Alaves 0-1 Betis

Okerreko norabidea hartu du

Borja Iglesiasen gol berantiar batek punturik gabe utzi du Alaves, etxean Betisen kontra jokatu duen partidan. Itxura lehiakorra eman arren, golari bizkarra emanda jarraitzen du

jarraia204695.jpg
enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 18a
22:09
Entzun

Bidegurutze batean zegoen Alaves, Atletico Madrili irabazi eta Athleticen kontra galdu ostean. Bi aukera zituen gaur, Betisen aurka: etxean bigarren garaipena kateatu, eta putzutik ateratzeko urratsa egitea, ala bigarren partida jarraian galdu, eta denboraldi hasierako joera ezkorrari jarraipena ematea. Bada, okerreko bidea hartu du, 0-1 galdu baitu Manuel Pellegriniren taldearen aurka. Emaitza ez ezik, galtzeko modua ere oso mingarria izan da, neurketaren hondarrean jaso baitu gola Arabako taldeak. Ez da aurkaria baino gutxiago izan, bigarren zatian bereziki, baina gasteiztarren ahaleginak ez du islarik izan markagailuan. Zaharrak berri.

Sekulako zailtasunak dituzte golak sartzeko: bi besterik ez dituzte egin orain arte. Gaur, zorteak ere bizkarra eman die, bi baloi bidali baitituzte langara, norgehiagoka oraindik hutsean zela. Tematu dira jaurtiketak egiten, baina baloiak sareratzea ia ezinezkoa da, gaur-gaurkoz, Javier Callejaren taldearentzat. Aldiz, aurkariek ia beti topatzen dute Alavesen atea zulatzeko modua. Eta bi areetan kale eginez gero, alferrik da. Ezin da punturik lortu.

Erasoan aurrerako urratsa egin nahian, lauko defentsa berrezarri du arabarren teknikariak, eta bostekoa alde batera utzi. Jokalariek ez dute jaso teknikariak igorritako mezua, eta herabe hasi dute partida. Mendizorrotzako giro beroak ere ez ditu xaxatu –harmailetara itzuli da Iraultza 1921 zale taldea–. Hala, aurkariaren menpe egon dira minutu luzez. Betisek bere egin du baloia, eta arabarren area inguruan jokatu du neurketako lehen ordu erdian.

Bere txarrean, estualdi horretan zehar aukera gutxi sortu dizkiote Callejaren taldeari. Bosgarren minutuan Miazgak baloia atepetik atera dio Canalesi, baina Realeko jokalari ohiak jokoz kanpo hasi du jokaldia. Gero, Fekirrek gelditu erabakigarria egitera behartu du Pacheco, Betisek ezkerretik ehundu duen jokaldi landu baten ostean.

Hasieran, gasteiztarrek modu bakarra aurkitu dute arriskua sortzeko: geldikako jokoa. Batzuetan ez da gehiagoren beharrik izaten markagailuan aurrea hartzeko, eta, korner batean, Toni Moyak oso gertu izan du 1-0ekoa, 15. minutuan. Jaurti egin du, erdiratu beharrean, baloiari gurpila barrurantz emanda. Langak galarazi du gol ikusgarria bezain baliotsua zatekeena.

Gauzak aldatu egin dira lehen zatiko azken ordu laurdenean, Rioja eta Pellistri agertzen hasi ahala. Uruguaitarrak oso aukera garbia izan zuen 38. minutuan, Betiseko atzelarien nahasmena baliatuz, baina kanpora jaurti du area txikiaren ertzetik. Barkatu ezin diren abagune horietako bat izan da.

Atsedenaldira hazita iritsi da Alaves, eta hobekuntzari jarraipena eman dio bigarren zatian. Neurketa orekatu egin du erabat, eta prest agertu da Betisekin kolpeak trukatzeko. Fekirrek gertu izan du gola 53. minutuan, zutoinetik oso gertu irten den ezkerkada batekin. 60. minutuan iritsi da arabarren ihardespena, De la Fuentek ateko zuloan buruz egindako errematearekin. Beste garai batean, akaso, baloiak ate barruan bukatuko zukeen, baina gaur, langarekin egin du talka berriro.

Partida bukaerara arte egon da irekita, eta Iglesiasen gol berantiarrak itxi du. Alavesek aldeko korner bat atera ostean jaso du kolpe erabakigarria. Rui Silvaren sake azkar batekin hasi da jokaldia, eta Joaquin eta Iglesiasen arteko konexioarekin bukatu. Zaila da neurketa bat modu mingarriagoan galtzea. Alta, Callejarenek ezin dute amore eman. Haize kontra bada ere, arraun egiten jarraitzea besterik ez zaie geratzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.