Urkulluk ezker independentistari eskatu dio «indarkeriaren gaineko balorazioa» egin dezala

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du adierazpena «aurrerapauso positiboa» izan dela; ordea, azaldu duenez, ez du uste nahikoa denik.

Iñigo Urkullu lehendakaria, gaur Gasteizen eginiko agerraldian. DAVID AGUILAR, EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 18a
14:18
Entzun

EH Bilduren eta Sorturen urriaren hemezortziko adierazpenaren harira, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu azaldu du egindakoa «aurrerapausoa» izan dela. «Beharrezkoa eta positiboa», haren hitzetan. Hala eta guztiz ere, kritiko azaldu da, eta gaur emandako mezuarekin aski ez dela aldarrikatu du. Hain zuzen, Urkulluk balorazio bat egiteko galdegin dio ezker independentistari, «biktimei eta gizarteari eragindako minaren iturri izan den indarkeriaren gaineko balorazioa».

Urkullurena ez da gaur EAJ-k gaiari buruz eginiko lehenbiziko adierazpena; bai ordea adierazpenaren ondoko estreinakoa. Izan ere, urriaren hemezortziko adierazpena ailegatu baino are lehenago mintzatu da Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. Ezker abertzaleari eskatu dio aurrerapausoak egiten jarraitzeko, baina esan dio ezin dela «iragana ezabatu eta hutsetik hasi». Gehitu du, gainera, ETAren ekintza armatuaren amaieran ezker abertzalea ez zela «funtsezko eragilea» izan: «Hainbat aldagai izan ziren gakoak: Polizia indarren lana eta presioa, nazioarteko eragileen eta alderdien arteko elkarlana... Baina gakoa euskal gizartea izan zen».

Gertatutakoaren kontakizunaz galdetuta, sailburuak esan du Jaurlaritzak beti egin izan duela «biktima guztien memoria» biltzearen alde: «Ez dakit zenbat kontakizun egongo diren; dakidana da ETAren indarkeriak 850 lagun hil zituela, eta milaka mehatxatu», gehitu du.

Koldo Mediavilla EAJko ordezkari instituzionalak ere hitz egin du, Radio Euskadin. Besteak beste, EH Bilduko ordezkariei zuzendu zaie, eta «umiltasuna» eskatu die «hainbat urtez eragin zuten mina» aitortzeko: «Indarkeria ez da sekula justifikatu behar, eta oraindik falta zaie eragin zuten min zehatza aitortzea».

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak ildo beretik jo du ETB1en. Esan du ezker abertzaleak ez duela «erabat aitortu» indarkeria «gaizki egon zela», ezta indarkeria eta jardun politikoa ezin direla batu ere: «Pauso batzuk emateke daude, eta bide bat dago egiteko», amaitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.