Aleksei Navalni saritu dute Sakharov sariarekin

Europako Parlamentuko talde kontserbadoreak eta liberalak babestu dute bere hautagaitza.

Navalni aske uzteko eskatzeko protesta bat, Moskun. MAXIM XHIPENKOV
2021eko urriaren 20a
15:24
Entzun

Europako Parlamentuak Aleksei Navalni Errusiako oposizioko burua saritu du Kontzientzia Askatasunaren aldeko Sakharov sariarekin. Giza Eskubideen alde egindako lana saritzen du Europako Parlamentuak sari horrekin. Kontserbadoreek eta liberalek babestu dute Navalniren hautagaitza, eta modu horretan gailendu zaie beste hautagaiei: Afganistango emakumeak eta Jeanine AƱez.

Vladimir Putin presidentearen arerio nagusienetako bat da Navalni. Blogari zela, 2011ko bozen ostean, kalera atera eta protesta egitera deitu zituen errusiarrak, iruzurra salatzeko. Atxilotu eta espetxeratu egin zuten. 2013an bost urteko espetxe zigorra ezarri zioten diruaren erabilera okerra leporatuta. Europako Batasunak eta AEBek salatu zuten epaiketak helburu politikoak zituela.

Urte horretan bertan bozetara aurkeztu zen, migratzaileen eta ustelkeriaren aurkako kanpaina eginez. 2019an ere Sakharov saria jasotzeko hautagaien artean egon zen.

Iazko udan pozoitu egin zuten, haren esanetan, Putinen aginduz. Hilabeteak eman zituen Alemaniako ospitale batean osatzen. Errusiara bueltatu zenean, aurtengo otsailean, espetxeratu egin zuten, eta bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote. Apirilean 23 eguneko gose greba bat egin zuen protesta modura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.