ALEMANIA

Sozialdemokratek, berdeek eta liberalek elkarrizketa formalak hasiko dituzte

Koalizio gobernu bat osatzeko bidean, testu bat adostu dute hiru indarrek, eta klima larrialdiari aurre egiteko neurriak ditu ardatz; baita eskakizun liberalak, hala nola, zerga gehiago ez ezartzeko konpromisoa

Hiru indar politikoetako kideak, gaur Berlinen, prentsaren aurrean. CLEMENS BILAN / EFE
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 15a
14:07
Entzun

«Emaitza oso ona izan da», adierazi du Olaf Scholz SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren kantzilergaiak, joan den irailaren 26an egindako presidentetzarako hauteskundeen garaileak. Gaur hedabideen aurrean hori esan duenean alboan zituen Berdeak alderdiko presidenteorde Annalena Baerboeck eta FPD Alderdiko Demokratikoa Librea indar liberalaren lider Christian Lindner. Izan ere, azken astean hiru alderdiek edukitako bileren ondoren, koalizio gobernu bat osatzeko elkarrizketa formalak hasiko dituztela iragarri dute.

Bozetan SDP izan zen izan zen indarrik bozkatuena, Berdeak hirugarrena —bigarren izan zen CDU / CSU aliantza demokristaua—, eta liberalak laugarrena. Scholzek hauteskunde gauean bertan aitortu zuen «koalizio sozial-liberal-ekologiko bat osatzea» zuela helburu, eta hori gauzatzeko bidea hartu du. Hiru alderdiek, hasteko, testu bateratu bat adostu dute. «Alemaniarentzako beharrezkoak diren gaiei helduko diegu, azaldu du Scholzek.

Kantzilergaiaren arabera, elkarrizketetan aurren-aurrenik helduko diote krisi larrialdiaren gaiari, eta aurrera eraman nahi dute, haren esanetan, «industria sektorean azken 100 urteotako modernizazio proiektu handiena» izango dena. Proiektu horretan jaso dute karbonogabetzera 2030erako iritsi nahi dutela —aurreikusi baino zortzi urte lehenago—, eta «klimaren babeserako» ekintza plan bat zehaztu dute.

Bestetik, nola sozialdemokratek hala ekologistek liberalen eskakizunak onartu dituzte, eta oraingoz adostu dutenez, bere horretan utziko dute konstituzioak ezartzen duen zorpetze muga, eta ez dituzte zerga gehiago ezarriko. Xehetasunak datozen asteetan zehaztekoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.