Donostiako metroko lanetan segurtasuna bermatzeko eskatu du ELAk

Eusko Legebiltzarrean izan da gaur sindikatua, ETS Eusko Trenbide Sareak «lan eta segurtasun arloko arauak behin eta berriz urratzen» dituela salatzeko.

Metroaren obretako lan baldintzak salatzeko protesta bat, 2019koa. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2021eko urriaren 26a
16:54
Entzun

ELA sindikatuko Lan Osasun eta Eraikuntza arloko ordezkariak Eusko Legebiltzarrean izan dira gaur. Garraio, Mugikortasun eta Etxebizitza Batzordean agerraldia egin dute, eta obra publikoetan segurtasuna berma dadila eskatu dute, besteak beste, Donostiako metroarenetan. ELA sindikatuaren ustez, ETS Eusko Trenbide Sareak «behin eta berriz» urratzen ditu lan eta segurtasun arloko arauak, eta «ordezkari politikoei» eskatu diete neurriak har ditzatela obra publikoan, lan osasuneko arauak betetzeko.

Ez da ELAk halako salaketa bat egiten duen lehen aldia. Izan ere, sindikatuak oroitu du hamalau salaketa eginak dituela Lan Ikuskaritzan, eta beste hainbat erreklamazio lan auzitegian. Arrazoiak, «abusuzko eta legez kanpoko lanaldiak, lan baldintza prekario eta iruzurrezkoak, lan istripuak, eta prebentzio, segurtasun nahiz lan osasuneko arauak bete ez izana», ELAren arabera.

Sindikatuak ohartarazi du haren aldekoak izan direla orain arteko ebazpen guztiak: «Agerian geratu da obra publikoan baldintza penagarriak direla nagusi». Horien adibide jarri dute, adibidez, Donostiako Zubietako kalean agertu zen zuloa: «Oso larria izanagatik ere, enpresak ez zuen ikertu zuloa eragin zuten iragazpenen jatorria, ezta agintariei berri eman ere; areago, ez zuen prebentzio neurririk hartu tuneletan lanean ari zen jendearen segurtasuna bermatzeko». ELAk uste du aurrerantzean ere izango direla halakoak, «neurriak hartu ezean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.