Albinako urtegitik gertu lindanoa duen bidoi susmagarri bat agertu dela salatu du Ekologistak Martxan taldeak

Joan den abuztuan aurkitu zuten produktu toxikoa, urtegira doan erreka batetik hogei metrora.

Albinako urtegia. BERRIA
unai etxenausia
2021eko urriaren 15a
13:17
Entzun

2021eko abuztuaren 26an, Ekologistak Martxan taldeak Uraren Euskal Agentziari jakinarazi zion lindanoa izan zezakeen bidoi bat zegoela Albinako (Araba) urtegitik gertu. Izan ere, produktu toxiko horren ezaugarri berberak zituen: testura, usaina eta abar. Albinako urtegiko ur laminatik 40 metro pasatxora zegoen bidoia, eta urak urtegira isurtzen dituen erreka batetik hogei metrora.

Urriaren 6an Ekologistak Martxan-eko kide bat hara joan zen, bidoia kendu ote zuten egiaztatzeko. Oraindik leku berean zegoen, manipulazio zantzurik gabe; izan ere, Uraren Agentziak ez zien horri buruzko inolako jarduketarik jakinarazi. Bertaratutakoak 112 telefonora deitu, eta Ertzaintzaren patruila batek ingurua hesitu zuen.

Asteazkenean, lehen abisua eman eta 54 egunera, zera salatu dute Ekologistak Martxan-eko kideek: «Itxuraz, Uraren Agentziak ez du kudeaketarik egin Ekologistak Martxan taldeak aurkeztutako salaketaren inguruan». Are, talde ekologistak adierazi duenez, Ertzaintzak abisua eman zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari, eta hark Aramaioko Udalari bideratu zion erantzukizuna. Aramaioko Udalak jakinarazi die Ingurumen zinegotzia Ertzaintzak adierazitako lekura joan zela eta ez zuela bidoia aurkitu. Halere, Ekologistak Martxan taldeak baieztatu du bidoia «leku berean» dagoela oraindik.

Talde ekologistakoek ez dakite ziur bidoiaren barruan dagoen produktua «lindanoa den ala ez». Halere, salatu dute duela ia bi hilabete salaketa jarri zutenetik «egoera berean daudela» Uraren Agentzia, Ertzaintza, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila eta Aramaioko Udala.

Lindanoa

Lindanoa isomero kimiko bat da, iraganean plagizida gisa erabiltzen zena. 2008tik debekatuta dagoen substantzia organokloratua da Europako Batasunean, eta lehentasunezko substantzia arriskutsu gisa sailkatuta dago.

Ekologistak Martxan-eko kideek abisatu dute «ondorio kaltegarriak» izaten dituztela animalia espezie gehienetan eta ingurune naturalean, oro har. 2015eko ekainean, OME Osasunaren Mundu Erakundeak gizakientzat kantzerigeno gisa sailkatu zuen lindanoa. «Gaur egun, jada ez da plagizida bat, eta ezin dugu plagizida gisa ikusten jarraitu. Lehentasunezko substantzia arriskutsu bat da», amaitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.