Vila-real 1-2 Osasuna

Osasunak aparretan jarraitzen du

Etxetik kanpo lautik lau partida irabazi dituzte gorritxoek. Lucas Torro eta Chimy Avila izan dira golegileak, eta sailkapenean, behin behinean, bigarren postuan daude.

Osasunako jokalariak Chimy Avilaren gola ospatzen, gaur, Vila-Realen. DOMéNECH CASTELLó / EFE
2021eko urriaren 17a
21:13
Entzun

Neurketa guztiak Sadarretik urrun jokatzen hasi beharko du Osasunak. Aurtengo denboraldian, oraingoz, puntu batek berak ere ez die ihes egin gorritxoei etxetik kanpo. Lau partida, lau garaipen. Azkena, gaur, Vila Realen aurka (1-2). Sailkapen nagusian bigarren postuan daude; 17 puntu dituzte, Real Madrilek, Atletico Madrilek eta Sevillak bezala. Hiru horiek baino neurketa bat gehiago jokatu du Osasunak.

Jagoba Arrasatek ohiko egitura aldatu du gaur. Erdiko hiru atzelari zelairatu ditu, jokalari mordoa sartu ditu erdigunean, eta baloi jabetza Vila-reali utzi dio. Kalitate handiko jokalariak ditu Castelloko taldeak: Parejo, Gerard Moreno, Trigueros... horren trukean, atzean sendo gotortu da Osasuna, eta kontraerasoan izan dituen aukerak baliatu ditu. Etxekoak ez dira une batean ere eroso egon zelaian.

Hori gutxi balitz bezala, 25. minuturako sartu du lehen gola Osasunak. Erasora igo da Nacho Vidal, Manu Sanchezek jaso du haren erdiraketa, eta hark bikain utzi dio atzetik heldu den Lucas Torrori. Horixe izan da lehen zatiko jokaldi nabarmendu ia bakarra. Dena Arrasatek nahi bezala.

Bigarrenean, ordea, aldaketak egin ditu Unai Emeryk, eta baloia azkarrago eta hobeto mugitzen hasi da etxeko taldea, eta 56. minutuan jaso du saria. Gol ikusgarria sartu du Gerard Morenok, boleaz.

Osasunak, ordea, lanean jarraitu du, zituen aukera apurrak baliatu nahian. Eta halaxe egin du 86. minutuan: Mandik pase txar bat eman du atzera, baloia lapurtu du zelairatu berria zen Chimy Avilak, eta gol erabakigarria sartu du.

Vila-real: Rulli; Foyth, Mandi, Pau Torres, Alberto Moreno (Pedraza, 46. min); Parejo, Capoue (Coquelin, 46. min), Trigueros (Moi Gomez, 46. min); Yeremi Pino (Chukwueze, 78. min), Gerard Moreno eta Danjuma (Alcacer, 78. min).

Osasuna: Herrera; Nacho Vidal, Unai Garcia, David Garcia, Juan Cruz, Manu Sanchez; Ruben Garcia, Torró, Moncayola (Oier, 89. min), Brasanac eta Kike Garcia (Chimy, 82. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.