Memoria

Martxoaren 31ko bonbardaketan ehortzitakoen senideen bila dabil Durango 1936 elkartea

Jon Irazabal historialariak 2001. urtean argitaratu zuen bonbardaketaren ostean hilobi komunetan ehortzitakoen zerrenda, eta, orain, helburua da 82 lagun haietatik identifikatzeko falta direnak identifikatzea eta gaur egungo ondorengoak lokalizatzea.

Durangoko bonbardaketaren biktimei egindako omenaldia, 2018an. JUANAN RUIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 20a
12:58
Entzun

1937ko martxoaren 31n bonbardatu zuten Durango (Bizkaia) Italiako Aviazione Legionaria-ko hegazkinek, Espainiako Gerra Zibilean. Goizean, lau hegazkinen artean, 50 kiloko 80 bonba inguru bota zituzten, eta, hori gutxi balitz bezala, ehiza hegazkinek jendea metrailatu zuten jarraian. Arratsaldean berriz bonbardatu zuten herria; orduan, 50 kiloko 36 lehergailu bota zituzten, eta 100 kiloko 22. Gutxienez 336 hildako zuzen eragin zituzten, eta gehiago izan ziren zeharkakoak gehituta.

Sarraski hari buruzko liburu bat 2001. urtean argitaratu zuen Jon Irazabal Gerediaga elkarteko historialariak, eta han zerrendatu zituen hilobi komunetan ehortzitako biktima gehienak. Durango 1936 elkarteak jakinarazi duenez, ordea, biktima horiei buruz ez dakite beste ezer. Elkartearen arabera, «82 gizon-emakumeri buruzko erreferentzia bakarra izen-abizena da batzuetan, edota, txarrenean, lurperatu zituzten garaiko plaken erreferentzia zenbakia».

Horregatik, duela hilabete, «ehortzitako guztiak identifikatu eta gaur egungo familiarteko eta ondorengoak lokalizatzeko» ikerketa lan bat hasi zuten Gerediagak eta Durango 1936k, Durangoko Udalaren babesarekin. Hiru hilabete eskas iraungo du egitasmoak, eta asmoa da amaieran topaketa bat egitea aurkitutako senitartekoekin.

Hobi komunak

Izan ere, Durango 1936k azaldu duenez, litekeena da egitasmoak Durangoko hilerriko hobi komunetan ehortzitakoei «gune duin bat» atontzeko aukera zabaltzea. Udalak hobi komun horien kokapena identifikatzeko eskaera ofiziala egin zion uda aurretik Gogora Institutuari.

Oraingoz, 82 izenetatik dozena bat senitartekoren erreferentziak eskuratu dituela jakinarazi du elkarteak. Baten batek ehortzitakoren bati buruzko informaziorik izango balu, bi elkarteetakoren batekin harremanetan jartzeko eskatu dute. Izenen zerrenda, herrika, Durango 1936ren webgunean kontsulta daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.