Etxebizitza

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestaziora deitu dute Baionan 30 eragilek

Azaroaren 20an egingo dute, 'Euskal Herrian bizi, eta etxebizitza ukan. Espekulazioari ez!' lelopean. Herritarrei deia egin diete mobilizazioaren antolaketan parte hartzeko, eta arloz arlo eta tokian-tokian protestarako deialdiak egiteko.

Manifestazioa deitu duten eragileetako ordezkariak, gaur, Baionan. EKHI ERREMUNDEGI BELOKI
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko urriaren 20a
11:47
Entzun

Azaroaren 20an etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioan parte hartzera deitu dute Ipar Euskal Herriko 30 bat eragile politiko, sozial eta sindikalek, Euskal Herrian bizi, eta etxebizitza ukan. Espekulazioari ez! lelopean. Aspaldi ez da ikusi Ipar Euskal Herriko hainbeste eragile ezberdin biltzen dituen prentsaurreko bat; gaiak hartu duen garrantziaren erakusgarri da. «Etxebizitzaren krisiak jendarte guzia ukitzen du. Batez ere behar handienetan direnak, baina baita klase ertain-apalekoak ere. Denek pairatzen dituzte krisi honen ondorioak», adierazi du EH Baiko Gabi Arostegik deitzaileen izenean. Ipar Euskal Herriko aurpegi esanguratsu batzuek parte hartu dute prentsaurrekoan, hala nola Michel Larralde CFDTko idazkari nagusi ohiak, Colette Capdevielle PSko diputatu ohiak, Victor Pachon Cade elkarteko kideak eta Isabelle Capdeville Lurzaindikoak.

Hauek dira deialdian parte hartu duten eragile guziak: sindikatuei dagokienez, CFDT, Baionako CGT, ELB, LAB, FSU eta Ipar Euskal Herriko Solidaires; alderdiei dagokienez, EELV, EH Bai, Ipar Euskal Herriko Ensemble, Generations, Ezkerra Demokrazia eta Sozialismoa, Frantzia Intsumisoa, Alderdi Sozialista eta Nouvelle Donne. Elkarte andana ere badago deitzaileen artean; besteak beste, Alda, Atherbea, Bizi, Bager, EBA, EHLG, Etorkinekin, Gazte Ekintza, Ipar Euskal Herriko asanblada feminista, Les Bascos eta Lurzaindia.

Bost puntuko adierazpen bat irakurri dute, deialdiaren arrazoiak zehazteko. Lehenik, lurraren eta etxebizitzaren merkatuaren arautzeko eskatu dute, eta bi proposamen egin dituzte horretarako. Batetik, Euskal Elkargoari erabilera aldatzeko baimenaren araudia moldatzeko eskatu diote, urte guzian turismora bideratuak diren alokairuko etxebizitza altzaridunentzat konpentsazio neurri zorrotzak sor ditzan. Bestetik, alokairuan jartzeari buruzko zerga erreforma ere eskatu dute, jabeei eta inbertitzaileei emandako abantaila fiskalak ken ditzaten.

Bigarren puntuak lurraren eta etxebizitzaren eskuantze publiko edo kolektiboa eskatzen du. Hor ere beste bi neurri proposatu dituzte: laborantza lurren «santuarizazioa» eta «alokairu erreala eta solidarioa» orokortzea. «Oro har, jabetza publikoa antolatzeko eragiketei eman behar zaie lehentasuna. Honela, herriko etxeek beren esku izanen dituzte lur erreserbak. Espekulazioa eragozten duten eta jabetza kolektiboa garatzera bideratuta dauden egitasmo pribatuak, elkartuak edo kooperatiboak sustatu behar dira».

Hirugarren puntua aldarrikapen bat da: «etxebizitza ukaiteko eskubidea bi etxe ukaitekoa baino premiatsuagoa izatea». Gaur egun, Ipar Euskal Herriko etxebizitzen %21 bigarren etxeak dira, eta, deitzaileen arabera, kopuru hori etengabe emendatzen ari da. «Bigarren egoitza bakoitza aterabide bat gutxiago da Euskal Herrian bizi nahi dutenentzat». Deitzaileen iritziz, bizitegien zerga emendatu behar zaie bigarren etxebizitzei, eta transferentziaren gaineko zerga bereiztea ere galdegin dute; hau da, ondasun baten erosketa bigarren egoitza ukaiteko helburuarekin egina bada, zergetan ondorioak ukaitea.

Laugarren puntuan, «etxebizitza duina eta arrazoizko prezioan» izateko eskubidea «egiazki aplikatua» izatea eskatu dute, eta bosgarren puntuan, Ipar Euskal Herrian garatzen den etxebizitza politika «urgentzia ekologikoekiko eta klimatikoekiko bateragarria» izatea. Hiru neurri aipatu dituzte hor: bizitegi hutsen zaharberritzea, eraikinen zaharberritze energetikoa eta lehentasunez erosteko eskubidearen erabiltzea.

Giltzak eskuan

Gaurko prentsaurrekoa herritarrei parte hartzeko deia egiteko aukera ere izan da. Urriaren 27an, asanblea irekia eginen dute Uztaritzeko (Lapurdi) Lapurdi gelan, eta dirua biltzeko kanpaina parte hartzailea ere abiatuko dute mobilizazioak eragindako gastuei kolektiboki erantzuteko..

Horrez gain, manifestazioaren deialdian parte hartzeko proposamena ere egin diete herritarrei, «ehunen deiak» ugaritzeko, arloz arlo eta geografikoki. Sinbolo gisa, manifestaziora giltzak eskuan joatera deitu dute, eta aitzinetik ere argazki eta bideoak egitera animatu dituzte herritarrak, giltzak eskuan manifestaziora deitzeko.

Agerraldiaren ostean, eragileetako ordezkarien adierazpenak jaso ditu BERRIAk. EH Baiko Gabi Arostegik, adibidez, esan du beharrezkoa dela sindikatuak eta alderdi politikoak elkartzea etxebizitzaren egoera zein den ikusita: «Neurriak hartzeko anbiziotsuak izan behar dugu». Aski dela azpimarratu du Daniel Arotzarenek, Atherbeako ordezkariak. «Krisiari aurre egiteko, zerbait behar dugu eraiki kolektiboki», esan du.

Gazte Ekintzako Aitor Servierrek, berriz, azaldu du aspaldikoa dela etxebizitzaren arazoa, baina azken urteetan areagotu egin dela: «Etxebizitzen kopuruen emendatzea, alokairuen prezioen etengabeko igoera...». Gehitu du gizartean areagotu egin dela gaiarekiko kezka, eta eztabaida politikoaren erdigunean dagoela egun: «Horregatik batu ditugu horrenbeste indar, gai honetan inoiz ere egin ez dugun moduan». Amaitzeko, deialdiaren helburua laburbildu du: «Aldarrikatzea herri honetan bizi diren guztiek izan behar dutela etxebizitzarako eskubidea».

Azkenik, LAB sindikatuko Argitxu Dufauk adierazi du aterabideak badirela etxebizitzaren arazoarentzat, eta, jendeari itxaropena sortzeaz gain, presio egin behar dutela: «Momentukotz oso zail zaigu Euskal Herrian bizitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.