Albistea entzun

Bi Tarte

101 km

 
Malen Amenabar Larrañaga Tamaina handiagoan ikusi

Ane Labaka Mayoz, Malen Amenabar Larrañaga - Txakur gorria -

2021eko urriak 24 09:17

Araiara iritsi ginenerako hamar bat ordu zeramatzaten jada arnas estuen erritmoari eusteko ahaleginean. Kopeta-argi eta guzti abiatu ziren Murgiatik gauerdian, eta erlojuko orratzen mende zebiltzan ordutik, atsedenerako tarterik gabe, malda pikoenetan oinez eta ordeka guneak nahiz beheranzko zidorrak korrika egiteko baliatuz. Guk, bien bitartean, egin genuen lo ahalik eta gozoen nork bere ohean, erre genuen mihia presaren presaz motxila prestatu bitartean gosaritarako infusioari hurrupaka ari ginela, igo ginen lagunen autora oraindik begiak guztiz zabaltzeke genituela, gosaldu genuen bigarrenez errepide ertzeko gasolindegi batean, topatu genuen hasiera puntua eta ekin genion pixkanaka gorantz.

Zoragarri zegoen Aizkorri puntarako bidea. Zuhaitz adarrak biluzten hasiak ziren, eta hezetasun usaina barrentzen zitzaigun sudur-mintzetan. Orbelak udazkena doinutzen zuen gure zola azpietan.

Aratz lanbropean ezkutatuta zegoen gu ondotik igaro ginenean. Beste alderantz begiratuta, aldiz, hodeiak ikus zitezkeen zeruan etzan-jolasean, aldika urdin eta aldika laino, eta, beherago, Urbiako fonda. Handik aurrerakoa lurrera begira egin behar izan genuen, gu baino lehen beste hainbestek higatu zituzten harri labainkorrenei izkin egin nahian.

Beti pentsatu izan dut mendian goazela sortzen zaizkigula maiz elkarrizketarik sakonenak. Bestela iristen ez garen lekuetara irits gaitezkeela halakoetan, bai geure buruarekin ari garenean, bai eta beste norbaiten konpainian ere. Mendia arnasa da niretzat, patxada; gazta eta txokolate beltza konbinatzea behin gailurrera heldu eta pareko mendiak zein diren asmatu bitartean.

Horrexegatik begiratzen nien harriduraz aldapan gora izerdi eta lerde jario zetozen haiei. Zangoetako zainak puztu-puztu eginda, norbere gorputzaren aurkako deman ari zirenei. Hiru Haundiak lasterketaren XXII. edizioa zen, eta partaideek hogeita lau ordu zituzten, gehienera jota, 10.125 metroko desnibela zuen 101 kilometroko ibilbidea osatzeko. Helmugara iristea lortu zuten askok datorren urteko Ehunmilak proba omen zuten buruan.

Baliteke proiektuz proiektu bizi garenak ere mendi korrikalariak bezain asegaitzak izatea. Egia baita gure bizitzako ultra trailetan ere tontor bat zapaldu orduko —edo are, zapaldu baino lehentxeago— hasi ohi garela, ezinbestean, hurrengo tontorrarekin amesten eta, akaso, hobe genukeela —adizki pluralak darabiltzadanean neure buruari ari naiz beste inori baino gehiago— gailurra egin ondoren tarte bat hartu ahal izatea bertan lasai eseri eta egindakoaz gozatzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.