Klima larrialdia

Berotegi gasen kontzentrazioa orain arteko handiena izan zen 2020an

Estatuek «oso urrun» dute Parisko Itunean jasotako helburuak betetzea, Petteri Taalas Meteorologiaren Munduko Erakundeko idazkari nagusiak ohartarazi duenez.

Manifestazio bat, Genevan (Suitza), agintariei klima larrialdiari aurre egiteko neurri gehiago eskatzeko, joan den ostiralean. SALVATORE DI NOLFI, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 25a
13:40
Entzun

«Mezu zientifiko irmoa» igorri die MME Metereologiaren Munduko Erakundearen azken txostenak COP26 goi bileran elkartzekoak diren estatu agintariei, Petteri Taalas MMEko buruaren esanetan. «Berotegi gasen egungo erritmoan jarraituz gero, tenperaturaren hazkundeak alde handiz gaindituko du Parisko Itunean mende amaierarako jasotako helburua». Ituna sinatu zuten herrialdeek konpromisoa hartu zuten ahalegina egingo zutela Lurra 1,5 gradu baino gutxiago berotu dadin XXI. mendea amaitzerako, eta beharrezko neurriak hartuko zituztela bi gradutik gora berotu ez dadin. Helburu hori lortzeko bidetik «oso urruti» daude estatu sinatzaileak. Horren erakusgarri, berotegi gasen efektua inoiz erregistratutako handiena izan zen 2020an, COVID-19aren pandemiak jarduera ekonomikoa moteltzera behartu zuen arren.

Txostenean jasotzen dutenez, karbono dioxidoaren kontzentrazioa 413,2 ppm-koa izan zen iaz; hau da, milioiko 413,2 zatikoa. Horrek esan nahi du %149 hazi dela industrializazio garaiaren aurretik atmosferan zuen kontzentrazioarekin alderatuta —1750. urtea hartu ohi da erreferentzia gisa—. Hazkunde handiagoa izan du metanoak, %262koa. Oxido nitrosoaren kontzentrazioa, berriz, %123 handitu da.

2019tik 2020ra izan zen hazkundea 2018tik 2019ra izan zena baino zerbait txikiagoa izan zen arren, gainditu egin zuen azken hamarkadan izan den urte arteko aldearen batezbestekoa. Gorakada ez da eten. Aurten ere hazten ari da berotegi gasen kontzentrazioa, MMEko datuen arabera.

Berotegi gasen artean, karbono dioxidoak du eraginik handiena klimaren berotzean: %66. Hura da atmosferako berotegi gasetan ugariena, eta airean luze irautea da haren bereizgarrietako bat. Hori dela eta, Lurraren egungo tenperatura ez litzateke berehala hozten hasiko berotegi gasen isuriak kolpetik etengo balira ere. Dozenaka urte beharko lirateke horretarako.

«Lurrean antzeko karbono dioxido kontzentrazio bat izan zen azken aldia duela hiru eta bost milioi urte artean izan zen. Garai hartan, tenperatura bi-hiru gradu beroagoa zen, eta itsasoaren maila, hamar eta hogei metro garaiagoa, baina orduan ez zeuden 7.800 milioi pertsona planetan», azaldu du Taalasek.

MMEko idazkari nagusiak nabarmendu du txostenean argitaratutakoak ez direla datu soilak. «Gizakiaren ongizateari eta gure planetaren eta gure seme-alaben eta biloben etorkizunari lehen mailako ondorio kaltegarriak eragingo dizkio».

Hori dela eta, espero du estatuetako agintariek orain arteko konpromisoak era «ikusgarrian» handitzea COP26 goi bileran. «Gure industria, garraio eta energia sistemak eraldatu behar ditugu. Gure bizimodu osoa. Aldaketak lortzeko modukoak dira ekonomiaren eta teknikaren ikuspuntutik. Ezin dugu denbora gehiago galdu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.