Matalaz, «umil eta pragmatiko»

Iruñeko Alde Zaharreko gazte mugimenduak autogestioa oinarri duen proiektu berri bat abiatu du, Jarauta karrikako 75.ean. Maravillas gaztetxearen husteak utzitako «ajea» gainditu, eta hutsetik hasi dute bidea.

Matalaz espazioa. IñIGO URIZ, FOKU
edurne elizondo
2021eko urriaren 15a
13:05
Entzun

Bide motza, baina sendoa. Irailean inauguratu zuten Matalaz espazioa Iruñeko Jarauta karrikako 75.ean, baina bilguneak lortu du jada hiriburuko Alde Zaharreko egunerokoan eragitea: auzoko gazteak eta kolektiboak hasi dira gune hori erabiltzen, eta toki bizi bilakatzen. Sumatzen da martxan jarri duten kideek atzean badutela isilean egindako lana. Maravillas gaztetxean ibilitakoek egin dute bat proiektu berri horretan, baina hutsetik hasteko asmo garbiz. «Umil eta pragmatiko izan nahi dugu», diote.

Maravillas, Kalekalde, Caparroso; hainbat izan dira azken urteotan Iruñeko Alde Zaharreko gazte mugimenduak gidatutako proiektuak. Maravillasen huste bortitzak arrastoa utzi zien gazteoi, baina, «ajea» gaindituta, Matalaz bilakatu dute «kontrabotere espazio». Paretetan jarritako argazkiak dira aurreko proiektuen memoria; halere, gazteek erabaki dute «nostalgiari» atea ixtea eta bide berri bati ekitea.

Okupazioaren «zilegitasuna» defendatu dute, baina, oraingoan, egoitza alokatzea erabaki dute. «Garai honetan uste dugu inportantea dela espazio egonkor bat izatea; beste espazio batzuk okupatu edo husten badira, itzultzeko toki bat behar da».

«Kontrabotere espazio» gisa aurkeztu dute Matalaz, herri boterearen alde egin nahi dutelako bertan, hain zuzen. Hori lortzeko, esparru soziala eta politikoa uztartu nahi dituzte, eta Jarautakoa «erreferentziazko toki» bilakatu. «Gazteei, taldeei eta kolektiboei bat egiteko espazio bat eman nahi diegu, eta politizatuta ez dagoen jendea ere erakarri», azaldu dute. Nahi dute beren egunerokoak elika dezala herri boterearen gune bat izateko asmoa.

Izenak ere ematen du proiektuaren oinarriaren berri. Matalaz jarri diote, Bernard Goienetxe Matalaz XVII. mendean nobleziaren aurka altxatu zen apaiz zuberotarraren omenez.

Kontraesanen beldurrik ez

Matalaz espazioko kideek behin eta berriz errepikatu dute «umil eta pragmatiko» izan nahi duten ideia, eta, are gehiago, «kontraesanen beldurrik ez» dutela onartu dute, erreparorik gabe. Adibide bat aipatu dute: «Gazte kuadrilla batek Osasunaren partida ikusi nahi badu hemen, bada, aurrera». Ez dute futbolaren egungo ereduarekin bat egiten, baina nahiago dute Matalazen futbola ikustea taberna batean ikustea baino.

Alkoholaren ingurukoa ere bada onartu duten bertze kontraesan bat. Gogoetarako beharra jarri dute erdigunean, baina proiektua finantzatzeko badute taberna zerbitzu bat, eta gune berrian alkohola saltzea erabaki dute. Edari horiei, halere, «zerga» bat ezarri diete.

2019ko abenduan alokatu zuten Matalazeko kideek Jarautako etxabea, baina jendaurrean zabaldu gabe egin dute orain arteko lana. Uda hasieran ireki zituzten ateak, eta irailean egin zuten inaugurazioa. Bi proiektu martxan dituzte jada; batean, auzoko gazte kuadrillekin ari dira. «Jolasak, liburuak eta beste dituen espazio bat atondu dugu haientzat».

Gazte taldeok badute Jarautako egoitzako giltza, modu autonomo batean erabil dezaten. «Talde askok eman dute izena jada, eta badira zain diren beste asko». Bertze proiektua da kirola egiteko herri palestra izenekoa. Kirolaren bitartez sozializatzeko aukera jarri nahi dute gazteen esku.

Alde Zaharreko gazteen batzarrak eta Matalazeko batzarrak hartu dute egoitza kudeatzeko ardura. Espazio ireki bat dela erran dute, halere, eta parte hartuko duten gazteek eta kolektiboek zehaztuko dutela, neurri batean, bidea. Garbi utzi dute, betiere, oinarri sendo bat eraiki nahi dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.