Lan erreforma

Lan erreformarekin zer egin nahi duen «argitzeko» eskatu dio Diazek Espainiako Gobernuari

Kontraesanezko adierazpenak egitea egotzi dio, eta onartu du gobernu koalizioa «une korapilatsu» batean dagoela

Lavandeira Jr. / EFE. YOLANDA DIAZ ESPAINIAKO LAN MINISTROA.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko urriaren 25a
13:44
Entzun

Lan erreformaren inguruko eztabaida azalera ekartzen ari da Espainiako Gobernuko koalizioan dauden tirabirak. Ingurumari horretan, Yolanda Diaz Espainiako lan ministroak «argitzeko» eskatu dio PSOEri, eta azal dezala zein den bere benetako asmoa. Izan ere, Diazen ustez, PSOEko Gobernuko arduradunak «adierazpen ezberdinak» egiten ari dira auziaren inguruan. Era berean, kritikatu du «gobernuaren zati bat», PSOErena alegia, oraindik erreformaren osagaiak eztabaidatzen ari dela.

PSOE eta Unidas Podemosen arteko harremana ez dago bere garairik onenenean. Diazek onartu du «une korapilatsu» batean dagoela, baina hori konpontzeko izendaturiko negoziatzaileei lan egiten utzi behar zaiela. Lan erreformaren inguruko talka da harreman hori gaiztotzen ari diren arrazoietako bat. Orain arte, Diaz izan da gobernuaren ordezkaria sindikatu eta enpresariekin eginiko bileretan, eta gobernuak erabaki du Nadia Calviño Ekonomia ministroak ere parte hartzea. Podemosek «esku hartze» hori salatu zuen iragan astean.

Diazen ustez, dena den, badago bat eginda jarraitzeko aukera, gobernu akordioa ez delako alderdien arteko lotura bakarra; besteak beste, bat baitatoz PPk bere garaian lan harremanetarako ezarritako ereduak ez duela balio «une honetarako» . Alde horretatik, gogor kritikatu du PP sustatzen ari den erreformaren inguruko «ikuspegi apokaliptikoa».

Diazek, horrela, haserre hitzekin erantzun dio Cuca Gamarra PPko bozeramaileari. Hark esan du lan erreforma egiten bada Europako Funtsak kolokan egon daitezkeela; Diazek, aldiz, ukatu egin du hori: «Europak ez digu halakorik esan, eta, Alderdi Popularrak aurkakoa esan arren, Espainia ez dago ekonomikoki porrot eginda».

Kontraesanezko adierazpenak egitea egotzi dio, eta gobernu koalizioa «une korapilatsu» batean dagoela onartu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.