ARRAZAKERIA

Barakaldar bat «modu basatian» atxilotu dutela salatu du Afrikako Komunitate Beltza elkarteak

Barakaldoko poliziak Mamadou atxilotzean «neurriz kanpoko indarra» erabili zutela salatu dute, eta adierazi dute atxilotu bitartean orkatila zapaldu ziotela eta besoetan beltzuneak egin zizkiotela. «Poliziaren aurkako atentatua» egotzi diote.

Apirilean SOS Arrazakeria plataformak egindako elkarretaratzea, beste eraso arrazista bat salatzeko. ANDONI CANELLADA/FOKU
jone arruabarrena
2021eko urriaren 18a
17:02
Entzun

Hozkailua matxuratu zitzaiolako higiezinen bulegora egin zuen dei batekin hasi zen guztia, eta, azkenean, irainak eta tratu txarrak jasan ondoren, polizia etxean bukatu zuen Mamadou barakaldarrak. Matxuraren berri emateko egin zuen deia, eta ez zioten konponbiderik eman. «Langile bat bidali zuten hasieran hozkailua konpontzera, baina horrek esan zien etxetresna berri bat erosi behar zela, ezin zela konpondu».

Mamadouk ez zuen erantzunik jaso, eta berriro ere haiekin kontaktuan jartzen saiatu zen, bizikide batek etxea utziko zuela jakinarazteko. Higiezinen agentziaren erantzuna hau izan zen, elkarteak salatu duenaren arabera: 3.620 euroko zorra zeukala, eta etxebizitza hilabete horretan bertan utzi beharko zuela. Kaltetuak adierazi du zor hori agentziak asmatu duela, eta, azaldu duenez, Mamadou bulegora joan zen arazoa konpontzeko, ordura arte hilero egin zituen ordainketen ziurtagiriak eskuetan zituela.

«Ez dizute esan hona ez etortzeko? Hemen ez zaituzte hartuko», adierazi zion bertako langile batek sartu bezain laster. «Bultzatu» ere egin zutela adierazi du elkarteak. Eztabaida hasi zen orduan, eta langileak Poliziari deitu zion.

«Poliziak Mamadouri esan zion etxe hori gustuko ez bazuen beste bat bilatzeko. Kaltetuak erantzun zion ez zuela oraindik bere bertsioa entzun, eta poliziak ahotsa altxatuz erantzun zion», salatu dute. Bulegoa itxi behar zutela esan zuen orduan bertako langileak, eta Mamadouri joateko eskatu zioten. «Berak ezetz esan zuen, azalpen bat behar zuela horrenbeste denbora zain egon ondoren, eta, gainera, etxetik zergatik botatzen zuten ere argitu nahi zuen». Elkarteak azaldu du Poliziak orduan «paretaren kontra» bultzatu zuela. Mamadouk ere bultza egin zien, eta polizia gehiagori deitu zieten orduan.

«Heldu zirenean, sei poliziaren artean lurrera bota eta atxilotu egin zuten, eta besoetan eta hanketan min eman zioten». Atxilotu zuten unean orkatila zapaltzen ibili zitzaizkiola ere salatu dute, eta besoetan beltzuneak egin zizkiotela. Min egiten zebiltzala adierazi zienean, poliziek «izorratu zaitez» esanez erantzun zioten, elkartearen hitzetan. Polizia autoan sartu zutenean «beltz kaka hori» eta halako irainak jasan behar izan zituela ere salatu dute.

Mugikorra ere apurtu, eta polizia etxera eraman zutenean hurrengo egunean epaiketa zuela jakinarazi zioten, poliziaren aurkako atentatuagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.