Ikasleen ongizatea helburu duen Laguntza programa DBHra zabaldu dute Nafarroan

Nafarroako Gobernuak hezkuntza arloko adituekin sortutako programa bat da, eta helburuetako bat suizidio ahaleginak saihestea da. 

Laguntza programako sortzaileak, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2021eko urriaren 20a
14:39
Entzun

Nafarroako Gobernuak zabaldu egingo du Laguntza programa, hezkuntza emozionalerako egitasmoa: gaurtik aurrera martxan da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere. Iruñean egindako agerraldian, Itziar Irazabal Hezkuntza Departamentuko Bizikidetza Aholkularitzako negoziazio buruak azaldu du helburua ikasleen, irakasleen eta familien «ongizatea bermatzea» dela. Hezkuntza emozionalaren bidez dinamikak eskaini nahi dizkiete ikasleei arazoei aurre egiteko; hala nola eskola jazarpenari eta suizidioari. Ez du daturik eman, baina suizidio ahaleginetan gorakada egon dela azaldu du: «Lehen, eskola jazarpen kasu asko genituen, baina orain, zoritxarrez, gorakada nabaria eta oso kezkagarria sumatu dugu suizidioaren gaiarekin. Programa honek halako gertakariak eta egoerak saihestu nahi ditu».

Nafarroako Gobernuak, Kaeru hezkuntza arloko entitateak eta Eva Bache adituak sortu dute programa. Duela bi urte abiatu zuten Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, hamabi eskolekin batera. Aurten jarraipena eman diote Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta hogeita bat eskola batu dira. «Kontuan hartu dugu haurrek eta nerabeek etapa bakoitzean izan ditzaketen zailtasunak, eta horiei kasu egin diegu», esan du Irazabalek.

Etorkizuneko helburua ongizatea komunitatera zabaltzea da, baina aurten «ongizate pertsonalean» kokatu direla azaldu du Irazabalek: «Iruditzen zaigu oso garrantzitsua dela ongizate pertsonala lehenik eta behin irakaslearekin berarekin lantzea, ostean ikasleekin bermatu ahal izateko eta begirada zabaltzeko».

Horretarako, talde eragile bat sortu dute, eta hogeita lau orduko formakuntza «sakona» eskaini diete. Horrez gain, irakasleek hamabi orduko formakuntza jaso dute, eta zenbait dinamika eskaini dizkiete. Bi helburu nagusi dituzte: gelara zabaltzea eta adinaren arabera lantzea.

Beraz, laguntza eskaintzeko eta entzuteko dinamikak jasotzen dituen programa bat da, eta besteak beste, eskola jazarpenarekin amaitzeaz gain, prebentzioa indartu nahi dute kasuak saihesteko. Suizidioa landu nahi duten beste alor bat da: «Ez dugu bilatzen suizidioaz hitz egitea, baizik eta, norbaiti horrelako ideiarik burutik pasatuko balitzaio, jakin dezala baduela norbait edo guneren bat berarekin egoteko eta laguntza eskaintzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.