Kontu ekonomikoak

Hazkundearen erritmoa moteldu egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eustaten lehen kalkuluen arabera, uztailetik irailerako tartean %0,8 hazi da BPGa hiru lurraldeetan, aurreko hiruhilekoko  %2,2tik nabarmen behera. Enplegua %0,6 hazi da. 

Donostiako Parte Zaharra joan den abuztuan. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu - Irune Lasa
2021eko urriaren 18a
10:58
Entzun

Gutxitan bezalako zapore mingotsa eragin du %0,8ko hazkunde batek. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero, portzentaje horretan hazi da barne produktu gordina udako hilabeteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eustatek aurreratu duenez. Asko izango litzateke garai gehienetan, baina aurreko hiruhileko %2,2tik urrun geratu da, eta baieztatu du konfinamenduaren amaieran hasitako suspertze ekonomikoa indarra galtzen ari dela, besteak beste, munduko industria jasaten ari den hornikuntza arazoen ondorioz.

Urte arteko tasan, berriz, erorikoa oso handia izan da: %18,6 bigarren hiruhilekoan, eta %3,8 hirugarrenean. Baina kontuan hartu behar da urteko bigarren hiruhilekoko datuari tentu handiz egin behar zaiola so, iaz sasoi horren zati handi batean konfinamendua izan zelako, eta aurtengo errebote efektuak desitxuratu egiten duelako edozein konparazio.
Edonola ere, %3,8ko datua Eusko Jaurlaritzak espero zuena baino nabarmen gutxiago da. Joan den hilean berritu zituen bere iragarpenak, eta %5,5eko hazkunde tasa bat aurreratu zuen udako hilabeteetarako.

Urteko azken hiruhilekorako hazkunde handiagoa espero du Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak, %7,4koa. Bizkortze hori azal dezake 2020ko udazkenean berriro ere neurri murriztaile asko jarri zirela indarrean, batez ere ostalaritzan, COVID-19aren bigarren olatuari aurre egiteko. Aurten, berriz, egoera bestelakoa izango da, pandemiari aurre egiteko neurri gehien-gehienak bertan behera geratu baitira.

Enpleguan ere ez dira bete Eusko Jaurlaritzaren iragarpenak, baina tartea ez da hain handia. Eustatek aurreratu du enplegua %0,6 hazi dela bigarren hiruhilekotik hirugarrenera, eta %3,2 urte arteko tasan —Gasteizko gobernuak uste zuena baino hiru hamarren gutxiago—.

Txinan, %0,2

Euskal Herritik urruti ere ari dira antzematen hazkundearen moteltzea. Horrela, Txinako BPGa soilik %0,2 hazi zen hiruhileko arteko tasan. Urte artekoan, berriz, %4,9 hazi da udako hilabeteetan, udaberriko %7,9tik urruti. Beste eremu batzuetan ere gertatzen ari denaz gain —hornikuntza arazoek industriaren ekoizpena gutxitzen ari direla—, Txinan hazkundeak badu beste oztopo bat, eragindakoa gainera: Xi Jinpingen gobernua etxebizitzen eta eraikuntzaren inguruan dagoen burbuila zulatu nahian dabil, gehiegizko zorpetzea geratzeko. Horren ondorioz, zaildu egin du higiezin sektoreak maileguak eskuratzea, eta horrek oso ataka estuan jarri ditu Evergrande eta beste konpainia batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.