Tren ezbeharretik ihes egitea lortu duen bosgarren migratzailea aurkitu dute

Istripua gertatu zen lekuan, bost lagunen nortasun paperak aurkitu zituen Frantziako Poliziak.

Prefeturak «immigrazio ilegala» kontrolatzeko egindako kontrola, bart arratsean, Urruñan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko urriaren 15a
18:20
Entzun

Susmoa baieztatu da: Ziburuko (Lapurdi) trenbidean trenak harrapatuta hil egin ziren hiru migranteekin, eta zauriturik atera denarekin, beste lagun bat ere bazen. Ezbeharra gertatu zen lekuan, bost lagunen dokumentazioak aurkitu zituen Frantziako Poliziak. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak BERRIAri baieztatu dionez, atzo arratsean, Baionako Poliziak lokalizatu zuen bosgarren laguna, Lapurdiko hiriburuan. Zauriturik atera den migratzaileak errana berretsi du: Frantziako Poliziaren kontroletatik kukutzeko asmoz igo ziren trenbidera.

Lagun horrek Frantziako Poliziari azaldu dio hotzagatik iratzarri zela, istripua gertatu baino zenbait minutu lehenago. Berotzeko, «kirol pixka bat» egiteko, trenbidetik urrundu zen, eta, istripua ikusita, ihes egin zuen.

Anartean, ikerketak segitzen du. Bourrierrek azaldu du Bordeleko (Okzitania) auzitegi medikuntzako institutuak gorpuak identifikatu dituela. Halere, zehaztu du oraino ez dela «ofiziala», Aljeriak Frantzian duen kontsulatuak baieztatu behar baititu informazioak.

Prefeturaren erantzuna

Kontrolen areagotzearekin lotu dute istripua Cimade, Anafe, eta Amnesty International elkarteek. «Mugetako kontrolak ez dira inolaz ere bizitzaren gainetik jarri behar. Giza eskubideen aurkako eginmoldeak gogor gaitzesten ditugu», erran dute.

Hala ere, bide beretik segitzeko asmoa erakutsi du Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Hedabideei bidalitako ohar batean jakinarazi zuten atzo gauean polizia kontrola ezarriko zutela Urruñan (Lapurdi), 23:00etatik 02:00etara: operazio mediatiko bat. «Pertsonen eta ondasunen zirkulazio askearen ondorioz, ondasunen eta pertsonen joan-etorriak etengabe handitu dira, horien artean legez kanpoko immigrazioarekin lotutakoak». Polizia kontrolean parte hartu zuten, besteak beste, Philippe Le Moing-Surzur Baionako suprefetak eta Bourrier prokuradoreak. Frantziako segurtasun indarretako 115 agentek eta Guardia Zibilak ere parte hartu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.