Koronabirusa

Loiolako santutegian 22 pertsona kutsatu dira, eta lau pertsona hil dira, jesuitak laurak

Txertatuta zeuden kutsatutako guztiak. Hildako lau lagunek beste gaixotasun batzuk zituzten. Jakinarazi dute agerraldi bat izan dela Basurtoko ospitalean.

Loiolako Santutegia Azpeitian (Gipuzkoa). ANDONI CANELLADA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko urriaren 20a
14:41
Entzun

Azpeitian (Gipuzkoa), Loiolako Santutegian, COVID-19aren agerraldi bat izan zen joan den irailaren 28an, eta, haren ondorioz, 22 pertsona kutsatu eta lau hil dira, denak jesuitak. Hildakoak adinekoak ziren –horietako hiruk 90 urtetik gora zituzten, eta besteak, 75 urte–, eta aurretik beste patologia batzuk zituzten.

Albiste agentziek zabaldu dutenez, koronabirusaren agerraldia irailaren 28an gertatu zen, santutegiko erizaindegian. Positibo eman zuten 22 pertsonetatik hamabi jesuitak dira, eta beste hamar, bertako langileak; guztiek hartua zuten COVID-19aren aurkako txertoa, santutegiko iturriek azaldu dutenez. Langileek etxean pasatu zuten gaixotasuna, eta zentro erlijiosoko zazpi pertsona ospitaleratu behar izan zituzten.

Orain ez dago positiborik, eta aurreikusi dute Loiolako Santutegiko elizkizunak normaltasunera itzultzea larunbatean.

Kutsatuak Basurtoko ospitalean

Birusaren beste agerraldi baten berri eman dute gaur: hainbat kutsatu atzeman dituzte Basurtoko ospitalean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Revilla eraikinean detektatu dituzte kasuok. Ez dute zehaztu zenbat pertsonak eman duten positibo, baina argitu dute PCR probak egiten hasi direla, kutsatze katea etete aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.