Arma nuklearrak

Baliteke AUKUSek urpeko nuklearrak lortzeko lasterketa abiatzea, IAEAren ustetan

Rafael Grossi Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari orokorrak ohartarazi du litekeena dela «beste herrialde batzuek Australiaren adibideari» jarraitzea.

Rafael Grossi IAEAko zuzendari orokorra, artxiboko irudi batean. FLORIAN WIESER / EFE
ander perez zala
2021eko urriaren 20a
13:09
Entzun

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak kezka agertu du AEB Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Australiak adostu zuten AUKUS aliantza militarrarengatik, urpeko nuklearrak lortzeko lasterketa baten lehen pausoa izan daitekeelakoan.

Rafael Grossi IAEAren zuzendari orokorraren arabera, bada aukerarik «beste herrialde batzuek Australiaren adibideari» jarraitzeko, AUKUSeko hiru herrialdeek itunean adosturikoa betetzen badute. Hala eginez gero, lehen aldia litzateke arma nuklearrik ez duen herrialde batek energia nuklearra erabiltzen duten urpekoak eskuratuko lituzkeela.

Akordioak kezka eragin du Asia hego-ekialdeko herrialdeen artean. Horien artean, bi ikuspuntu nabarmendu dira: batetik, itunak Txinaren ekintza militarretarako aukerak txikitu dituela, baita gatazka baterakoak ere; bestetik, gerra bat izatekotan, suntsitzaileagoa izango dela.

Izan ere, talka eremu dezente daude Txina hegoaldeko itsasoan —mugen inguruan, esaterako—, eta horri gehitu behar zaio Taiwanek sortzen duen eztabaida eta Pekinek inguruko herrialdeetan dagoen diasporarekin duen harremana.

AUKUSen alde agertu direnen artean dauden Vietnam, Taiwan, Japonia eta Hego Korea, eskualdean oreka aldaketa bat eragin dezakeelakoan, eta, noski, Txinarekin hainbat gatazka dituztelako. Aldiz, Indonesiak, Malaysiak eta Singapurrek ez dute begi onez ikusi aliantza militar hori, eta argi eta garbi jakinarazi dute beren jarrera.

Herrialde horien kezka da Australiak jasoko dituen propultsoreak bide luze baten lehen pausoa izatea, Ozeaniako herrialdeak gerora armamentu nuklearra erosiko duelakoan; hain justu, IAEAk helarazi duen kezka berbera.

Akordio militarrean jasota dagoenez, AEBek eta Erresuma Batuak propultsio nuklearreko urpekoak egiteko beharrezko teknologia emango diote Australiako armadari, baita horiek eraikitzeko laguntza ere.

Hego Koreak eta Kanadak ere aztertu dute horrelakoak egiteko aukera, eta Brasil horri buruzko proiektu batean dago murgilduta; gainera, Iranek asmo horien berri eman zion IAEAri, duela hiru urte.

Gaur egun, ordea, badirudi Australiaren proiektua dela egingarriena, eta, horregatik, Grossik aditu talde bat osatu du AUKUS aliantzaren segurtasuna eta ondorio legalak aztertzeko: «Akordio zehatzak behar ditugu segurtatzeko [Australiak] jasotzen duen teknologia edo material oro babes neurrien menpe dagoela», adierazi du IAEAko zuzendari orokorrak, gaurko ordu txikietan, Washingtonen zela.

Izan ere, Grossiren ustetan, AEBek eta Erresuma Batuak dute material eta teknologia nuklearra Australiara «modu seguruan» bidaltzeko «erantzukizuna». Hain justu, horretaz mintzatu da Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariarekin izan duen bilkuran.

Iranera, «laster»

Horrez gain, IAEAren zuzendari orokorrak adierazi du «laster» dela Iranera joatekoa, «egun gutxi barru» izango baitu bidaia horri buruzko albisteen berri. Islamiar errepublikako agintariekin izandako elkarrizketen harira egin ditu adierazpenok, baina ez du xehetasun gehiagorik eman. Ziurrenik, «datorren asteetan» izango da Ekialde Hurbileko herrialdean.

Teheranen programa nuklearraz, Grossi argi mintzatu da: «Arazo larri bat dugu hango instalazio nuklear baten zaintzarekin». Horregatik, Iranera egingo duen bidaia baliatuko du auzi horretaz eztabaidatzeko; antza, instalazio horretako tresneriaren parte bat «kaltetu» egin da, eta hori konpondu «beharra» dago: «Oraingoz, Iranek ez digu hori egiteko baimenik eman. Behaketa gaitasuna berriz ezartzeko kontsultetan gaude murgilduta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.