ATHLETIC 2-1 VILA-REAL

Zuri-gorriek amestutako itzulera izan dute

Athleticek 2-1 irabazi dio Vila-reali San Mamesen. Raul Garciak sartu du lehen gola, Coquelinek berdindu du gero, eta Muniainek eman dio garaipena etxeko taldeari, penaltiz. Zazpigarren postuan dago sailkapenean

Athleticeko jokalariak, partidako lehen gola ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko urriaren 23a
23:02
Entzun

600 egun baino gehiago mugarik gabeko San Mames batean jokatu gabe, eta hiru aste pasatxo partidarik jokatu gabe. Itzulera kutsua zuen Athleticek gaur Vila-realen aurka jokatu beharreko partidak. Talde zuri-gorriak itzulera eder batekin egiten zuen amets. Bada, helburua lortu du: 2-1 irabazi dio Vila-reali Espainiako Lehen Mailako hamargarren jardunaldian. Merezitako garaipena izan da, aurkaria baino gehiago izan baita, eta aukera garbiagoak izan baititu. Garaipenari esker, jauzia eman du sailkapenean. Zazpigarren postuan dago orain, hamasei punturekin.

Partida bizi hasi da, eta Danjumak eman du lehen abisua, baina Unai Simonek ondo gelditu du baloia. Athleticek argi zuen egitekoa: aurkariari presioa egin, baloiren bat lapurtu eta bizi atera kontraerasora. Modu horretara izan dute zuri-gorriek lehen aukera, oso garbia, Williamsek langara bota baitu baloia. 11. minutua zen. Hiru minutu eskas geroago lortu dute helburua etxekoek. Raul Garciak bikain amaitu du taldeko jokaldi ederra.

Golak San Mames eta Athletic hauspotu ditu, eta hurrengo minutuetan zuri-gorriek bigarren gola sartzeko aukerak izan dituzte. Iñigo Martinezek izan du garbiena, baina Rullik haren burukada gelditu du. Jota zirudien Vila-realek. Baina gutxien espero zenean, gola sartu dute bisitariek. Danjumak urrutitik egindako pasea jaso du, eta atzera pasatu du baloia, Coquelinek erremata dezan. Iñigo Martinezengan jo eta gero, baloia sareetara joan da. VAR-ak jokaldia aztertu du, Danjuma jokoz kanpo zegoelakoan, baina azkenean, ontzat eman du gola. Bana. Ezer gutxirekin asko lortu du Vila-real.

Bigarren zatiaren hasieran erritmoak behera egin du, eta horrek mesede egin dio Vila-reali. 56. minutuan, Danjumak estu hartu du zuri-gorrien defentsa, baina Unai Simon seguru aritu da. Ezer gutxi pasatzen ari zen zelaian, baina halako batean Alberto Morenok penaltia egin dio Vencedorri. Epaileak ez du ikusi, baina VAR-a ikusi ondoren, penaltia adierazi du. Muniainek ez du huts egin, eta 2-1ekoa sartu du. 75. minutua zen.

Ordu laurden falta zen. Berenguerrek bere oinetan izan du partida erabakita uztea, baina huts egin du epaileak 81. minutuan adierazitako penaltia: Rullik gelditu dio. Zorionez, akats horrek ez du ondoriorik izan, eta hiru puntuak San Mamesen geratu dira, estadioan zeuden 38.000 ikusle pasatxoren gozamenerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.