Nicolas Duplaa atharraztarrak espartinekin egin du Hareetako Maratoia

Propio egindako espartin batzuekin zeharkatu du Sahara etapaka, eta 108. iritsi da 672 korrikalariren artean.

Duplaa, lasterketan. NICOLAS DUPLAA
jon ordonez garmendia
2021eko urriaren 15a
11:02
Entzun

Basamortuan, 250 kilometro, zazpi egunean eta espartinak jantzita. Nicolas Duplaa atharraztarrak Marathon des Sables edo Hareetako Maratoia amaitu zuen joan den astean modu horretan. "Urtez askoan, amets bat izan da niretzat, eta bete egin dut", esan zuen Duplaak amaieran. Hondarretako Maratoia Saharako basamortuan elkartasun asmoz jokatzen den lasterketa bat da, eta Duplaak Le Grande Espadrouille elkartearen izenean egin du korrika. Elkarte horren asmoa euskal kultura eta tradizioak zabaltzea da, kirola espartinekin eginez.

Urriaren 1ean hasi zuen lasterketa atharraztarrak, eta zenbait etapatan egin zuen zeharkaldia. Beste batzuen aldean, ordea, berezia izan zen harena. Propio egindako espartinak ziren oinetan jantzi zituenak, eta France Bleu irratiaren webgunean egindako adierazpenetan Duplaak azaldu du lehenengo egunean jabetu zela beste korrikalariak baino erosoago ari zela korrikan, espartinen arintasunak dunetan korrika egitea errazten ziolako eta oinetan babak sortzea eragozten ziotelako.

672 korrikalarik amaitu dute lasterketa, eta Duplaa 108. iritsi da espartinekin. Saharan korritu zen lasterketa, eta maratoi izena badu ere, ultramaratoi bat da. Aurtengoa urriaren 1etik 9ra korritu da (azkenekoa zortzi kilometroko etapa solidario bat izan zen), eta bereziki beroa izan da, parte hartu dutenen arabera. Egunez 50 gradura iristen da beroa, eta gauean ez da 20 graduetatik jaisten.

Duplaak azaldu du beroari aurre egiteko kontrol puntu batetik bestera iristea zela bere helburua, urrutira begiratu gabe. Hainbat korrikalarik proba utzi beharra izan dute aurten, lehen egunean 39k, eta bigarren egunean korrikalarietako bat hil egin zen, bihotzekoak jota. 50 urte zituen, eta lehen etapa arazorik gabe burutu bazuen ere, bigarrenean ondoezik sentitu zen. Beste korrikalariek larrialdi zerbitzuak ohartarazi zituzten, baina 45 minutuz haren bizia salbatzen saiatu baziren ere, azkenean hil egin zen. Hareetako Maratoia korritu den 35 aldietan hil den hirugarren korrikalaria izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.