Koronabirusa

Jolasgaraian 12 urtetik beherakoak maskara janztera derrigortzen dituen aginduari eutsiko dio Jaurlaritzak

Gotzone Sagarduik argudiatu du haurrak babesteko neurri bat dela, eta esan du gaur egungo egoera ez dela ona.

Aste honetan Haurrak Bai-k deituta Ataungo Joxemiel Barandiaran herri ikastetxean egin duten eserialdia. GOIERRIKO HITZA
jon ordonez garmendia
2021eko urriaren 22a
12:38
Entzun

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du 12 urtetik beherakoek jolasgaraian maskara janzten jarraitu beharko dutela, «beste olatu bat» eragin dezakeen egoera bat delako oraingo hau. Esan du maskara ez dagoela pentsatua inor izorratzeko, baizik eta «babesteko». «Pandemiaren amaiera honetan normaltasuna mantentzen saiatzen ari gara», adierazi du.

Bilbon 2021-2024 aldirako estrategia soziosanitarioaren aurkezpenean egin dituen adierazpenetan, argudiatu du pandemiak utzi duen lezioetako bat dela birusak «bizirik irautea" bilatzen duela, eta hori herritar zaurgarrienekin lortzen duela: «Orain 12 urtetik beherako haurrak dira zaurgarrienak, ez daukagulako haiei jartzeko txertorik».

Sagarduik iradoki du, gainera, maskarak lagundu egiten diela haurrei, elkarrekin jolasteko aukera ematen dielako, distantziarik gorde behar izan gabe. Gogoratu du protokoloak ezartzen duela maskara janzteko beharra distantziarik mantendu ezin denean, eta gaur egungo egoera ez dela ona, beste olatu bat eragin dezakeelako.

Aste honetan, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailean 7.000 sinadura aurkeztu dituzte ikastetxeetan maskararen erabilera malgutzeko eskatuz. Besteak beste, eskatzen dute umeek maskara kentzeko aukera edukitzea patioan daudenean, ariketa fisikoa egiten ari direnean eta irtenaldietan.

«Azken hezkuntza protokoloaren ostean, zur eta lur gaude; ez diogu zentzurik ikusten 6-12 urte bitarteko haurrek aire zabalean maskara jantzita egon beharraren argudioari, haurrak herriko parkeetan eta plazetan maskararik gabe baitabiltza», zioten protesten deitzaileek.

Sinatzaileek argudiatu zuten agindua diskriminatzailea dela, ikastetxeetako protokoloa ez datorrelako bat ikastetxeetatik kanpo aire zabalean maskara erabiltzeko dagoen araudiarekin. Gogorarazi dutenez, «biztanleria ahularen» gehiengoa txertatuta dago egun, eta horrek modua ematen du ikasleei aplikatzen zaizkien neurriak «ahalik eta lasterren» malgutzeko.

Astelehenean, hainbat ikastetxetan eserialdiak egin zituzten haur eta gurasoek eskoletako atarietan, protesta egiteko: «Ez dugu onartzen maskararen derrigorrezko erabilera haurretan». Salatu zuten umeen beharrak ez direla aintzat hartzen: «Haien garapenari dagozkion beharrak kontuan hartu gabe hartzen dira erabakiak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.