Ikus-entzunezkoak

ERC: aurrekonturik ez, ez bada ikus-entzunezkoetan %7,5 bermatzen hizkuntza gutxituentzat

Esquerrak ohartarazpena bidali dio Espainiako Gobernuari, eta ostiralera arteko epea eman dio gaztelera ez diren hizkuntzentzako kuota ezartzeko Ikus-entzunezkoen Legean.

ERCko eledun Marta Vilalta. TONI ALBIR / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 25a
17:52
Entzun

Ikus-entzunezkoen Legearen inguruko ika-mikan beste atal bat estreinatu dute gaur: ERC alderdiak ostiralera arte eman dio Espainiako Gobernuari bermatzeko nazioarteko plataformei ezarriko dion kuotan derrigorrez aintzat hartuko direla katalana, euskara eta galiziera. Hori bermatzen ez badu, aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuko die.

Esquerrako eledun Marta Vilaltak egin du iragarpena, gaur, prentsaurreko batean. Esan duenez, katalana babestea «harri handi bat da bidean» aurrekontuak negoziatzeko orduan.

Hautsak harrotu zituen irailean Espainiako Gobernua prestatzen ari den ikus-entzunezkoaren legearen egitasmoak. Lege asmoa zabaldu zen, eta, horren testuaren arabera, Europako film, telesail eta dokumentalen «gutxienez %50» gorde beharko dira «Espainiako Estatuaren hizkuntza ofizialean edo autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetakoren batean dauden lanetarako». Testuak ez du zehazten, beraz, zer kuota izango duten gaztelera ez diren hizkuntzek, eta, hortaz, kuota horretatik dena gazteleraz plazaratzea erabaki dezakete Netflix, HBO, Amazon eta bestelako plataformek, nahi izanez gero.

Vilaltak ohartarazi du osoko zuzenketa idatzita daukatela, eta, beraz, azken unean har dezaketela aurkezteko erabakia. Hizkuntzaren gaian konponduz gero, ez da osoko zuzenketarik egongo, baina gero, negoziazioaren bigarren fasean, beste gai batzuk jarriko lituzke ERCk mahaiaren gainean: esaterako, aldirietako trenen eskuduntza Kataluniari ematea.

«Badakite negoziazioa zabaltzeko aurreko itunak bete behar direla, eta katalana babestu behar dela Espainiako Estatuko ikus-entzunekoen legean. Orain, haien esku dago atea irekitzea edo ixtea».

Euskararen kuota, airean

Legean hizkuntza guztiak berdin tratatzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritza Madrili irailean. EH Bilduko Mertxe Aizpuruak adierazi zuen testua onartezina dela dagoen moduan. Testuan, aukera ematen diete plataformei gazteleraren eta beste hizkuntza ofizialen artean aukeratzeko, «eta argi dago zein aukeratuko duten», esan du. «Diskriminazio argia da».

ERCk gaur plazaraturiko eskaera onartzen bada ere, horrek ez luke bermatuko plataformek euskarazko edukiak sareratzea. Izan ere, legeak ezar zezakeen katalanek eskaturiko %7,5a gaztelera ez diren hizkuntza koofizialentzat, baina ez bada zehazten horretako zer kuota finkatzen den bakoitzeko, plataformek aukera dezakete bakarrik katalanezko edukiak ekoiztea, hiruretatik hiztun gehiago dituen hizkuntza lehenetsita.

Euskal Herrian hainbat egitasmo sortu dira azken hilabeteotan euskarak ikus-entzunezkoetan duen egoera aldatzeko. Izan ere, streaming plataformak zabaldu ahala, euskaraz ikus daitezkeen edukien proportzioa izugarri txikitu da. Pantailak Euskaraz mugimendua sortu dute zenbait eragilek, ikus-entzunezkoetan euskarak duen presentzia txikiarekin arduratuta. Horretan ari dira Netflix Euskaraz herritar taldea, Disney Plus Euskaraz herritar taldea, Tinko euskara elkartea eta Bieuse bikoizle euskaldunen elkartea, esaterako. Berriki sortutako Zinema Euskaraz herritar taldeak ere bat egin du haiekin.

Nazioarteko plataformei gaztelerarentzat kuotak ezartzea eta beste hizkuntzentzat berdin ez egitea eskema «etnozida» bat dela esan zion BERRIAri Enric Marin adituak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.