Etxebizitza turistikoak

EAEko Auzitegi Nagusiak ez du onartu Donostiako hiri ordenantzaren kontrako epaiari jarritako helegitea

Iaz emandako epaia berretsi du auzitegiak, eta baliogabetzat jo du etxebizitza turistikoak lehen solairutik gora zabaltzeko aukera ematen duen ordenantza. Epai horren ostean «ehunka etxebizitza turistiko» zabaldu direla salatu du EH Bilduk.

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazio bat, maiatzean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Aperribai.
2021eko urriaren 15a
17:11
Entzun

Donostiako Udalak etxebizitza turistikoak arautzeko ordenantza berria onartu zuen 2018an. Besteren artean, lehen solairutik gora hiriko eraikinetan zerbitzu hori ematen duten etxebizitzak zabaltzea ahalbidetzen zuen hiriko zenbait eremutan. Ordenantza hori baliogabetu egin zuen iazko urtarrilean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra urratzen zuela zioen helegitea aintzat hartuta. Epai hori berretsi zuen, ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak. Epai haren kontrako helegitea jarri zuen Donostiako udal gobernuak, aurrez HAPOan aldaketak eginda,—besteak beste, lehen solairutik gora pisu turistikoak ezartzeko aukera sartzeko—, baina helegite horrek ez du aldarazi EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabakia, ez baitu tramiterako onartu. Ordenantza baliogabetzat jo zuen epaia irmoa dela adierazi du.

Donostiako EH Bilduk ohar batean jaso duenaren arabera, udal gobernuak erabakiak izango dituen ondorioen berri eman beharko dio Donostiako udalbatzari, «segur aski, urriaren 28ko saioan». Erantsi du argitzeke dagoela zein egoeratan geratuko diren behin auzitegiak ordenantza baliogabetzat jo ostean irekitako «ehunka etxebizitza turistiko». Udal ordenantzak HAPOarekin talka egiten duela adierazi du EH Bilduk: «Oso argi zegoen ordenantza honek lehen solairuaren gainetik etxebizitzak jartzeko aukera ematen zuela, eta HAPOan hori ez zela baimentzen». Halaber, salatu du edozein udal ordenantzak udal idazkariaren sinadura behar izaten duela, eta, Donostiako kasuan, idazkaria pisu turistiko baten jabea dela.

«Pisu turistikoak ezartzeko baldintzak malgutzeak» hirian izandako eraginaz ere ohartarazi du EH Bilduk. Koalizioaren arabera, «lehen legez kanpokoak ziren» 900 etxebizitza turistiko inguru legeztatu dira, eta kopuru hori «biderkatu» egin daitekeela adierazi du, «gero eta eremu gehiago saturatuz».

Erabilera turistikoko pisuek hiriko etxebizitzen prezioan izan duten igoera ere salatu du EH BIlduk, eta azken hiruhilekoan prezioak %7 garestitu direla jarri du adibidetzat. Horrez gain, pisu turistikoak ebazpen judizialen gainetik zabalik mantentzeko udal gobernuaren «helburua» ere salatu du, eta mesede egiten diela horrek «putre funtsei eta gainerako espekulatzaileei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.