Aske utzi dute EHUren Leioako campusean tiroka aritu zen gaztea

Kautelazko neurriekin da aske, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Ustezko egileak asteazken goizean erosi zuen arma. Erkorekak esan duenez, badirudi haren asmo bakarra kalte materialak eragitea zela.

Asteazkenean tiroka hasi zen gaztea epailearen aurrean da. MIGUEL TOñA/ EFE
2021eko urriaren 15a
17:34
Entzun

Asteazkenean EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Leioan (Bizkaian) duen egoitzan eskopeta batekin agertu eta tiroka hasi zen gaztea epailearen aurretik pasatu da gaur. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, polizia eginbideak amaitu ondoren, 21 urteko gaztea Getxoko (Bizkaia) guardiako epaitegiaren esku utzi dute, kalte delitu bat egotzita. Epaileak erabaki du aske uztea, kautelazko neurriekin; besteak beste, gaztea zentro psikiatriko batean ospitaleratu dezaten agindu du.

Aferak ez du ondorio larriagorik izan, eta atzo normal aritu ziren Leioako campusean. EHUk jakinarazi duenez, tiroketa Zientzia eta Teknologiako eraikinean gertatu zen, eta kalte bakarrak kristaletan, hormetan, sabaian eta informazio pantaila batean gertatu ziren. EHUk esan du «gertaera larriaren» ostean, jarduera «guztiz normala» dela.

Ikusi gehiago:EHUren Leioako campusa normaltasunera bueltatu da tiroketaren ostean

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak eta Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Denis Itxasok zenbait xehetasun eman dituzte gertatutakoaren inguruan. Azaldu dutenez, ustezko egileak asteazken goizean erosi zuen arma, bigarren eskuko objektuen salerosketarako webgune baten bitartez.

Erosi eta segituan, Guardia Zibilaren egoitzara abiatu zen arma legeztatzera. Gazteak bazuen ehizarako baimena, eta hori aurkeztu zuen, nortasun agiriarekin eta beste zenbait dokumenturekin batera. Ondoren, eta unibertsitatera joan aurretik, Abantoko Gallarta elkartean (Bizkaia) aritu zen tiro praktikak egiten.

Ikerketa

Erkorekak azaldu duenez, itxura guztien arabera, haren asmo bakarra zen unibertsitatean «kalte materialak» eragitea, eta erantsi du ertzainek atxilotu zutenean ez ziela kontra egin.

Gazteak 21 urte ditu, unibertsitateko ikaslea da, eta, atxilotua izan aurretik, 25 bat aldiz egin zien tiro unibertsitateko eraikin eta azpiegiturei. Erkorekak ez du ezer esan nahi izan gaztearen ustezko motibazioen edo haren buru osasunaren inguruan: «Hori ez da Ertzaintzaren lana, eta gaian adituak diren teknikariek aztertu beharko dute», adierazi du.

Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz ere auziaz mintzatu da, eta nabarmendu du «azkarra» izan zela arazoari emandako erantzuna, eta EHUk horrelako aferetarako prestatua duen protokoloak «ongi» funtzionatu zuela. «Den-dena oso arin konpondu zen», erantsi du.

Erkorekak ez ezik, Bildarratzek ere ez du «espekulatu» nahi izan gaztearen motibazioez edo haren osasun mentalaz, eta, era berean, ez du aurreratu nahi izan EHUk ikaslearen kontrako neurririk hartuko ote duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.