Komunikazioa

Del Teso, Beriain eta Fraile saritu ditu Euskal Kazetarien Elkarteak

Zehaztu dituzte Euskal Kazetaritza Sarien 10. aldiko garaileak. Del Tesok jaso du Euskal Kazetariak saria. Gainera, beste ataletan sarituak izan dira David Beriain eta Roberto Fraile, Mirentxu Purroy, Julio Flor, Angel Ruiz de Azua eta Eva Caballero.

Begoña del Teso, joan den irailean, Donostian. ANDONI CANELLADA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urriaren 20a
15:21
Entzun

Gaur atera dira argitara 2021eko Euskal Kazetaritza Sarien irabazleen zerrendan bilduak diren izenak. Sarien antolatzaileek jakinarazi dituzte aurtengo garaileak, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak, Bilbon. Besteak beste, Begoña del Teso kazetariaren lana aitortu dute. Hari eman diote Euskal Kazetariak ataleko saria.

Sarietako epaimahaiak nabarmendu duenez, «zine esatari eta dibulgatzaile ezin hobea» da Del Teso, «kazetaritza apaltasunez, pasioz, tinkotasunez eta entregaz bizi duena», gehitu dute epaileek. Egun, BERRIAko kolaboratzailea da. Eppur si muove zutabea idazten du egunkariaren Kultura sailean.

Beste sei kategorietako sarituak ere jakinarazi dituzte antolatzaileek, eta horien artean dira, besteak beste, David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetariak. Burkina Fason izan zen eraso batean hil zituzten biak, iragan apirilean. Zehazki, Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria eman diete, «kazetaritza ausart, arriskutsu eta deserosoa egiteagatik».

Fotokazetaritza, kazetaritza digitala eta beste

Bestalde, epaileek Mirentxu Purroyk urteetan egindako bideari so egin diote, eta hari eman diote Ibilbide Profesionalaren Saria. Gainera, Kazetaritza Digitala-Narratiba Berriak saria jaso du Julio Florren Blog Rioja Alavesa blogak. Halaber, fotokazetaritzari eskainitako Juantxu Rodriguez saria Angel Ruiz de Azuak irabazi du, eta Ingurumen kazetaritzari buruzko atalean, berriz, Eva Caballero izan da garaile. Halaber, epaimahaiak saritu egin du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea; Pertsonaia edo Giza Instituzioa saria eman diote. Fakultateak 40 urte bete ditu aurten.

Irabazleen berri gaur emanagatik ere, sarituek azaroaren 10ean jasoko dituzte garaikurrak. Bilboko BBK Aretoan izanen dute ekitaldia, 19:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.