Koronabirusa

Tolosan 2022an inauteriak egingo direla esan du alkateak

Eragileekin bilduko dira datorren astean, eta orduan erabakiko dute nolakoak izango diren mozorro jaiak.

Aurtengo otsailaren 15a, Astelenita eguna, Tolosako ez-inauterietan. Plaza Zaharra, hutsik.. MAIALEN ANDRES / FOKU
2021eko urriaren 25a
16:20
Entzun

Oraindik ez dakite nolakoak izango diren, baina ziurtzat eman dute 2022an inauteri jaiak ospatuko dituela Tolosak (Gipuzkoa). Gaur agertu dira prentsaurrean hiriko alkate Olatz Peon eta azoketako zinegotzi Nerea Letamendia. Udalak datorren astean hasi nahi du bilerak inauteriak antolatzen parte hartzen duten eragileekin, nolakoa izango diren irudikatzen hasteko. «Zaila da une honetan ohiko inauterietan pentsatzea, baina eragileekin hasiko gara biltzen, eta denon artean erabakiko dugu», esan du Peonek. «Ez dut aurreikusten inauteririk gabeko beste urte bat».

Iaz bertan behera utzi behar izan zituzten inauteriak, izurriaren kontrako neurriek behartuta. 2020an egin zituzten jaiak, baina gutxigatik, larrialdi neurriak pare bat aste geroago sartu baitzituzten indarrean.

2020ko inauteriak pandemiak eztanda egin baino aste pare bat lehenago ospatu ziren, baina iaz bertan behera geratu ziren.

Datorren urteko egutegiaren arabera, otsailaren 24ean egingo litzateke ostegun gizena. Inauteriak orduan hasiko lirateke Tolosan, eta martxoaren 1era arte ospatuko lirateke.

Hiriko ekitaldi agenda normaltasunera itzultzen ari dela nabarmendu dute Peonek eta Letamendiak. Dagoeneko berreskuratu du Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa, eta Gabonak antolatzeko bilerak egin zituzten joan zen astean.

Alkateak agindu du inauteriez gain Babarrunaren azoka eta Gabonetakoa egingo direla. Edonola ere, «bereziak» izango direla ohartarazi du, eta urratsak pixkanaka egingo dituztela, «birusa oraindik ez baita desagertu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.