Zinetika jaialdiak 23 film programatu ditu Iruñean, Donostian eta Bilbon

Urriaren 22tik 31ra egingo dute jaialdia. Tailerrak, performanceak eta eskola magistralak ere izango dira.

Ander Gisasola, Laida Aldaz eta Sofia Alforja, gaur, Baluarte auditoriumean, Zinetikaren aurkezpenean. IñIGO URIZ / FOKU
Ane Eslava.
2021eko urriaren 19a
16:51
Entzun

Zinetika jaialdiak dantzaren, ikus-entzunezko artearen, zinemaren, gorputzaren eta teknologiaren arteko harremanak aztertzea du helburu, eta hibridazio hori oinarri duten proposamenak biltzen ditu. Aurtengoa seigarren aldia du, eta larunbatetik hilaren 31ra bitarte egingo dute, Iruñean, Donostian eta Bilbon. Jaialdiaren atal nagusia filmak dira, eta aurten 23 programatu dituzte, hiru sailetan: Sail Ofiziala, Open Screen eta Zinetiks. Programazioa osatzeko, zikloan jaialdi topaketa bat, hiru eskola magistral, bi performance, instalazio bat, tailer bat eta hainbat proiekzio izango dira. Gaur aurkeztu dute egitaraua, Iruñeko Baluarte entzunaretoan.

El Trastero Creativo taldeak antolatzen du Zinetika diziplina anitzeko jaialdia 2016tik, Nicdorekin elkarlanean eta zenbait entitateren laguntzarekin. Dantzarako hurbilketa eta truke artistikoa bultzatzeko sortu zuten, artisten eta diziplinen arteko loturak ezartzeko asmoz. Hala, dantzak, ikus-entzunezko hizkuntzak, gorputzak eta teknologiak bat egiten dute jaialdian, gogoeta sustatzeko.

Aurtengo jaialdirako 1.160 pelikula jaso zituzten. Horien artean hautatu dituzten 23 lanak hainbat herrialdetakoak dira, hala nola Argentina, Estatu Batuak, Frantzia, Espainia, Brasil, Errusia edota Australia, eta jorratzen dituzten gaiak ere askotarikoak dira: denboraren joana, errutina, konfinamendua, poesia, arkitektura, esperimentazioa... Gaiez harago, mugimendua eta dantza dira pelikulen oinarri nagusia. Lengoaia horrek ematen dituen aukerak nabarmendu ditu Laida Aldaz jaialdiko zuzendari artistikoak: «Mugitzen naizenean edo gorputza denean erabiltzen dudan hizkuntza, interpretazioa askeagoa da. Hitzak dauka zerbait oso konkretua, eta mugimenduak ez dauka hori».

Epaimahaia Teresa Moralesek, Sofia Alforjak eta Lorand Janosek osatuko dute. Film onenaren eta zuzendari onenaren sariak emango dituzte, eta aurten berritasun bat izango da: K saria ere emango dute. Zinetogram, Goieniz eta Butak21 zineklubek sustatzen dute sari hori, eta irabazten duen pelikula zineklub horietan proiektatuko dute gero.

Lehian diren pelikulak ez ezik, aurten DNA 2021 dokumentala ere emango dute. Aitor Ortiz de Felipek zuzendu du lana, eta DNA Nafarroako Dantza Garaikidea programaren sorkuntza eta ikerketako egonaldiei lotutako testigantzak biltzen ditu.

Beste proposamen batzuk

Jaialdian hiru eskola magistral izango dira: batetik, Lorand Janos Bartzelonako Choreoscope jaialdiko zuzendariak jorratuko du nola gauzatzen den dantzaren sormen prozesua pantailan, «ideiatik hasi eta banaketaraino». Hiru saiotan emango du, Donostian, Bilbon eta Iruñean, hilaren 22an, 27an eta 29an, hurrenez hurren.

Beste bi eskolak telematikoak izango dira: Derek Pedros argazkilariak espazioaren eta mugimenduaren arteko harremanari helduko dio bere saioan, hilaren 24an; Iris Martin Peralta Espainiako zinemaren Italiako jaialdiko zuzendariak, berriz, aztertuko du zer faktore diren garrantzitsuak pelikula bat egin ondoren hura banatzeko. Haren eskola hilaren 26an izango da.

Zazpi T'erdi taldeak, bestetik, Mugatik korrespondentziak tailerra eskainiko du. Proiektua mugaren kontzeptutik abiatzen da, «leku intimoagoetara eta pertsonalagoetara iristeko». Horretarako, kontzeptu hori «deseraikitzeko» helburuz, korrespondentzia zinematografikoak sustatuko dituzte, Nafarroako eta Baionako zenbait neraberen artean. Hilaren 29an, 30ean eta 31n egingo dituzte saioak, Baluarte auditoriumean.

Bestetik, Errioxako El Patio konpainiak A mano performancea erakutsiko du Baluarteko Ganbera aretoan, hilaren 30ean. Lokatzez kontatutako istorio bat da: antolatzaileek azaldu dutenez, ihes egiteko gogo handia duen pertsonaia txiki bat du protagonista, eta gainerako osagaiak honakoak dira: «Erakusleiho bat eta bertako maizterrak, maitasun istorio bat, porrot txikiez osaturiko istorio bat, tornu bat, buztinola txiki bat eta jolasten ari diren lau esku».

Hurrengo egunean, leku berean, Andrea Diaz Reboredo artista plastikoak M.A.R. aurkeztuko du. Objektuen antzerkian inspiratutako performance bat da: objektuen manipulazioa aztertzen du, lanerako materialak erabilita egindako koreografia baten bitartez; objektu horiek guztiak bilduko ditu espazio jakin bat eraikitzeko, etxe bat.

Jaialdiak Adrien M & Claire B konpainiaren Acqua Alta instalazioa ere hartuko du. Piezak «galeraz eta bilaketaz, arrotzarekiko eta alteritatearekiko beldurraz eta hori menderatzeko moduaz» hitz egiten du. Donostian hilaren 18tik 24ra ikusi ahal izango da; Bilbon 25etik 28ra; eta Iruñean urriaren 29tik azaroaren 4ra.

Gainera, aurten jaialdien topaketa bat ere egingo dute Zinetikan. Labo XL jaialdiarekin sustatu dute, eta ostiralean izango da, Tabakaleran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.