INDARKERIA MATXISTA

Uharten emakume bat kolpeka hil zuen gizonari 11 urteko kartzelaldia ezarri diote

Akordioa lotu dute fiskaltzak, defentsak eta herri akusazioak, eta bertan behera gelditu da datorren astean egitekoa zen epaiketa.

Natalia Balyuken hilketa salatzeko elkarretaratzea, 2018an, Uharten. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko urriaren 15a
17:31
Entzun

2018ko abuztuaren 25ean Uharten (Nafarroa) Natalia Balyuk kolpeka hil zuela aitortu du 44 urteko akusatuak, eta 11 urteko kartzela zigorra ezarri diote: 10 urte, hilketa delitu batengatik, eta beste urtebete, tratu txar jarraituen delituagatik. Fiskaltzak 21 urteko kartzelaldia eskatua zuen, baina akordioa lotu dute alde guztiek. Hortaz, bertan behera gelditu da urriaren 18tik 22ra bitartean egitekoa zen epaiketa.

Hilketaren egunean, larrialdi zerbitzuetara deitu zuen akusatuak Uharteko bere etxetik, abisatzeko emaztea dutxan erori zela eta konortea galdu zuela. Larrialdi zerbitzuak ez ezik, poliziak ere bertaratu ziren Uhartera, Zarraondoa kalera, eta ikusi zuten kolpeka egin ohi diren zauriak zituela Balyukek; haren senarrak ere, dei egin zuen gizonak, zauri batzuk zituela sumatu zuten.

Erizainek eta medikuek Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten emakumea, 38 urtekoa. Handik bi egunera hil zen.

Foruzaingoak ondorioztatu zuen indarkeria matxista kasu bat zela, eta gizona preso hartu zuten. Agoizko auzitegira eraman zuten atxilotua, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren 1. Epaitegira. Foruzaingoak berak jakinarazi zuen gizonak maiz ematen zizkiola tratu txarrak emazteari. Sententzian irakur daitekeenez, akusatuak kolpeka hil zuen Balyuk, aurretik zituen zauriak berriz ireki eta barne odolustea eragin baitzioten. Akusatua 2018tik egon da behin-behinean preso.

Kartzela zigorraz gain, gizonak 12.500 euroko kalte ordaina pagatu beharko dio Balyuken aitari, eta 20.000na euro, biktimaren bi ahizpei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.