Ikastolen Jaiak

Arabako ikastola guztiek elkarrekin antolatuko dute datorren urteko Araba Euskaraz

Olarizun egingo dute jaia, Gasteizen, eta bildutako dirua Trebiñuko Argantzon ikastolarentzat izango da.

Gaur goizeko aurkezpena, Gasteizen. IKASTOLEN ELKARTEA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urriaren 19a
13:08
Entzun

Arabako ikastola guztiek elkarrekin antolatuko dute datorren urteko Araba Euskaraz. Hala azaldu dute gaur goizean Gasteizen egin duten prentsaurrekoan. Ekainaren 19an egingo dute festa, Zortzigarren alaba lelopean.

Trebiñuko Argantzon ikastolari lagunduko diote: «Zortzi ikastola gara Araban, Ikastolen Elkartearen barruan bildurik. Zortziek bat egingo dugu, Argantzon ikastolaren alde. Trebiñu baitugu zortzigarren kuadrilla, Trebiñu baitugu zortzigarren alaba». Zehazki, ikastola berria —2023-2024ko ikasturtean zabaldu nahi dute— egiteko dirua lortu nahi dute, baita Argantzon ikastola ezagutarazi eta Trebiñu Araba dela aldarrikatu ere, besteak beste. Egun, bi eraikin ditu ikastolak: Argantzonen bat eta Manzanosen bestea. Azken horretan, herritarrek utzitako lokal batzuetan ari dira eskolak ematen, eraikin berria egin artean. Helburu orokorragoak ere zehaztu dituzte: hala nola ikastolen komunitatea indartzea, euskararen erabilera sustatzea eta ikastola ereduaren eta ikastolen zereginak eta xedeak zabaltzea.

Ekainaren 19an egingo dute Araba Euskaraz. Adierazi dutenez, «aspaldian» ari dira jai eredua aztertzen, eta, haien irudiko, aurten eginiko Araba Euskaraz, COVID-19a tarteko, «eredugarria» izan da hainbat alderditan. Horiek aintzat hartuta ekin diote hurrengo urteko festaren antolaketari: haurrentzako eta familientzako jai eguna izango da bereziki; osasun eta segurtasun neurriak bermatuko dituzte; adin guztietarako kultur egitasmo askotarikoak eskaini nahi dituzte; «giro oneko» jaia egiteko asmoa dute, parte hartzailea, ludikoa eta euskararen erabilpena bultzatuko duena; eta erakundeek, babesleek eta laguntzaileek ere tokia izango dute.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ordea, festa ez da egun bakarrekoa izango: ikasturte osoan zortzi ikastoletan egin nahi dituzte ekintzak. Jaiaren antolaketa ere ikastola horien guztien esku egongo da: «Zortzi ikastoletan sortu ditugu batzorde desberdinak, eta lanak banatu ditugu: material salmenta, Tanta zozketa, babesleak eta laguntzaileak, publizitatea, segurtasuna, urte osoko egitasmoak, eguneko egitaraua, muntaketa...».

41 urte atzera

41 urte beteko dira datorren urtean lehen Araba Euskaraz egin zutenetik. Olarizun egin zuten hura ere, eta edizio hari keinu egin nahi diote 2022ko festan, leku berera itzuliz ez ezik, baita logoarekin eta leloarekin ere. Nestor Basterretxeak ondu zituen 1981eko festako logoa eta leloa, eta hura oinarri hartuta egin dituzte oraingoak. Azaldu dutenez, Araba, zazpi talde, bat euskararen alde izan zen 1981eko festaren leloa, Arabako zazpi kuadrillei erreferentzia eginez; 2022koa, berriz, Zortzigarren alaba izango da. «Gorka Knorren Araba abestiaren ildotik,zortziak erreferentzia egiten die Arabako zortzi ikastolei, Arabako zortzi kuadrillei —zazpi ofizialak gehi Trebiñu—, batasunari —zortziak bat—, eta Trebiñuri —bera da zortzigarren alaba—». Logoari dagokionez, Basterretxeak sortutako logoan ageri den haritz hostoaren ildotik, zuhaitz desberdinen hostoak erabili dituzte, «ikastolen aniztasuna islatzeko, eta, era berean, baita lurraldearen, basoen eta naturaren aniztasuna ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.