Jarduera fisikoaren eta kirolaren legearen aurreproiektua aurkeztu dute

Kirol ekitaldi guztietarako «leihatila bakarra» izateko oinarriak jasotzen ditu, eta kiroletan «indarkeriarekin eta intolerantziarekin» lotutako arau hausteak ere jasotzen ditu, eta horiengatik 6.000 eta 60.000 euro bitarteko isunak ezartzen.

jarraia204692.jpg
jone arruabarrena
2021eko urriaren 18a
18:13
Entzun

1998. urtekoa da orain kirola arautzen duen legea, eta hori berritzeko asmoz aurkeztu du gaur Jaurlaritzak aurreproiektu berria. Jarduera fisikoak eta kirolak izan dituzten aldaketak «islatu» eta «haien oraingo premiei eta erronkei» erantzuten diela azaldu dute gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak.

Jaurlaritzaren arabera, helburu jakin batzuk ditu aurreproiektuak: «jarduera fisikoa eta kirola sustatzea; kirol inklusiboagoa lortzeko helburua; gobernantza onaren ereduak barneratzea; desberdintasunak errotik erauztea; emakumezkoen kirola sustatzea eta kirol erakundeetan organo paritarioak edukitzeko betebeharra», besteak beste.

Praktikari dagokionez, aldaketak iragarri dituzte inklusibotasunaren arloan, esaterako. Kiroletan indarkeriarekin eta intolerantziarekin lotutako arau hausteak jasotzen ditu, adibidez, «arrazismoa, xenofobia, sexu orientazioagatiko, genero identitateagatiko edo arrazoi erlijiosoengatiko diskriminazioa». Horrelako gertaerak lizentzia behin betiko etenez zigortuko ditu legeak kasu larrietan, edo baita 6.000 eta 60.000 euro bitarteko isunak jarriz zein kirol esparruak itxiz ere.

Beste aldaketa esanguratsu batzuk ere jasotzen ditu. Besteak beste, lege berriak kirol ekitaldi guztietarako leihatila bakarra izateko oinarriak ezartzen ditu, eta «osasun sistema publikoak» emango du herritarrek kirol lehiaketa autonomikoetan eta beheragokoetan egiten den kirol jardueraren ondoriozko osasun laguntza, adierazi dutenez.

Adingabeei ere eragingo die, aurkeztu duten aurreproiektua onartzen bada: orain arte, 6 eta 16 urte bitarteko adingabeek osatzen zuten eskolatze garaian daudenen taldea, baina, orain, 0-6 urte bitarteko adin tartea ere jasoko du legeak. Adingabeetan «indarkeria, arrazismoa, xenofobia eta intolerantzia» eragozteko ohiturak transmitituko direla ere jakinarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.