Sudan

Militarrek estatu kolpea eman dute Sudanen, eta gobernua desegin

Armadak atxilo hartu du lehen ministroa, eta bakea «arriskuan» jartzea egotzi dio trantsizio gobernuari. Armadaburuak iragarri du «gobernu teknokrata bat» osatuko dutela datorren hilabetean

Oposiioak deitutako protestak joan dn astean, hauteskundeak egin eta boterea gobernu zibil baten esku uzteko eskatuz. MOHAMMED ABU OBAID, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko urriaren 25a
09:32
Entzun

Kaleak hartu eta iraultza defendatzeko deia egin die gaur goizean Sudango lehen ministro Abdalla Hamdokek herritarrei, militarrek hura atzeman eta eraman baino minutu batzuk lehenago. Izan ere, estatuaren kontrola hartu du militar talde batek, eta, gobernuburua ez ezik, beste hainbat ministro ere atzeman dituzte kolpea ez babesteagatik: tartean, Industria ministroa eta Khartum hiriburuko gobernadorea. Hasieran guztiak etxeko atxiloaldian ezarri dituzten arren, goiz erdian beste toki batera lekualdatu dituzte, non zeuden argitu gabe. Informazio Ministerioak zabaldutako datuen arabera, goizaldean joan dira militarrak Hamdoken etxera —ordurako, atxilotuak zituzten gobernuko hainbat kide—, eta eskatu diote plazaratu zezala komunikatu bat estatu kolpea babesteko. Hark, baina, uko egin dio, eta eraman egin dute.

Militarrek herrialdearen kontrola hartu eta ordu gutxira, ordura arte Trantsiziorako Kontseilu Subiranoko buru izandako Abdel Fatah al-Burhan buruzagi militarrak iragarri du desegin egingo dituztela trantsizio gobernua eta kontseilu subiranoa. Baina berretsi du lanean jarraituko dutela hauteskundeak egin eta boterea exekutibo zibil baten esku utzi ahal izateko. Horiek, baina, 2023ko uztailean egingo lirateke, bi urte barru. Aldi berean, iragarri du larrialdi egoera ezarri dutela herrialde osoan, «militarrek herrialdea babestu» behar dutelako.

Al-Burhanek «beharrezkotzat» jo du estatu kolpea, argudiatuz ordezkari zibilen eta militarren arteko trantsizio gobernuan piztutako krisiek «arriskuan» jarri dituztela bakea eta segurtasuna. Horrez gain, jakinarazi du «gobernu teknokrata bat» osatuko dutela, baita Auzitegi Konstituziogile bat eta Kontseilu Legegile bat ere, azaroan. Aldiz, bertan behera geratu da Omar al-Baxir presidente ohiaren aurkako ustelkeria ikerketa.

Gatazka okertu egin zen joan den astean, disidenteen koalizioak deitutako protestekin. Milaka lagunek Khartumgo Justizia Jauregia inguratu zuten hainbat egunez, trantsizio gobernuak dimititzeko eta hauteskundeak egiteko eskatuz. Hala, protestak isiltzeko asmoz, Al-Burhanekin eta AEBetako Afrikarako ordezkari berezi Jeffrey Feltmanekin bildu zen Sudango gobernuburua herenegun, hauteskundeetarako eguna zehazteko asmoz. Hamdokek berak ohartarazia zuen aurretik kolokan egon zitekeela trantsizio gobernua. Aurrez ere estatu kolpe saio bati egin behar izan zion aurre gobernuak, eta orduz geroztik gobernuko kide zibilek eta militarrek elkarri egozten zioten krisiaren erantzukizuna.

Hango komunikabideek zabaldu dutenez, militarrek itxi egin dituzte hiribururako sarrera-irteera guztiak, eta telebista publikoa soilik ereserki nazionala eta Nilo ibaiaren irudiak emititzen aritu da gaurko egun osoan. Lekukoek Reuters agentziari azaldu diotenez, militarrak ez ezik paramilitarrak ere badabiltza Khartumgo kaleetan, eta manifestariak protestara irten dira hainbat gunetan, bandera nazionalak eskuetan eta gurpilekin errepideak oztopatuz. Khartumgo aireportua ere itxi egin dute, eta bertan behera utzi dituzte nazioarteko hegaldi guztiak. Interneterako sarbidea eta telefono bidezko komunikazioak ere etenda daude.

Bien bitartean, protestak gogortu egin dira hiriburuan, eta gutxienez 25 lagun artatu behar izan dituzte Khartumgo erietxean zauriengatik —zenbait iturriren arabera, soldaduek tiro egin diete manifestariei—; hiru hildakoren berri ere eman dute osasun zerbitzuek. Ospitaleko iturriek salatu dute militarren tiro hotsak entzun direla arratsaldean erietxe inguruetan. Sudango Medikuen Batzordeak Facebook sare sozialean argitaratutako informazioaren arabera, milaka lagun elkartu dira Khartumen lehen ministroari elkartasuna helarazi eta estatu kolpea salatzeko.

Kalera irteteko deia

Orain arte trantsizio gobernuko kide izan den Askatasunaren eta Aldaketaren Aldeko Indarrak koalizioak protestarako deia egin die herritarrei. Estatu kolpearen ondoren oposizioa bilakatu den aliantzak militarrei eskatu die boterea uzteko, eta hauteskundeetara deitzeko: «Al-Burhan presidenteak trantsizio gobernua osatu aurreko egoerara eraman du herrialdea. Konpondu ezinezko akatsa egin du, eta horrek historiaren zabortegira eramango ditu bera eta bere babesleak». Aliantzarekin bat egin dute hainbat sindikatuk ere, eta greba mugagabera deitu dute aginte zibila berrezarri artean.

Elkarrizketara itzultzeko deia egin die Arabiar Ligako idazkari nagusi Ahmed Abul Gheitek bi aldeei, nabarmenduta ez dagoela gatazkarik hitz eginez konpon ezin daitekeenik. «Garrantzitsua da aurrez hartutako erabaki oro errespetatzea, trantsizio garaia eta herrialdearen egonkortasuna kolokan jar ditzaketen urratsak egitea baztertuta», esan du 22 estatuk osatzen duten erakundeko buruak. Sudango gertakarien inguruko kezka agertu du Afrikako Batasunak ere, eta elkarrizketa mahaira itzultzeko eskatu die bi aldeei Moussa Faki Mahamat erakundeko idazkari nagusiak.

Bide beretik jo du NBE Nazio Batuen Erakundeak ere, eta Sudanerako ordezkari berezi Volker Perthesek onartezintzat jo du militarrek emandako pausoa, eta atxilotutako hautetsiak «berehala» aske uzteko eskatu die militarrei. Berdin egin du erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek ere, Twitter sare sozialean zabaldutako mezu batean: «Konstituzioarekiko errespetuz jokatu behar da, horren gogor lan egin ostean lortutako trantsiziorako akordioak beteko badira».

Washingtongo ordezkari bereziak ohartarazi dio Khartumi trantsizio gobernuan indarrez egiten den edozein aldaketak kolokan jar dezakeela AEBek herrialdeari ematen dion laguntza. AEBak dira Sudani laguntza ekonomiko handiena ematen dieten herrialdea —377 milioi dolar iazko urritik—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.