«Justizia eta ordaina» eskatu dituzte Elhadji Ndiayerentzat, haren heriotzaren bosgarren urteurrenean

Africa United elkarteak salatu du Espainiako Poliziak «auzia estali» nahi duela, eta informazioa eskatu dute epaitegietan zabalik diren prozesuez

jarraia205016.jpg
Ion Orzaiz.
2021eko urriaren 25a
13:09
Entzun

«Atzo Elhadji izan zen; bihar zu izan zaitezke». Bost urte bete dira gaur Espainiako Poliziak Elhadji Ndiaye senegaldarra Iruñean identifikatu eta atxiki zuenetik. Lekukoek grabatutako bideoek frogatzen dutenez, zenbait poliziaren artean bortizki atzeman eta lurrean immobilizatu zuten hainbat minutuz, eta arrastaka eraman zuten gero. Handik ordubetera, hilik zen General Chinchilla kaleko komisarian. Auzi medikuak biharamunean emaniko txostenaren arabera, «indarkeria zantzurik gabe» hil zen, «kausa naturalengatik».

Ikusi gehiago:«Espainiak ez du gurekin hitz egin, eta Elhadjik zuen diru apurra ere ez digute itzuli»

Bosgarren urteurrenaren karira, agerraldia egin dute Africa United elkarteko kideek, Ndiaye atxilotu zuten toki berean: Marzelo Zelaieta kaleko 76. zenbakiaren parean. «Ez dugu inoiz sinetsi bertsio ofiziala», esan du elkarteko bozeramaile Modou Faye Beltxa-k: «Atxiloketaren hainbat xehetasun ilunpean dira oraindik: zergatik atxilotu zuten? Nola hil zen, kasualitatez, Poliziaren esku zegoela? Bestalde, atxiloketan parte hartu zuten poliziei ez diete zigorrik jarri».

Fayeren ustez, Espainiako Estatuak «isiltasun errezel batez» estali nahi izan du auzia: «Krimen hau isilarazi nahi dute, baina Africa Unitedek ez du halakorik onartuko. Justizia eta ordaina exijitzen ditugu. Ez diegu amore emanen xantaiei, ezta bidean jartzen dizkiguten trabei ere».

Irregulartasunak prozesuan

Africa Unitedeko buruak jakinarazi duenez, Ndiayeren familiako kide batek salaketa jarri zuen Espainiako Poliziaren aurka, eta, horren ostean, «negoziazio bat» abiatu zen, familiari ustezko kalte ordain bat pagatzeko. Prozesua, baina, etenda dago, eta aldeek ez dute informaziorik jaso: «Jakin nahi dugu zertan den negoziazio hori, eta zergatik ez zaion informaziorik eman Elhadjiren emazteari. Uneotan, Elhadjiren alargunak eta seme-alabek ez dakite deus ere, ez dute dirurik boligrafo bat erosteko ere». Hori dela eta, aldarri bikoitza egin du Iruñeko afrikarren elkarteak: «Alde batetik, egin dadila justizia eta argitu dadila auzia», eta, bestetik, «familia horri eman diezaiotela kalte ordain bat behingoz, eragindako kalte pertsonal itzelagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.