Martin Villa auzipetu du Servini epaileak

1976ko Gasteizko hilketengatik eta German Rodriguezen hilketarengatik auzipetu du.

arantxa iraola
2021eko urriaren 16a
15:44
Entzun

Francoren diktaduran eta ondorengo urteetan, trantsizio deituan, kargu ugari izan zituen Rodolfo Martin Villak. Besteak beste, Espainiako Gobernuko ministroa izan zen 1976-1979 aldian. Frankismoko krimenak argitze aldera Argentinan auzibide bat abian duen Maria Servini epaileak auzipetu egin du. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen Espainiako Poliziak bost langile tiroka hil zituen; 1978ko sanferminetan, berriz, German Rodriguez hil zuten Iruñean. Bi hilketa horien harira auzipetu du. Gaur eguedian zabaldu da albistea, Serviniren auzibidea hauspotzen ari diren elkarteek berehala baieztatu dute, txalotu ere egin dute, eta horren gaineko xehetasunak emateko astearen hasieran agerraldi bat egingo dutela jakinarazi dute.
«Abokatuak aztertzen ari dira orain autoa», azaldu du Martxoaren 3ko gertaerak argitze aldera Gasteizen martxan dagoen plataformako kide Andoni Txaskok. Lehen balorazioa oso positiboa da: «Desiratzen geunden albiste hau jasotzeko; urtebete pasatxo joan da Martin Villak Serviniren deklaratu zuenetik, eta jakin nahi genuen emaitza. Denbora behar izan du, baina albistea bikaina izan da. Irmo ari da epailea, eta zentzu horrexetan eman du ebazpen hau ere». Servini epaileak frankismoko krimenak argitzeko abian duen bidean mugarria da auto hau. Trabaz jositako bide batean egindako lorpen bat da. Eta oraindik ere bide luzea izan dezake; Gasteizko eta Iruñeko hilketak aipatzeaz gain, beste kausa batzuetan ere ministro ohiak izan dezakeen erantzukizuna ikertzeko bidea ireki baita ebazpenean. Martxoaren 3 plataformak bezalaxe, 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak ere pozez hartu du autoa.
Txaskok zehaztu du Martin Villari egotzitakoak «gizateriaren aurkako delitu» izendatu dituela Servinik, errepresio «sistematiko baten» ondoriotzat jo dituela alegia, eta oroitarazi du beren aspaldiko eskea dela hori.
«Orain duda dugu, Espainiako Estatuak zer erantzun emango duen». Hemendik aurrerakoak iragartzen ez da ausartu Txasko. Traba ugari jarri ditu orain arte Espainiako Gobernuak. Servinik Martin Villa deklaratzera deitzeko egin zituen estradizio eta atxiloketa eskea, esaterako, bertan behera utzi zituen. Argentinako kereila ere auzitan jarri dute maiz, atzerriko herrialde batek halako auzibide bat ezin duela abiatu argudiatuta. Baina amarru bat dela esan du Txaskok. «Izan ere, hemen zerbait martxan jartzen saiatu garenean, preskripzioa erabili dute argudio gisara». Eta hori ezin dela onartu oroitarazi du: «Halako krimenentzako preskripziorik ez dago».
Orain arteko «zigorgabetasun» jarrerari eusten badiote Espainiako erakundeek NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Parlamentuak ezarritako irizpideen aurkako bidea jarraituko dutela adierazi du Txaskok.
Iazko irailean deklaratu zuen Martin Villak Servini epailaren aurrean. Egozten dizkioten delituen harira «genozidioa» leporatzen diotenez, Franco hil ondorengo urteetan «genozidiorik» ez zela egon esan zuen orduan: historiako «etaparik onenetako bat» izan zela. Argentinako enbaxadaren egoitzan deklaratu zuen epailearen aurrean.
Deklarazioa hartu aurreko egunetan, Espainiako goi kargudun ugarik Martin Villaren aldeko gutun bat idatzi zuten. Felipe Gonzalez, Jose Maria Aznar, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy presidente ohiak zeuden izenpetzaileen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.