatea aurten eta datorren urtean.

Gaur argitaratutako txostenak OMEren «beldurrak» baieztatu ditu. «Pandemiak tuberkulosiaren aurkako urteetako garapena eten du», adierazi du erakundeko zuzendari Tedros Adhanom Ghebreyesusek. Zenbaketak hasi zirenetik, urtean milioi bat lagun baino gehiago hil dira gaixotasun horren ondorioz. Kopurua, ordea, beheranzko joeran zihoan azken hamabost urteetan, COVID-19aren eragina iritsi den arte. Iaz, 1,3 milioi heriotza baieztatu zituen OMEk, 2020an baino %5,6 gehiago. Haiei IHESa ere bazuten beste 200.000 lagun inguru gehitu behar zaizkie. Haientzat bereziki arriskutsua da gaixotasuna, duten defentsa sistemak jasaniko ahuldadearen eraginez. Horiek hala, 2017ko kopuruetara itzuli dira heriotzak.

Hildako kopuruak, ordea, ez du bat egiten atzemandako kasu kopuruaren bilakaerarekin. Iaz, 5,8 milioi kasu baieztatu zituen OMEk, aurreko urtean baino 1,3 milioi gutxiago. Horren arrazoia ez da gaixo kopuruak behera egin izana, erakundeak azaldu duenez. Izan ere, uste dute litekeena dela munduan 4,1 milioi lagun inguru egotea gaixorik, tuberkulosia dutela jakin gabe. Erregistratutako kasu kopuruaren beherakada nabarmenena Asia hego-ekialdean antzeman du OMEk; esaterako, Indian %41 gutxiago baieztatu dituzte, eta Indonesian, %14 gutxiago. Afrikan, berriz, %2,5eko beherakada erregistratu dute. Baliteke alde horiek COVID-19ak batean eta bestean izaniko eraginaren ondorio izatea.

Izan ere, OMEko zuzendariaren esanetan, hainbat arrazoi daude pentsatzeko beherakadaren arrazoia diagnosi egoki bat jasotzeko baliabide falta izan dela, eta zuzenean pandemiarekin lotu du hori. Batetik, azaldu du hainbat herrialdetan behera egin duela tuberkulosiaren aurkako borrokara bideratutako baliabide kopuruak, horiek COVID-19ari aurre egiteko erabili direlako. Bestetik, esan du mugikortasun murrizketek gaixoak osasun zentroetara joatea galarazi dutela.

Horiek hala, OMEk oinarrizko zerbitzuak berreskuratzearen aldeko deia egin dio nazioarteari, nabarmenduta tuberkulosiaren aurkako borrokak inbertsio beharra duela. Izan ere, 2019an 5.000 milioi euro baino gehiago bideratu ziren eginbehar horretara; iaz, berriz, 4.500 milioi inguru, azken urteetako kopururik txikiena. Beraz, OMEk 2020rako ezarritako helburuak bete gabe geratu dira; hala nola intzidentzia %20 eta heriotzak %35 jaistea.

Etorkizunera begira, berriz, egoerak okerrera egin dezakeela adierazi du OMEk. Aurten iaz baino jende gehiago hilko dela uste dute, eta 2022ak ere bide beretik jarraituko duela. Halere, erakundeak gehitu du bilakaera kalkulatutakoa baino okerragoa ere izan daitekeela, COVID-19aren pandemiaren ondorenak eragiten dituen kalteen arabera.

Koronabirusa ailegatu arte, tuberkulosia zen urtean hildako gehien uzten zituen gaixotasun infekziosoa. Danimarkako Aarhus Unibertsitatearen ikerketa baten arabera, gizateriaren laurdena inguru da Mycobacterium tuberculosis bakterioaren eramailea, baina ehuneko txiki batek besterik ez ditu patologiak garatzen. Tuberkulosia garatzen dutenen %85 inguru sendatu egiten da, sei eta bederatzi hilabete artean iraun ohi duen tratamendu bat eginda. Halere, ezinbestekoa da gaixotasuna lehenbailehen diagnostikatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.