Faxismoa futbolean

Lazio futbol taldeak postutik kendu du agur nazia egin zuen arranozain espainiarra

Erromako taldeari askotan leporatu diote faxistekin loturak edukitzea. Urte hasieran, Mussoliniren birbiloba fitxatu zuen.

Bernabe, agur faxista egiten, joan zen asteburuan, zaleen bideotik harturiko sekuentzian. BERIA
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 20a
17:19
Entzun

Juan Bernabe du izena. Espainiarra da, eta Erromako Lazio futbol taldearen maskotaz arduratzen zen. Benetako arranoa trebatzen zuela esan beharko da, gaur bertan haren lana bertan behera utzi baitu taldearen zuzendaritzak.

Hautsak harrotu ditu Italian Bernabe protagonista duen bideo batek. Joan zen asteburuan grabatu zuten taldeko jarraitzaile batzuek. Bideoan jarraitzaileen ohiak entzun daitezke, Benito Mussoliniren aldeko duce, duce esaten (alemanieraz Adolf Hitlerriemaniko Fuehrer tituluaren baliokidea da, edo gazteleraz Francisco Francokbere buruari jarritako caudillo-rena). Oihuei erantzunez, Bernabek, arranoa besoan, agur nazia egiten die faxistei.

Bideoa gehiegi izan da Lazioren zuzendaritzarentzat, eta, ohar baten bidez jakinarazi du arranozainari eginkizuna eten diola, eta aztertuko duela kontratua eteteko aukera, haren portaera ez datorrelako bat taldearen kode etikoarekin. «Jarrera horrek taldea iraintzen du, zaleak eta gizartea inspiratzen dituen balioak; horregatik neurriak hartu dira».

Izan ere, taldeak irudi arazo bat dauka, faxismoarekin lotuta agertu delako azken hamarkadotan. Haren jarraitzaile talde bat Irriducibili (menderaezinak) deiturikoak ziren, eta eskuin muturreko joerengatik eta indarkeria ekintzengatik egin ziren ezagun. Iaz izena aldatu zuten, eta orain Ultras Lazio dira.

Lana du ordea taldeak irudia garbitzeko. Izan ere, lotura historikoak ditu neofaxistekin. Haren jokalari Paolo Di Caniok hainbatetan erabili zuen agur faxista futbol zelaian, eta behin zigortu egin zuten horregatik.

Urte hasieran berriz izan zen albiste taldea, Romano Floriani Mussolini jokalari gaztea, diktadorearen birbiloba, fitxatu zuelako defentsan aritzeko.

Bernabe 2010-2011 denboralditik zebilen Lazion lanean. Aurretik Benfica taldearentzat aritu zen, hark ere arrano bat duelako ikur gisa. Estadioan arranoa hegaldatzera bidaltzea zen haren eginkizuna, partidak hasi aurreko minutuetan. Bernabe Cadizkoa da (Espainia), eta, besteak beste, Espainiako erregearen familiarentzat egin izan du lan, esaterako Elena Borboikoaren ezkontzaren aurretik Sevillako (Espainia) Alcazarra usoz garbitzen, berak hango prentsari kontatutakoaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.